Amalur ARTOLA

Chihiro Yamanaka: «Jazza da musika ororen erroa»

Japoniako jazz garaikidea leku berezia izaten ari da 54. Jazzaldian. Herrialde asiarretik etorritako bost talde eta bakarlarik 12 kontzertu emango dituzte orotara. Gaur, prentsaren aurrean azaldu dituzte euren sentipenak.

Jazzlari japoniarrak, gaur, Donostian. (Jon URB/FOKU)
Jazzlari japoniarrak, gaur, Donostian. (Jon URB/FOKU)

Japoniako bost bakarlari eta talde hartuko ditu aurten Donostiako Jazzaldiak, herrialde asiarrari eskainitako ziklo bereziaren barnean. Gaur, oholtzatik jaitsi eta prentsarekin solasean aritu dira horietako zenbait.

Chihiro Yamanaka, bozeramaile papera hartuta, izan da denetan hiztunena. Gaztea bada ere, hogei urte daramatza Yamanakak oholtza gainean eta Japoniako jazzaren funtsezko ikur bilakatu da. Pianoa lagun duela, gaur eta igandean Victoria Eugenian (Skoda gunea, 17.30) eta bihar Frigo gunean (22.15) ariko da.

«Jazza arrakasta handiko musika da Japonian. AEBekin harreman handia daukagula esango nuke, adibidez, asko baitira bertara ikastera joaten diren gazteak. Eta jazza, nire ustez, musika ororen erroa da», esan du.

«Jazza eta bluesa ulertzeko ez dago hizkuntzik jakin beharrik, hori da duten bertute handienetako bat», gaineratu du, bere aldetik, Reik. Blues-pop japoniarraren izar berrienetakoa da Rei, abeslaria baina, batez ere, gitarra-jolea.

Bere japoniar sustraiak jazza eta bluesarekin uztartu zalea dela esan du Reik, baina lotura hori ez da hausnarketa sakon baten ondorio: «Naturalki irteten zaidan zerbait da, eta kontzertuz kontzertu frogatu ahal izan dut publikoak ez duela beti berdin erantzuten. Jazza asko eralda daiteke. Nire kasuan, blues amerikarrean oinarritzen naiz gehiago», azaldu du. Gaur, 22.15ean izango da Rei zuzenean ikusteko aukera, Heineken Terrazan.

Reiren adierazpenei lotuta, bere aldetik, «jazzak ez du zerikurisik jatorriarekin, alde banatatik doaz biak», gaineratu du Yuki Arimasak. Ryo Ogihararekin batera, piano eta gitarra bikotea osatzen du Yukik eta bihar eta etzi izango da euren proposamena entzuteko aukera, Frigo gunean (bihar, 19.45) eta Heineken Terrazan (igandean, 21.30).

Emakumezko jazzlari japoniarrak

Zikloan parte hartuko duten bost jazzlari japoniarretatik hiru emakumezkoak dira. Horri lotuta, Jazzaldiko zuzendari Miguel Martin jazzak Japonian duen arrakastaz jardun da. «Urteak daramatzagu ziklo hau osatu nahian, jazzaren iturburua New Orleansen badago ere gaur egun unibertsala baita eta gure ardura bada AEBetatik urrun dauden herrialdeetan egiten dena erakustea. Japonian, ohiz kanpoko instrumentistak daude, euren kultura eta tradizioa jazzarekin biltzen dutenak», esan du.

Emakume jazzlariek duten arrakastaz Yamanaka jardun da. «Egia da talentu asko dagoela, baina bultzatu egin behar da», esan du, eta, tradizioak eramanda, emakumeak batez ere piano-jole bezala aritzen direla aipatu du. «Jazzean, emakumezko piano-jole on asko ditugu, baina badaude, Rei bezala, bestelako bideak hartzen dituztenak ere».

Zikloaren egitarau osoa, Jazzaldiaren webgunean kontsulta daiteke.