naiz
Zaldibar

Zaldibarko zabortegiaren inguruko ur eta airean osasun kalterik ez dagoela baieztatu du Lakuak

Zaldibarko zabortegiko luizitik hurbilen dauden herrietako kontsumoko uraren eta airearen laginetan egindako analisiek «osasun arriskurik ez dagoela» adierazi dute, Lakuaren arabera. Ohar baten bidez adierazi dutenez, «jarraipen zorrotza» egiten ari dira, eta «etengabe» hartzen ditu laginak ur sareetan eta «etengabe» zaintzen du airearen kalitatea.

Zaldibarko zabortegiko lanak. (Raul BOGAJO / FOKU)
Zaldibarko zabortegiko lanak. (Raul BOGAJO / FOKU)

Lakuako Osasun sailak egoerari buruz egin duen azken txostenaren arabera, Zaldibarko, Eibarko eta Ermuako bizilagunek «segurtasun osoz» kontsumitu dezakete iturriko ura. «Zaldibarri Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko saretik hornitzen zaio ura, eta ez da inolako gorabeherarik hauteman. Eibarri eta Ermuari, berriz, Aixolako urtegitik hornitzen zaie ura, eta zabortegitik gertuago dago baina beste isurialde batean», azaldu dute. Era berean, egin diren kontroletan eta hornikuntza sareko sarrerako deposituan hartutako laginean «ez dela inolako gorabeherarik hauteman» azpimarratu dute.

Airearen kalitateari dagokionez, «etengabe» ari dira laginketak egiten, eta emaitzek erakusten duten konposatu organikoen profila azken urteotan hiri inguruneetan lortutakoaren «oso antzekoa» dela adierazi du Lakuak. «Hala eta guztiz ere, teknikariek aitortzen dute konposatu horien nahasketak eragindako usain txarra gogaikarria izan daitekeela», gaineratu du Osasun sailak.

Bestetik, amiantoari dagokionez ere, analisiek negatibo eman dutela nabarmendu dute eta ez dela substantzia horren zuntzik hauteman. Datozen egunotan ere laginketekin jarraituko dela iragarri dute eta egunean bi lagin hartuko dira.