naiz

Ikerbasquek 290 ikertzailerekin eta 35 milioi euroko funtsak erakarrita itxi du 2020. urtea

Ikerbasquek 290 ikertzaile zituen 2020. urtearen amaieran, eta 35 milioi euroko funtsak lortu zituen bere lanetarako. Hori dela eta, Zientziarako Euskal Fundazioak 14 urteko ibilbidean zifra altuenak lortu zituen joan den ekitaldian.

Zientziarako Euskal Fundazioaren 2020ko emaitzen berri emateko agerraldia. (IREKIA)
Zientziarako Euskal Fundazioaren 2020ko emaitzen berri emateko agerraldia. (IREKIA)

Ikerbasquek 290 ikertzaile zituen 2020. urtea bukatzerako, eta 35 milioi euroko funtsak lortu zituen bere lanetarako. Hori dela eta, Zientziarako Euskal Fundazioak 14 urteko ibilbidean zifra altuenak lortu zituen joan den ekitaldian. Gainera, ikertzaileek 1.345 artikulu argitaratu zituzten zientzia aldizkarietan.

Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuak eta Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak Zientziarako Euskal Fundazioaren 2020ko emaitzen berri eman dute ostegun honetan.

Bildarratzek nabarmendu du Ikerbasque «ikertzaileak erakartzeko erreferente» bihurtu dela Europan, eta EAE «ikerketa aurreratuko» eskualde gisa agertu dela nazioartean.

Denetariko profesionalak

Fundazioak 290 ikertzailerekin amaitu zuen 2020. urtea, hiru kategoriatan banatuta. Horietatik 170 ikertzaile  finkatuak dira, kualifikazio handikoak, eta etengabe ari dira lanean EAEko unibertsitateetan eta I+G zentroetan.

Gainera, Ikerbasquek 78 ikertzaile gazte zituen goi-mailako harrobi bat sustatzeko. Bildarratzek Fundazioaren helburua azpimarratu du: orain atzerrian lan egiten duten talentu gazteak EAEra itzultzea.

Joan den urtearen amaieran 42 ikertzaile «Research Associate» ere bazeuden, aurreko biak osatzen dituen kategoria bat, non zientzialariei nolabaiteko egonkortasuna –5 urtekoa– eskaintzen zaien beraien ikerketak garatzen jarraitzeko.

Ikerbasqueko 290 ikertzaile horiek 36 herrialdetakoak dira, eta, batez ere, nazionalitate hauek dituzte: espainiar edo euskalduna (169), italiarra (27), alemaniarra (16), britainiarra (9), errusiarra (8), kanadarra (6) eta AEBarra (6). %75 gizonak dira eta %25 emakumeak.

%53 zientzia esperimentaletan adituak dira, %22 medikuntza-zientzietan, %13 ingeniaritzan eta %12 gizarte-zientzietan eta giza zientzietan.

Funtsak eta lanak

Zientziarako Euskal Fundazioko ikertzaileek 35,3 milioi euro (2019an baino 3 milioi gehiago) lortu zituzten beren lanak egiteko. 2007az geroztik 240 milioi euroko funtsak izan dituzte.

Hezkuntza sailburuak nabarmendu duenez, jasotako euro bakoitzak bi euroko «itzulera zuzena» du ikerkuntzarako.

Bildarratzek nabarmendu duenez, Ikerbasquek 2021ean Europako Batzordearen 4 milioi euro jaso ditu datozen lau urteetan 36 ikertzaile kontratatzeko.

Fundazioko ikertzaileek 2020an lortutako funtsei esker, zientziari lotutako 1.190 profesional ere kontratatu zirela azpimarratu du, Ikerbasqueko ikertzaileek gidatutako taldeetan lan egiteko.

Ikerbasqueko profesionalek 812 proiektutan lan egin zuten iaz (2019an baino 99 gehiago), eta horietako 14k Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza izan zuten.

Fernando Cossíok Ikerbasqueko zientzialariek garatutako zenbait proiektu nabarmendu ditu, besteak beste, Biodonostia Jesús Bañales ikerlariarena. Europako beste zientzialari batzuekin batera, ikerketa batean parte hartu zuen, eta, pandemiaren urtean, koronabirusa duten gaixoetan arnasketa-akats baten arriskuari eragiten dioten ezaugarri genetikoak identifikatzen lagundu zuen.