NAIZ
Iruñea

Haur Eskolak Euskaraz plataformak Iruñeko Udalaren eskaintza «antzezlana» dela salatu du

«Ez du inondik inora iruindarren beharra asetzen», dio Haur Eskolak Euskaraz plataformak, atzo Iruñeko Udalak 2021-2022 ikasturteari begirako eskaintza jakinarzi eta gero. Ostiralean, 18.00etan, manifestazioa egingo dute nafar hiriburuko kaleetan.

2020ko otsailean Iruñeko kaleetan euskarazko haur eskola publikoen alde egindako mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
2020ko otsailean Iruñeko kaleetan euskarazko haur eskola publikoen alde egindako mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Iruñeko udal Gobernuak hiriko haur eskoletan ezarriko duen hizkuntza eredua atzo jakinarazi zen. «Ez du inondik inora Iruñeko egoera larria orekatzen», adierazi du Haur Eskolak Euskaraz plataformak ohar baten bidez.

Eskaintzak 16 haur eskoletatik bakar batera mugatzen du murgiltze eredua, beste bitan gaztelaniarekin batera eredu mistoa ezarriz. Horietako batean, gainera, ingelerazko ekimenak txertatuz. «Beste behin ere, seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten familiei oztopoak jartzen dizkie Navarra Sumak, eta haien gertutasun eta oreka geografikoaren aldarrikapenak ez ditu kontuan hartzen».

Azken hilabeteetan plataformak alderdi politiko eta agintariekin hainbat bilera egin ditu. «Gehienetan atera da Nafarroako Justizia Auzitegiaren epaia. Horren irakurketa propioa egin dute, eta azpimarratu digute bertan aipatzen diren eskoletan aldaketarik ezin dela egin». Hala ere, Printzearen Harresi haur eskola horietako bat izanagatik, 2021-2022 ikasturtetik aurrera ingelerazko aktibitateak dituen euskarazko lerro bat ezarriko dute. «Ez du inondik inora iruindarren beharra asetzen, ezta hiriko hegoaldean topatzen dugun euskara hutsunea edo euskararen basamortua konpontzen ere».

Navarra Suma eta PSN egin ditu plataformak egoeraren erantzule. «Hainbat hizkuntza eredu nahastea erabaki du. Baina ez dugu adar jotzerik onartuko. Navarra Sumaren jukutria da, zurikeria, antzezlana. Eredu mistoak ez du oinarri pedagokikorik. Murgiltze eredua defendatzen dugu, euskara ikasteko tresna pedagogiko bakarra baita». Zentzu horretan, euskara bezalako hizkuntza gutxitu batek «gaztelera eta ingelesa bezalako hizkuntzek zapaldu ez dezaten babes eremuak» behar dituela defendatzen du plataformak. Eta «babes eremu posible bakarra» murgiltze eredua dela iritzi dute. «Navarra sumaren jokaldia da euskara desagertaraztea ingelesa inposatuz».

Nafar gobernuko hezkuntza departamentuak du haur eskoletako hizkuntza eskaintzaren azkeneko erabakia eta haiei ere helarazi die plataformak haien proposamena. Hau da, Iruñeko mapa bi ardatz erabiliz lau eremutan banatzea, eta hauetako bakoitzean euskarazko murgiltze eredua duen haur eskola bat ezartzea. «Ezin dugu gutxiagorik onartu».

Honengatik guztiarengatik, ostiral honetan, Urtarrilak 29, 18:00etan Hezkuntza departamentutik aterako den mobilizaziora deitu dituzte iruindarrak, «kalean euskarak duen babesa instituzioen eskaintzan ere islatu dadin».