NAIZ

Oier Oa aske utzi du frantziar Poliziak baina oraingoz ezin du Ipar Euskal Herrian bizi

Atzo atzeman zuen frantziar Poliziak Oier Oa. Komisarian gaua eman ondoren gaur eguerdian aske gelditu da. «Lurralde debekua» duenez, ezin izanen du Larresoron bizi. Martxoan audientzia izanen du Baionan.

Oier Oarekin elkartasunean Baionako Bernat Etxepare lizeoan gaur eguerdian eginiko elkarrataratzea. (Guillaume FAUVEAU)
Oier Oarekin elkartasunean Baionako Bernat Etxepare lizeoan gaur eguerdian eginiko elkarrataratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Larresoro eta Baiona artean Polizia frantsesak ezarri zuen kontrol batean geratu ostean atzeman zuten, atzo, azaroaren 25ean, Oier Oa donostiarra. Gaur ostegunean, eguerdian, gelditu da aske.

2015eko uztailean aske geratu zenetik Larresoron bizi da bere emazte eta hiru semeekin eta Baionako Bernat Etxepare lizeoan lan egiten du hezitzaile moduan.

Hain zuzen gaur, azaroak 26an, 13.30ean, elkarretaratzea egin dute lizeoaren sarreran atxiloketa salatzeko.

Anartean, Xalbador kolegioko lehendakariak Christian Malmosek administrazio kontseiluak agiri bat plazaratu du Oaren atxiloketa «ulertezin bezain onartezin» dela salatuz.

Euskal Herria Baik agiria zabaldu du frantses Gobernuari euskal preso ohiei ezartzen zaien «neurri gehigarriak» kentzea exijituz, eta Euskal Herria libre bizi, lan eta ibiltzeko eskubidea aldarrikatuz.

Bestalde, Jerome Bourrier prokuradoreak Kazeta.eus-i azaldu dioenez Fijait fitxategia dela-eta atzemana izan zen atzo frantziar Estatuan «lurralde debekua» duen donostiarra.

Oaren abokatua den Amaia Rekartek NAIZi azaldu dioenez, Oier Oak errespetatu behar du debeku hori, beraz, Hego Euskal Herrira behar luke itzuli, legearen arabera ezin baitu du oraingoz Larresoron bizi.

Aldez aurretiko erruduntasun errekonozimendua (CRPC frantsesez) izena duen prozeduraren arabera, 2021ko martxoaren 26an audientzia izanen du preso ohiak Baionan.

Ordurako, fiskalak proposamena eginen dio Oier Oaren defentsari preso ohiak jasoko lukeen zigorrari buruz. Donostiarrak proposamena onartuko balu, epaileak berretsiko luke erabakia eta akordioa aplikatuko litzateke. Akordioa izan ezean, epaiketa arruntari aurre egin beharko lioke preso ohiak.

Kontroletan beste hainbat atxiloketa

Azkenaldian kontrolak areagotu ditu Estatu frantsesak bai mugan bai eta errepide zein hiri nagusietan ere. Jihadismoaren mehatxuari erantzutea eta osasun protokoloa betearaztea lukete xede Prefeturak agindutako kontrol horiek.

Gauzak horrela, hainbat preso ohi kontroletan gelditu eta Oa bezala atxikoketak pairatu dituzte.

Hala gertatu zen Igor Uriarterekin, Urruñan bizi den arabarrarekin.Uriartek Gasteizera itzuli behar izan du Parisko auzitegiari lurralde debekua altxatzeko eginiko galderaren erantzunaren zain. Igor Uriarteri bere egoera administratiboa erregularizatzeko urtebeteko epea eman zion Baionako auzitegiak joan zen urriaren 8an.

Uriarterena ez da kasu bakarra. Peio Alcantarilla kontrol batean gelditu zuten joan zen azaroaren 11n lanetik bere Urruñeko etxera bueltan zihoala.

Heldu den abenduaren 14an aztertuko dute Baionako auzitegian Fijait fitxategia dela-eta zein den preso ohi irundarraren egoera.