Elkarrizketa
Amaiur Epher
Idazlea

«Frantzian ikastean, gauzak ekartzen ditugu, eta ondorio politikoak ditu euskal gizartean»

‘Profeten iruzurra’ argitaratu du aurten Amaiur Epher garaztarrak Maiatz argitaletxearekin. Obra berri honekin antzerkiaren mundutik prosarako saltoa eman du, nahiz eta argiki adierazten duen ez dela eleberri bat, baina genero anitz elkartzen dituen obra bat.

Amaiur Epher idazle garaztarrak bere lehen prosa obra argitaratu du. (NAIZ)
Amaiur Epher idazle garaztarrak bere lehen prosa obra argitaratu du. (NAIZ)

Antzerkiaren munduan, 5’Inahalak taldearekin 2014ean eta 2015ean ‘Sapere aude’ eta ‘Koñots Ulia’ taularatu ondoren, 2018an ‘Profeten iruzurra’ prosa liburua idaztera ekin zion. Maiatz argitaletxearekin otsail honetan ezagutzera eman den obra, idazteko grinari erantzunez egin zuen garaztarrak, eta bertan genero anitz elkartzen ditu.

Bi antzezlan idatzi eta gero, prosara pasa zara ‘Profeten iruzurra’ liburuarekin. Zer atzemanen dugu bertan?
Ez da arras nobela bat, fikziozko lan bat da, baina genero anitz nahasten ditut bertan. Ez da eleberri bat, zeren eta ez da istorio bat, baina Alexander pertsonaiaren inguruan zentratzen den portreta bat.

Protagonistak liburuaren hastapenean lan egiten du kulturari loturiko administrazio batean. Garai batean museo batean kargu on bat bazuen, eta mugitzen dute artxibategi batera, eta bizi sozial, sentimental eta sexual biziki pobrea badu, eta aski etsitua eta bakartua da.

Liburuaren bigarren zatian, Euskal Herrira itzultzen da, ezbehar batengatik, eta bertan finkatzen da. Hor erreferentziak aldatuko zaizkio, eta entsaiatuko da ikasle garaiko proiektu batzuetaz aritzea, bakartasun horretatik ateratzeko, eta barneko borroka batzuk gainditzeko.

Alexanderren ibilibidea kontatzen duen fikzio bat bada, zer ezaugarrik egiten du eleberri bezala definitu ezin izateak?
Ez da espero izan behar, zinez, istoria linear bat, eleberri klasiko bat. Narrazio aski puskatua da, baita ere genero nahasketengatik puskatua dena. Bada poesia pixka bat, antzerki zati batzuk, batzutan artikulu zientifikoak edota kazetaritzakoak ere, kronikak, eta momentu batez, egunkari eskutu bat ere bada.

Pertsonai hori bere etsipenetik ateratzeko, hatsa hartzeko, irakurtzen du, eta hasten da idazten, baina ez du ideia handirik, eta ideiarik ez duenak ametsak idazten ditu. Orduan, hasten da ametsen transkribitzen, eta bere irakurketei buruz iruzkinak edo komentarioak egiten.

Erreferentzia aldaketak badira, Frantziako metropolian delarik, bere mundu ikuskera azkarki baldintzatzen dute irakurtzen dituen testuek, eta bereziki Michel Houellebecqen obrak, saiatzen da distantzia hartzen, bada obra horien irukurketa kritikoa ere.

Ondotik, Euskal Herrira itzultzean frantses kultura burges horretatik distantzia doi bat hartzen du, eta gehiago euskal literatura bidelagun izango du. Bada road-trip bezalako bat, Jean Etxepareren “Berebilez” liburuaren remake bat bezala, Iruñan barna. Badira solasak, eta mundu mailako literaturaren erreferenteekin, baina baita nire irakurketa ezberdinekin. Intertestualitateak pisu handia du, eta erreferentzia anitzek elikatzen dute.

Zertan oinarritu zara obra hau osatzeko? Autobiografikoa da?
Generoen artean autofikzioarekin ere jostatu naiz, ez da autofikzioa, baina nire bizipen pertsonal batzuk elikatu dute, literatura erreferentzia horiek elikatu duten bezala. Beraz, nahasten ditu iturri horiek guztiak. Horregatik ere da puskatua. Nik zientzia politikoak ikasi nituen, kulturgintzan gehien bat, nahi nuen distantzia hartu ikasitakoarekin, eta bilan bat egin.

Prosara salto egitearen ideia nondik heldu zitzaizun?
Gogoa nuen beste zerbait entsaiatzea, antzerki taldearekin ez genuen beste perspektibarik, eta plazerra hartzen dut idaztean.

Entsaiatu nintzen hastapenean ipuin batzuen egiten, eta azkenean, pertsonaia bat agertzen zen, izen ezberdinekin, baina hala ere antzekoa zen, ez dakit nire alter ego bat den edo, baina azkenean Alexander pertsonaia hoietako batetatik ateratzen da. Nik berehala erabaki nuen ikasketak eta gero bidea aldatzea, eta gaur egun lanbidez euskara irakaslea naiz, beraz Euskal Herrian bizi, eta ez zen dilema bat izan.

Baina nire ikasketak egin dituztenek, Parisera begira dira, eta nahi nuen ikusi, beste hautu hori egin izan banu, gertatzen ahal zen, jakinez ez zela nik nire buruarentzat planteatzen nuen hautu bat, baina nire ikaskideek bizitzen duten hautu bat dela. Iparraldean euskaldun anitzek Frantzian ikasten dute, eta azken urteetan saldua izan zaiela behar dutela anbizioa izan, eskola handietan ibili, eta horrekiko nahi nuen distantzia hartu.

Euskal Herritik kanpo, Estatu frantsesean ikasitakoarekiko ikuspegi kritikoa egiten duzu beraz?
Pentsatzen dut han ikasitakoak balio digula formazio intelektualerako, baina ezin garela itzuli profeta batzuk bezala. Azkenean, hori kolonizazioa da, zentrotik bildua gero probintziara ekartzeko. Horrekin nahi nituen nire ikasketak baloratu, baina aldi berean, kontziente izanez hautu politikoen ondorioz ere, ikasten dugula kanpoan, gauza anitz ekartzen badigu ere, horrek ondorio politikoak badituela, orokorrean euskal gizartearentzat eta bereziki Iparraldean.

Formato guzti horien bitartez, gizarteari eta norberari buruzko gogoeta bat egin duzula esan daitekez, beraz?
Bai, gogoeta fase horretan nitzen, eta pentsatzen nuen fikzioa izaten ahal zela tresna egokia horiekin jostatzeko. Ironia ere anitz baliatzen dut etsipena arintzeko. Umorea zorrotzagoa izaten ahal da, baina badu bere indar katartikoa. Panfleto aire bat badu alde batzuetan, nahas mahas bat da, eta horretarako ez da nobela borobil da, aski zartatua da.