NAIZ

Donostian etxegabekoen arreta zerbitzua nahikoa ez dela nabarmendu dute

Donostian etxegabekoen arretarako zerbitzua ez dela nahikoa salatu dute alor honetan lan egiten duten taldeek, hotzaldian Udalak duen protokoloa «arbitrarioa» dela eta ez dituela beharrak asetzen nabarmendu dute.

Alde Zaharreko bizilagunak, Hiritarron Harrera Sarea, SOS Arrazakeria, Infernua Bizirik eta Darkum taldeek gaur Donostian egin duten agerraldia. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Alde Zaharreko bizilagunak, Hiritarron Harrera Sarea, SOS Arrazakeria, Infernua Bizirik eta Darkum taldeek gaur Donostian egin duten agerraldia. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Donostian etxegabekoentzako politikak eta errekurtsoak ez direla nahikoak nabarmendu dute gaur alor honetan lan egiten duten hainbat eragilek. Alde Zaharreko bizilagunak, Hiritarron Harrera Sarea, SOS Arrazakeria, Infernua Bizirik eta Darkum taldeek prentsaurrekoa egin dute Konstituzio plazan. Bertako arkupetan elkartu dira azkenaldian hainbat etxerik gabeko pertsona gaua pasatzeko. Parte Zaharrean Bizi, Egia Bizirik, EH Bildu, LAB, Elkarrekin Podemos eta Zaporeak taldeek ere salaketa honekin bat egin dute.

Azken egunetako hotzarengatik bi lagun Hendaian eta Zarautzen hil direla gogoratu dute eta Donostian ere antzeko zerbait gertatu daitekeela abisatu dute. «Donostiako Udalak jarduera protokolo bat badu, hotzaren gela deitzen diotena, tenperatura bost gradutik behera jaisten denean etxerik gabeko pertsonek gaua igaro dezaten arautzen duena. Gaur egun, espazio horrek hogei lagunentzako bakarrik du lekua, eta Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak (GLUZ) dira erabakitzen dutenak kupo txiki horretan nor sartzen den eta nor ez, pertsona bakoitzaren zaurgarritasun espezifikoari buruzko katalogazio baten arabera», adierazi dute.

«Joan den urtarrilaren 5etik, bost gradutik beherako minimoak zituzten hainbat egun igaro ondoren, espazio horrek ateak ireki zizkien GLUZeko zerrendan zeuden pertsonei, eta egoera oso tamalgarriak gertatu ziren. Hasteko, zerrenda horretako pertsona guztiak ez dira Ubako aterpetxera joan egunotan, eta aurten han dago hotzaren gela (bidenabar esan dezagun, oso periferikoa dela). Erakundeen aldetik informazio kontrajarriak jaso ondoren jarraitu beharreko protokoloei buruz, Harrera Sareak, herritarren beste kolektibo batzuen laguntzarekin, behin eta berriz eskatu behar izan zuen ateak irekitzea, hotzaren gela horretan plaza libreak zeuden arren GLUZeko zerrenda horretan ez agertzeagatik onartzen ez zituzten pertsona batzuei. Pertsona horiek Ubara joatearena antolatu bada ere, gaua han igaro ahal izan dutenak goizeko 8:00etan aterarazi egin dituzte, inolako garraio aurreikuspenik gabe, eta oinez itzuli behar izan dute mugitu ohi diren lekuetara, askotan hiriaren erdigunera. Eta hori guztia espazio hori berehala ixteko arriskua dagoelarik, eguraldi aurreikuspenek bost gradu horiek baino tenperatura baxuagorik ematen ez duten unean», azaldu dute.

Protokolo «arbitrarioa»

Udal protokoloa «arbitrarioa» dela salatu dute, «argi eta garbi erakusten baitute ez dagoela baliabide nahikorik kalean dauden pertsonei arreta emateko, eta orobat, egun hauetan bizi izan dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan, oso jarduera zalantzagarriak izan direla erakundeetako agenteen (eta baita udaltzainen) aldetik ere. Esan liteke norbait izoztuta hil arte edo kalte larriak jasan arte itxaroten ari direla zentzuzko udal araudiak prestatzen hasteko».

«Uste dugu Udalak bere gain hartu behar duela negua hastear zegoela eragindako etxe hustuketen (azkena, Infernuko eraikinetakoa) ondorioen gaineko erantzukizuna; izan ere, kale egoeran dauden pertsonen talde handiari dozenaka gehiago gehitu zitzaizkion, ostatu hartzeko eta laguntzeko neurri alternatiborik planteatu gabe, eta, are gehiago, modu autonomoan aurkitzen dituzten klima gorabeheretatik babesturiko txokoetan gaua igarotzea eragotzi egiten zaiela», adierazi dute.

«Udalari eskatzen diogu bete dezala hotzaren aurkako babes sistema sortu zeneko helburua. Ez diezaiola atea itxi egun hauetan kalean dagoen inori. Behar izanez gero, plaza gehiago presta ditzatela; ez ditzatela kalera bota goiza hasi orduko.
Egunean zehar zerbait beroa jan ahal izan dezaten eta hotzaren aurkako ekipamendua eman dakien. Eta Udaltzaingoa izan dadila, kaleak patruilatuz, egoera horretan dauden pertsonei hotzaren aurkako sistemaren berri ematen dietenak eta bertara eramatea eskaintzen dietenak», aldarrikatu dute, hutsune instituzionala ematen den bitartean herri taldeek horri erantzungo diotela gaineratuz.