NAIZ

‘Gelditu hor’, Olatz Salvadorren bideo berria

Olatz Salvadorrek urte hasieran aurkezturiko ‘Aho uhal’ (Airaka, 2021) diskoko bigarren singlea kaleratu du ‘Gelditu hor’ izenburupean. Irudiek Donostiako Victoria Eugenian eman zuen aurkezpen kontzertura eramaten gaituzte.

Hemen da Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990) urte hasieran aurkezturiko ‘Aho uhal’ (Airaka, 2021) diskoko bigarren singlea. Joan den urtarrilean plazaratu zuen Donostiako musikoak bere bigarren lan luzea; sormen-prozesu luzean ondutako lana, ilunagoa akaso, abeslariak horren berezokoa duen ahots hari indartsuaz josita hau ere.

Haritz Harreguyren Higain estudioan grabatua, Pablo Novoa aukeratu zuen diskorako ekoizle lanak egiteko. Iker Gurrutxagaren NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan zen hura aurkezten urtarrilaren bukaeran.

‘Gelditu hor’ izeneko bigarren single honetan, Ane Labakak sortutako hitzetatik abiatutako abestia aurktuko dugu. Hauskortasunaren edertasuna aldarrikatu eta eroso sentiaraziko gaituzten espazioetara bidaiatzeko dei bat da kanta, azken finean.

Kantu honek geure buruari mantra baten gisan errepikatzeko bi esaldi uzten dizkigu itsatsita: «Min ematen badizu, ez egon hor; on egiten badizu, gelditu hor». Kolaborazio berezi batekin dator, gainera, kantua aberastera datorren Idoia musikari aramaioarra, hain zuzen.
 
Bideoaren irudiei dagokienez, Donostiako Victoria Eugenian emandako aurkezpen kontzertura garamatzate, emozioz betetako egun hori gogoratu eta betikotzeko, Bideolan Ikus Entzunezko Proiektuei esker.