NAIZ

Munduko DNA zaharrenak mamutek nola eboluzionatu zuten argitu du

Estokolmoko ikertzaile talde batek hiru mamut zaharren genomak aztertzea lortu du eta, azterketen arabera, Ipar Amerikan azken izotz aroan bizi izan zen mamut kolonbinoa mamut iletsuaren eta aurretik ezezaguna zen mamut familia baten arteko hibridoa zen.

Mamuten eboluziaren inguruko argibideak aurkitu ditu Estokolmoko ikerlari talde batek. (AFP)
Mamuten eboluziaren inguruko argibideak aurkitu ditu Estokolmoko ikerlari talde batek. (AFP)

Estokolmoko Paleogenetika Zentroko ikertzaileek zuzendutako nazioarteko talde batek 1,2 milioi urte dituzten mamut hondarren DNA berreskuratua sekuentziatu du eta, azterketen arabera, Ipar Amerikan azken izotz aroan bizi izan zen mamut kolonbinoa mamut iletsuaren eta aurretik ezezaguna zen mamut leinu baten arteko hibridoa zen. Gainera, ikerketak mamutak klima hotzera nola eta zein azkar egokitu ziren jakiteko aukera ematen du, 'Nature' aldizkarian argitaratu dutenez.

Nagusiki, ugaztun hauek lau espezie paleontologiko handitan banatzen dira: hegoaldekoa, Kolunbiakoa (Ipar Amerika), estepetakoa (Bering eta Siberiako itsasartea) eta iletsua (Eurasia). Ikerketa berri honek, duela 10.000 urte desagertu zen Kolunbiaren mamuta, iletsuaren eta orain arte ezezaguna zen mamut leinu genetiko baten hibridoa izan zela adierazten du.

Duela milioi bat urte ez zegoen mamut iletsurik, oraindik ez baitzuten eboluzionatu. Hau bere aurrekoaren garaia izan zen, estepako mamut zaharrarena hain zuzen ere. Ikertzaileek hiru mamut zaharren genomak aztertzea lortu dute orain, permafrost siberiarrean 0,7-1,2 milioi urtez lurperatuta egon ziren mamut hortzak berreskuratu ostean.

Milioi bat urteko laginetatik abiatuta sekuentziatu eta autentifikatu den lehen aldia da hau, eta laginetatik DNA ateratzea erronka bat izan da zientzialarientzat. Laginetan DNA kantitate txikiak baino ez ziren geratzen. «DNA hau izugarri zaharra da. Laginak bikingoak baino mila aldiz zaharragoak dira, eta gizaki eta neandertalak baino lehenagokoak ere badira», azaldu du Love Dalén autore nagusiak.

Laginen adina zehazteko, datu geologikoak eta erloju molekularra erabili dira. Bi analisi motek erakutsi dute mamutetako bik milioi bat urte baino gehiago dituztela eta hirugarrenak, berriz, 700.000 inguru, ezagutzen diren lehen mamut iletsuetako bat delarik. Genomen azterketek, espezimen zaharrena, gutxi gora-behera 1,2 milioi urte zituena, aurretik ezezaguna zen mamut leinu batekoa zela erakutsi zuten. Ikertzaileek Krestovka mamuta bezala definitzen dute, aurkitu zen herriaren omenez. Emaitzen arabera, Krestovka mamuta duela bi milioi urte banandu zen beste mamut siberiar batzuengandik.

«Hau ezustekoa izan zen guretzat. Aurreko ikerketa guztien arabera, une horretan mamut espezie bakarra zegoen Siberian, estepako mamuta izenekoa. Baina oraingo azterketek erakusten dute bi leinu genetiko ezberdin zeudela, hemen aipatzen ditugunak: Adycha mamuta eta Krestovka mamuta. Oraindik ezin dugu ziur esan, baina bi espezie desberdin irudikatu ditzaketela uste dugu», azaldu du Tom van der Valk ikerketaren egileak.

Ikertzaileen arabera, Krestovka leinukoak izan ziren duela 1,5 milioi urte Ipar Amerika kolonizatu zutenak. Gainera, analisien arabera, Ipar Amerikan bizi izan zen mamut kolonbinoa hibrido bat zen. Bere genomaren erdia inguru Krestovka leinutik etorri zen, eta beste erdia mamut iletsutik. «Aurkikuntza garrantzitsua da. Badirudi mamut kolonbinoa, Ipar Amerikako Izotz Aroko espezie esanguratsuenetako bat, duela 420.000 urte inguru gertatu zen hibridazio baten bidez garatu zela», dio egileetako beste batek, Patricia Pecnerovak.

Egokitzapenak, poliki

Iletsuaren bilakaerari eta ingurunera egokitzeari dagokionez, adituek pista berriak lortu dituzte Adychako mamutaren genoma 700.000 urteko antzinatasunarekin alderatu ondoren, baita askoz modernoagoak diren beste espezimen batzuen genomarekin ere.

Bere azterketek, Artikoko bizitzari lotutako gene aldagarriak, adibidez, ilearen hazkuntza, termoregulazioa, metaketa gehigarriak edo hotzarekiko tolerantzia eta bihotz-erritmoak eragiten dituztenak, jada mamut primitiboenean agertzen zirela frogatu zuten, iletsuak agertu baino askoz lehenago. Horrek esan nahi du mamuten leinuan gertatutako egokitzapen gehienak poliki-poliki eta pixkanaka garatu zirela.