NAIZ

Aretxabaleta eta Ibarra eremu gorrian sartu dira, Santurtzi, ordea, atera egin da

Santurtzi atera egin da eremu gorrian dauden udalerrien zerrendatik, baina Gipuzkoako bi herri sartu dira Lakuako Gobernuak argitaratu duen zerrendan: Aretxabaleta eta Ibarra.

Debagoiena adineko egoitza, Aretxabaletan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Debagoiena adineko egoitza, Aretxabaletan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Aldaketak izan dira ostegun honetan eremu gorrian dauden EAEko udalerrien zerrendan. Aretxabaleta eta Ibarra zerrenda horretan sartu dira, eta Santurtzi atera egin da.

Lakuak argitaratu duen ebazpenean jasotzen den bezala, Aretxabaleta, Derio eta Oñati dira covid-19ak eragindako kasu positiboen azken hamalau egunetako intzidentzia-tasa metatua, gaur  egun, 100.000 biztanleko 500ekoa edo handiagoa duten 5.000 biztanletik gorako hiru udalerriak.

Azken datuen arabera, Aretxabaletan intzidentzia-tasa metatua 522,6 kasukoa da, Derion 608,92 kasukoa eta Oñatin 793,51ekoa.

Udalerri txikienei dagokienez, Lakuak ezarritako neurriak, eskola-kirolari eta kirol federatuari eragiten dietenak, Ibarran ezarriko dira.

Izan ere, Gipuzkoako udalerri honetan kasu positiboen azken hamalau egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 1.000koa da. Zehazki 1.021,83 kasuko intzidentzia-tasa metatua dauka. Dena den, 500 kasuko muga gainditu duten beste udalerri batzuk ere badaude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, nahiz eta Lakuak argitaratu berri duen zerrendan ez agertu. Haien artean daude Añana (558,66), Harana (847,46), Okondo (575,18), Urkabustaiz (620,49), Iekora (2.996,25), Zalduondo (507,61), Izurtza (696,86), Lemoiz (795,54), Albiztur (1.365,19), Antzuola (1.193,21), Ataun (515,17), Idiazabal (756,3), Itsasondo (686,81), Legorreta (671,14), Orendain (2.369,67) eta Zestoa (590,65).