Haritz LARRAÑAGA
ZARAUTZ

Pauline Ado eta Vicente Romero, txapeldun Zarautzen

Metro erdiko olatu narrasak izan arren, goi mailako surfa izan da nagusi gaur goizean Pro Zarautz Cabreiroá txapelketan. Ikusle asko bertaratu da hondartzara ikuskizunaz gozatu eta lehiakideei animoak ematera.

Pauline Ado hendaiarra, finala irabazi ostean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Pauline Ado hendaiarra, finala irabazi ostean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Nesken kategorian bi euskal hiritar izan dira buruz-buru finalean, Leticia Canales bilbotarra eta Pauline Ado hendaiarra. Finalak 35 minutu iraun ditu eta ia denbora amaitu arte Leticia Canales nagusitu da. Ordea, bi minutu falta zirenean, Pauline Adok eskuin olatu bat hartu du eta egoera guztiz aldatu da. Behar zituen puntuak eskuratuta, hirugarren aldiz (2016 eta 2018an) irabazi ditu hendaiarrak Zarauzko txapelketak eskaintzen dituen 1.500 puntuak.

Mutilen kategorian Maxime Huscenot frantsesa eta Vicente Romero kanariarra izan dira finalean. Azken hau sarri aritzen da Euskal Herrian surf egiten, ondorioz, ikusleen txalo gehiago jasotzen zituen olatuak amaitzean. Romerok irabazi du aurtengo txapela Zarautzen, eta pozarren zen. «Txiki-surf txapelketan lehiatzen hasi nintzen hondartza berean irabazi dut, beraz irabaz nezakeen leku hoberena da», azaldu du txapeldunak.

Gaur bertan egingo dute sari banaketa. Alta, igande arratsaldera arte luzatuko da txapelketako egitarau zabala.