NAIZ

Estrasburgok hamaika aldiz zigortu du espainiar Estatua torturak ez ikertzeagatik

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamaika aldiz zigortu du espainiar Estatua tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik. Gehienak euskal herritarren kasuak izan dira. Kasu horietako batean, gainera, tratu txarrak izan zirela baieztatu zuen.

Torturaren aurkako manifestazioa 2016an, «Aztnugal» ekimenak antolatuta. (Jagoba MANTEROLA/FOKU).
Torturaren aurkako manifestazioa 2016an, «Aztnugal» ekimenak antolatuta. (Jagoba MANTEROLA/FOKU).

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamaika aldiz zigortu du espainiar Estatua tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik. Kasu horietako batean, baina, harago joan zen Estrasburgo, 2018an ebatzi baitzuen Igor Portuk eta Mattin Sarasolak «tratamendu ankerra» jaso zutela. 

Estrasburgok espainiar Estatuari jarritako lehen zigorra 2004an izan zen, 1992ko Olinpiar Jokoen aurretik Katalunian egindako sarekada bati erreferentzia eginez. Orduan, Baltasar Garzon epaileak agindutako operazio batean, 45 pertsona atxilotu zituzten Terra Lliure erakundeko kide izatea leporatuta. Horietako hamazazpik Guardia Zibilaren esku torturatuak izan zirela salatu zuten.

Euskal herritar bati lotutako lehen kasua Mikel San Argimirorena izan zen. 2002an Guardia Zibilak bost egunez inkomunikatuta egon zenean torturatu egin zutela salatu zuen donostiarrak. 2010ean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak espainiar Estatua zigortu zuen salaketa ez ikertzeagatik eta San Argimirori 23.000 euro ordaintzera behartu zuen.

Handik urte erdira iritsi zen hurrengo kondena. Aritz Beristainek torturak salatu zituen 2002an atxilotu zutenean, eta Estrasburgoko Gorteak 2011ko martxoan ezarri zuen atxilotuak egindako tortura salaketak ez zirela behar bezala ikertu, nahiz eta medikuek lesioak antzeman.

2012ko uztailean laugarren zigorra iritsi zen. Kasu honetan, Beauty Solomonek Polizia espainiarraren aurka jarritako salaketak ez ikertzeagatik zigortu zuten Estatu espainiarra. Solomonek 2005ean salatu zuen Poliziak osagai arrazistako tratu txarrak eman zizkiola hiru egunez. Estatuak 30.000 euro ordaindu behar izan zizkion.

Urte bereko urrian, Espainiako Estatua berriro kondenatu zuten. Martxelo Otamendik, ‘Euskaldunon Egunkaria’ko zuzendari ohia eta ‘Berria’ko zuzendariak, jarritako tortura salaketa ikertzeko beharrezko baliabideak ez jartzeagatik izan zen. 2003an atxilotu zutenean jarri zuen salaketa, eta artxibatua izan ondoren, 2008an Europako Auzitegira jo zuen Otamendik.

2014an bi kondena iritsi ziren egun berean, Beatriz Etxebarriak eta Oihan Ataunek 2008an eta 2011n jarritako tortura salaketak ez ikertzeagatik. Estrasburgok espainiar Estatuari gogorarazi zion oso garrantzitsua dela Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak gomendatutako neurriak hartzea.

Baina abisuak ez zuen ezertarako balio izan. 2015eko maiatzean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berriro zigortu zuen Espainiako Estatua, Giza Eskubideen Europako Konbentzioaren 3. artikulua urratzeagatik, Patxi Arratibel preso nafarrak 2011n Guardia Zibilaren egoitzatik igaro ondoren jarri zuen tortura salaketa ez ikertzeagatik.  

Urtebete geroago beste epai bat iritsi zen, Arratibelen sarekada berberari lotutakoa. Kasu honetan, Xabier Beortegi iruindarrak aurkeztutako salaketa batetik abiatu zen zigorra. 2011ko urtarrilean Ekineko kide izatea egotzita atxilotu ondoren Guardia Zibilaren egoitzan igaro zituen egunetan torturak jasan zituela salatu zuen.

2018an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak erabaki zuen Igor Portu eta Mattin Sarasola «tratamendu anker eta iraingarri» baten biktima izan zirela 2008an atxilotu zituztenean, eta 30.000 eta 20.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuen espainiar Estatua. Aurretik, Auzitegi Gorenak errugabe jo zituen hasiera batean Gipuzkoako Auzitegiak zigortutako guardia zibilak.

Gaur hamaikagarren epaia iritsi da, Iñigo Gonzalezen salaketarena, Patxi Arratibelen eta Xabier Beortegiren sarekada berean atxilotutako barañaindarrarena hain zuzen ere.