NAIZ
DONOSTIA

Itxaro Borda, Bruselako Liburu Azokako gonbidatua

Idazle eta itzultzaile baionarra gonbidatu dute euskal ordezkari gisa Bruselako Liburu Azokaren aurtengo edizioan; ostegun honetan hasi eta igandea bitartean ospatuko da. Itxaro Bordak lehen egunean parte hartuko du, Etxepare Institutuak jakinarazi duenez.

Itxaro borda idazlea, Baionan. (Guillaume FAUVEAU I FOKU)
Itxaro borda idazlea, Baionan. (Guillaume FAUVEAU I FOKU)

Bruselako Liburu Azokaren aurtengo edizioa ostegunetik igandera egingo da, martxoaren 5etik 8ra, eta Itxaro Borda idazle eta itzultzaile baionarra gonbidatu dute euskal ordezkari gisa. EUNIC Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalen sareak antolatutako egitarauaren parte izango da Borda, mahai inguru batean parte hartuz, Etxepare Euskal Institutuak astearte honetan jakinarazi duenez.

EUNIC sareak ordezkatutako kultur institutu nazionalek esku hartze berezia izan ohi dute Bruselako azokan, batez ere, 2016an Europar Batasuneko hizkuntza aniztasuna islatzeko asmoz sortutako espazio bati esker: Place de l'Europe. Gune horretan hizkuntza ezberdinetan jarduten duten autore, kazetari eta Europako paisaia literarioko izen esanguratsuez osatutako egitaraua egongo da aurten ere, hizkuntza aniztasuna lehen lerrora ekarriz.

Azokaren lehen egunean izango da Bordaren parte hartzea Bruselan, ostegunean. Egun horretan, itzulpengintzaren gaiaren inguruan hainbat ekintza egingo dira azokako Place de l'Europe gunean, ‘Cinquième Journée de la Traduction’ (Itzulpengintzaren bosgarren eguna) izenburupean. Itzulpengintzak kulturen arteko ulermenean duen zereginaren garrantzia azaleratzea izango da egitarauaren helburua.

Tom Nisse poeta eta itzultzaile luxenburgotarrarekin eta Agata Tomazic kazetari eta itzultzaile esloveniarrarekin partekatuko du mahaia baionarrak. Mahai inguruak ‘Traduire d'une rive à l'autre: Le modèle protéiforme de la traduction en Europe’ du izenburu, eta Europako itzulpengintza eredu ezberdinen konplexutasunaz jardungo dute hiru partaideek. Euskal idazleak, bere esperientzia profesionalari buruz mintzatzeaz gain, Maiatz argitaletxe baionarraren ordezkari gisa ere hitz egingo du ekitaldian.

Itxaro Bordaren parte hartzeaz aparte, EUNIC sareak antolatutako erakusgunean euskal literaturaren eskaintza publikoarentzat eskuragarri egongo da hizkuntza ezberdinetan.