Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Izaro Cuadra
Ikama ikasle antolakundeko bozeramailea

«Pandemian ageriagoan geratu dira hezkuntza sistemen hutsuneak»

‘Nazkatuta gaudelako, ikasleria martxan’ lelopean mobilizazio egunera deitu ditu Ikamak ikasleak asteazken honetarako. Izaro Cuadra (Amurrio, 2003) bozeramailea hezkuntza sistemen gabeziaz eta antolakundearen aldarrikapenez mintzatu da NAIZekin.

Izaro Cuadra. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Izaro Cuadra. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Zazpi hilabete igaro dira Ikama jaio zenetik. Euskal Herriko ikasleentzako ohiz kanpoko ikasturte baten hasierarekin kointziditu zuen antolakundearen aurkezpenak eta, Izaro Cuadra bozeramailearen arabera, pandemiarekin, hain zuzen, hezkuntza sisteman aldez aurretik zeuden arazoak sakondu izana da asteazken honetan ‘Nazkatuta gaudelako, ikasleria martxan’ lelopean kalera ateratzeko arrazoietako bat.

Hasiera batean, hiriburu bakoitzean mobilizazioak bultzatzea aurreikusi zuten, «ekimen ezberdinekin eta bakoitzak bere ikastetxean aurrera eramandako borroka lokalei espazioa utziz». Hala ere, ezinezkoa egin zaie hasierako plan horri eustea: «Behin eta berriz aldatu behar izan dugu formatua, pandemia egoera honek eskatu duelako».

Azkenean, «deialdi deslokalizatuak egitea» erabaki dute, 12.00etan, eskualde eta herri ezberdinetan, ikasle gutxiago pilatzeko. Baina «mobilizazio potente» bezala aurreikusten du eguna.

Mobilizatu, zertarako? Cuadraren arabera, covid-19ak eragindako pandemiaren aurka ikastetxeetan hartu diren neurriak arinegiak batzuetan eta beste hainbatetan zentzugabeak direla salatzeko, ‘Kalean 6, Klasean 26’ kanpainan egin zuten bezala: «Hartutako neurriei ez genien inolako zentzurik topatzen, kalean sei lagunekin soilik elkartu ahal ginen bitartean, klasean zenbat ikasle ginen?».

Bestalde, «pandemia eta osasunaren aitzakiarekin» heziguneetan areagotzen joan den kontrol sozial zein polizialaren salaketan kokatzen dute biharko mobilizazioa. Ildo horretan, ‘Ez Gaituzue Kontrolatuko’ dinamika garatu zutela gogoratu du Cuadrak, ikasleen testigantzak sozializatzeko. Inika eta Alexia bezalako plataformekin kontrola areagotu dela dio, ikastetxe askotan kamerak jarri eta baita komunetara joateko edota kalera ateratzeko ere baimenak ezarri dituztela.

«Finean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan ikasleek bizi ditugun egoerak oso anitzak dira, baina hauek guztiak ez dira problematika isolatuak, zapalkuntza sistematiko baten parte dira, hezkuntza sistemek ez dietelako gure beharrei erantzuten. Pandemiarekin askoz ageriagoan geratu dira dituzten hutsuneak», iritzi du antolakundeko bozeramaileak.

Hori ikusirik, bihar ikasgeletako kopuruak apaltzea, kontrol soziala gelditzea, beharrezko baliabideak eskuragarri izatea, protokolo eraginkorrak plantan ezartzea eta euskaraz ikasteko beharrezko tresnak izatea aldarrikatuko dute.

«Erabaki bat hartu behar denean hezkuntza komunitate osoarekin hartzea ere nahi dugu, orain arte egin ez duten bezala. Eta hezkuntza komunitate osoarekin hartzeak suposatzen du ikasleon hitza ere entzuna izatea», gaineratu du Cuadrak.

Izan ere, antolakunde bezala jaio zirenetik hezkuntza komunitatearekin eta beste eragileekin batera elkarlanean aritu da Ikama, «eta harreman oso politak eta oso indartsuak atera dira hortik». «21ean kalera aterako garen bezala, 22an ere aterako gara sektore publikoko langileekin batera, eta hortaz hezkuntza komunitateko eta irakaskuntzako langile publikoekin batera mobilizazioetara batzen gara gu ere bai».

«Zazpi hilabete hauetan ikastetxe bakoitzeko problematika horiei erantzuten saiatzen egon gara, koiunturari aurre egiten, Lomloe legeari... eta orain mobilizazioetara goaz dena borobiltzeko», azaldu du Cuadrak.

Haatik, ikasturte honetako azken mobilizazio indartsua izango ote den galdetuta, selektibitatea ate-joka dutela gogoratu du Cuadrak: «Beste zapalkuntza bati beste erantzun bat eman beharko diogu, bihartik aurrera ere lanean eta borrokan jarraituko dugu».