NAIZ

Mendialdeko harrizko mugarriak erauzi dituzte, mugarik gabeko Euskal Herria aldarrikatzeko

Mendialdeetan Estatu frantses eta espainiarrek ezarritako «lerro imajinarioen» aurkako ekintza politikoa egin du egiletza aitortu ez duen talde batek. Bideo bat zabaldu du, non ikusten den nola erauzten dituzten mugarri-harriak.

Mendialdeetan Estatu frantses eta espainiarrek ezarritako «lerro imajinarioen» aurkako ekintza politikoa egin du egiletza aitortu ez duen talde batek, «hesirik gabeko mugak» aldarrikatzeko.

Zabaldu duten bideoan ikus daitekeen bezala, Ipar eta Hego Euskal Herria banatzen dituzten mendialdeetako harrizko mugarriak erauzi dituzte; mugarri hauek, «sinbolikoak baino», alde bietako biztanleengan «esanguratsuak» direla eta «hauetara gerturatzen direnen bizitzengan erabakiorrak» suerta daitezkela iritzita. «Hil ala bizikoak», gehitu dute.

Adibide gisa, Maroko eta Espainiaren arteko krisia aipatu dute, iragan astean jazotako gertakariei erreferentzia eginez, baita Bidasoan itotako etorkinaren heriotza ere. Gertaera hauekin, mugen «arrazoia eta injustizia are lazgarriagoa» iruditzen zaiela adierazi dute prentsara igorritako ohar batean.

«Mugarri horiek aspaldi ezarri zituzten hor, lerro ikusezinetan. Beste batzuek ezarri zituzten euren mesederako, eta aspaldi ari dira lurraldea zatitu eta biztanleengan kalteak eta oztopoak sortzen», agertu dute.

Hala, ondorengoa aldarrikatu dute mugarrien kontrako ekintzen bitartez: «interes partikularrei zor zaizkien merkantziei ateak ireki eta pertsonei, ordea, bidea oztopatzen dieten estatu eta eta legeak ez direla gureak. Uste dugu Euskal Errepublika dela gaur egun Euskal Herrian giza eskubideak babestu eta gizartearen interesak defendatzeko baliabide bakarra».