NAIZ

Aralarko Baserritarrek, EHNEk eta ENBAk harremanak eten dituzte Enirioko Mankomunitatearekin

Aralarko Baserritarren Elkarteak, EHNEk eta ENBAk harremanak eten dituzte Enirio-Aralarko Mankomunitatearekin, mendia kudeatzen «20 urte atzera» egin duela eta erabakiak hartzerako orduan baserritarrei «bizkarra ematea» leporatuta. Mankomunitateko lehendakariak elkarlanerako deia egin die.

Aralarko Baserritarren Elkarteak, EHNEk eta ENBAk Larraitzen egin duten agerraldia.
Aralarko Baserritarren Elkarteak, EHNEk eta ENBAk Larraitzen egin duten agerraldia.

Aralarko Baserritarren Elkartea, EHNEk eta ENBAk agerraldia egin dute gaur Larraitzen, Enirio-Aralarko Mankomunitatearekin harremanak eten dituztela jakinarazteko eta «Aralarko naturgunea gure abereekin kudeatu eta zaintzen dugun abeltzainentzat errespetua eta zor zaigun begirunea aldarrikatzeko».

Azaldu dutenez, Aralarrera igotzen diren «134 abeltzainetatik 109 sinadurek eskutan izateak ematen duten indarraz baliatuz», publikoki salatu nahi izan dute Mankomunitatearen jarrera, izan ere, beraien ustez, erakunde horrek «mendia kudeatzean 20 urte atzera egin du, baserritarrei bizkarra emanez erabakiak hartuz».

Enirio-Aralar Mankomunitateko parte diren udal gehienak EH Bilduk zuzentzen dituenez, kritika gogorra egin diote koalizioari: «Bai mankomunitatean bai alderdi politiko bezala, baserritarroi bizkarra eman eta elkarte ‘ekologistekin’ lerrokatuta dago».

Larraitzen bildu diren abeltzainek baldintza «duinak» aldarrikatu dituzte «mendia zaintzeko eta kudeatzeko, bai larretokietan bai txabola eta bordetan». «Aziendaren manejua eta lan sistemak aldatzen doaz eta honek etengabeko hobekuntza eskatzen du lanerako baldintzetan eta, hobetu eta bultzatu beharreko azpiegituren artean, ezin ditugu alboan utzi, txaboletara heltzeko bideak», adierazi dute.

Haien arabera, «azken urteotan Enirio-Aralar Mankomunitateko arduradun eta abeltzainon arteko interlokuzioa asko zaildu da, etengabeko gorabeherekin eta norabide partekaturik gabea».

EH Bilduri leporatu diote, «hitzetatik haratago, bere ekintzei begiratuz gero, abeltzainok ez gaudela bere estrategiako lehentasunen artean, soberan gaudela, oztopoan ez denean, eta hori begibistakoa da, behin eta berriro, izen eta titulu ezberdinekin aurkezten zaizkigun programa eta egitarauetan».

Kezkatuta daudela esan dute, EH Bilduren udalek eta «alderdiak berak orain arte ezagutu dugun Aralarko kudeaketa zalantzan jartzen duela ikustean, mendia eta ingurumena zaindu eta kudeatzeko helburuan, ganadua eta baserritarrak tresna baliogarriak izatetik, jasan beharreko elementuak izatera pasatu baikara». Hartzen diren neurriak «abeltzaintza estentsiboa egiten dugunoi bizkarra emanda» egitea egotzi diote, eta «abeltzaina alboratzen duen estrategia berririk» ezin dutela onartu ohartarazi dute.

Horregatik, Mankomunitatearekin harremanak etetea erabaki dute, bere jarreran «sakoneko aldaketa eman arte».

Mankomunitatearen elkarlanerako deia

Abeltzainen erabakia jakin ostean, Enirio-Aralarko Mankomunitateko lehendakari Adur Ezenarrok adierazi du «tristura handia» eragiten diola harremanak eteteak eta elkarlanerako deia egin die, «elkar ulertzera derrigortuak gaude-eta».

Ezenarrok azaldu duenez, Mankomunitatea tokiko administrazio bat da «eta bere arauak ditu». Gogoratu du aurreko legegintzaldian onartutako ordenantza dagoela indarrean, «sindikatu eta abeltzainekin landutakoa».

«Ez da aldaketarik egon, ordenantza aplikatu da, besterik ez, kontrakoa prebarikatzea litzateke. Aldatu den gauza bakarra Gipuzkoako Foru Aldundiak inbertsioak %100ean gehiago ez dituela finantziatuko erabakitzea da, eta kofinantziazio bidez Mankomunitateko udalerriek onartu dugu ekarpena handitzea inbertsioak mantendu ahal izateko». 

Mankomunitatean ez dauden herrietako abeltzainek abereak larre horietara eraman ezingo dituztela-eta, Ezenarrok argitu du ordenantzak ustialekua Mankomunitatea osatzen duten udalerrietatik kanpo dutenei ez diela ganadu larririk igotzen uzten, «baina ardiak bai. Beraz, artaldeak igo daitezke, baina behi eta behorrik ez».

Lehendakariaren arabera, 134 eskaeretaik 10 baino ez dira egoera horretan daudenak, eta zazpik erreklamazioa aurkeztu dute. «Mankomunitatearen idazkariak txosten juridikoan aztertu ditu erreklamazioak eta ezin direla onartu ondorioztatu du», azaldu du.

Ezenarrok esan duenez, «badira artzain eta abeltzainak ordenantza aplikatzeko eskatu dutenak ere, azkenean laguntzen banaketan betetzen dutenak galtzen ateratzen direlako mugak gainditzen dituztenek gainera gehiago jasotzen dutelako».