NAIZ

Larresoroko biztanleek elkartasuna adierazi diote Oier Oari: «Gurekin behar zaitugu»

Dozenaka lagun bildu dira larunbat honetan Larresoron orain arte bertan bizi izan den Oier Oa preso ohiari elkartasuna adierazteko. Herrian nahi dutela adierazi dute elkarretaratzean parte hartu dutenek.

Larresoron izandako elkarretaratzea. (Bob EDME)
Larresoron izandako elkarretaratzea. (Bob EDME)

Elkarretaratze bat izan da larunbat honetan Larresoron Oier Oa preso ohiari elkartasuna adierazteko. «Gurekin behar zaitugu», adierazi dute bildu diren auzokideek.

Larresoro eta Baiona artean Polizia frantsesak ezarritako kontrol batean gelditu ostean izan zen atxilotua Oier Oa donostiarra, pasa den asteazkenean, arratsaldeko laurak aldera.

Komisarian gaua eman ondoren ostegunean aske gelditu zen, baina «Lurralde debekua» duenez, ezin izanen du Larresoron bizi.

2015eko uztailean aske geratu zenetik Larresoron bizi da bere emazte eta hiru semerekin eta Baionako Bernat Etxepare lizeoan lan egiten du hezitzaile moduan.

Sarritan egin du Larresoron bizitzeko eskaera, baina ez du inoiz oniritzirik jaso. Preso ohiak lurralde debekua badu Estatu frantsesean.

Oaren abokatua den Amaia Rekartek NAIZi azaldu zioenez, Oier Oak errespetatu behar du debeku hori, beraz, Hego Euskal Herrira behar luke itzuli.

Audientzia Baionan

Aldez aurretiko erruduntasun errekonozimendua (CRPC frantsesez) izena duen prozeduraren arabera, 2021ko martxoaren 26an audientzia izanen du preso ohiak Baionan.

Ordurako, fiskalak proposamena eginen dio Oier Oaren defentsari preso ohiak jasoko lukeen zigorrari buruz. Donostiarrak proposamena onartuko balu, epaileak berretsiko luke erabakia eta akordioa aplikatuko litzateke. Akordioa izan ezean, epaiketa arruntari aurre egin beharko lioke preso ohiak.