Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, euskal kulturaren bilgune eta euskararen arnasgune

Ziburuko plaza euskaltzalez bete da larunbat honetan, Euskal Liburu eta Disko azokaren 2. edizioak eskaintzen zuena deskubritzera. 23 argitaletxek salgai emandako obrez gain, ikuskizun eta aurkezpenek herria euskararen «arnasgune» bilakatu dute.

Ziburuko 2. Euskal Liburu eta Disko Azokak arrakasta handia izan du. (BOD EDME)
Ziburuko 2. Euskal Liburu eta Disko Azokak arrakasta handia izan du. (BOD EDME)

Lapurdi kostaldean euskarari eta euskal kulturari tokia eman nahi dion Ziburuko 2. Liburu eta Disko Azokara ehunka pertsona hurbildu dira larunbat honetan. Herriko plazan ezarritako karparen barnean jende andana ibili da 23 argitaletxek eskaintzen duten liburu eta diskoak deskubritzen eta erosten, baita ondoan egiten ari diren liburu aurkezpenetan, ikuskizunetan, tabernetan eta Kaskarotenea ikastolak eskaintzen dituen taloak jaten.

Goizean 10:00etan azoka ireki denetik euskaltzaleak Ziburuko plazaren inguruan bildu dira, frantsesa nagusi den lurraldean gure hizkuntzari tokia ematearen garrantzia azpimarratu dute hasieratik herrian Seaskak duen Piarres Larzabal kolegioko bertsolari gazteek: “Euskararen alde da azoka hasia gogoratu dezagun duen garrantzia, euskara da hizkuntza, azoka bizi da, hizkuntza honen arnasgune nagusia, basamortu erdian gure oasia”.

Euskal kulturaren bilgune ere bilakatu da ‘oasia’, kulturgile ezagun anitz ere ari baitira azokak eskaintzen dituen aukerak baliatzen, covid-19aren ondorioz kultura luzaz armairuan egon eta gero, berriak eta esperientziak partekatzeko parada ezin hobea bilakatu baita.

Plazaren erdian emandako karparen barnean hamarnaka euskaltzale ari dira Euskal Herri osotik etorritako argitaletxeen obrak deskubritzen. 23 stand dira bertan, lehen edizioan baino bost gehiago.

Aurkezpenak

‘Naparra kasu irekia’ liburuko idazlea den Jon Alonso Forcadek aurkezpena egin du. «Nire adinkideei begira idatzi dut liburua, baina iruditzen zait obra bereziki interesgarria dela gazte jendearentzat, gertatu zena jakiteko interesa badute, eduki dezaten bertsio ofizialaren kontrastea» baieztatu du idazleak.

Maia Muruaga kazetariaren gidaritzapean, beste sei idazlek haien obrak aurkeztu dituzte: Maddi Ane Txoperenak ‘Ene baitan bizi da’, Asisko Urmenetak ‘Sugarren mende’, Mikel Antza eta Adur Larreak ‘Burgosko auzia: iraultza eta bizi!’, Jakoba Errekondok ‘Etxeko landareak’, Oihana Aranak ‘Lazunak azkazaletan’ eta Itxaro Bordak ‘Susmaezinak’.

Barnean ere artistekin obrei buruz mintzatzeko aukera bada. Esaterako aurten 40 urte egiten dituen Maiatz argitaletxeak, bere azken liburuak ezagutzera emateko idazleak gonbidatu ditu. Han dira Amaiur Epher ‘Profeten iruzurra’ aurkezten eta Eric Dicharry ‘2022’.

Elkarte gisara sortu zen, urtean bi aldizkari plazaratuz, hiru urte beranduago hasi zen liburuak argitaratzen, eta bertako buru den Luzien Etxezarretak 37 urtez, 120 bat liburu kaleratu dituela azaldu du.

Zuzeneko emanaldiak

Goizean goizetik hasi dira zuzeneko emanaldiak. Maddi Zubeldiak idatzi duen ‘Iturri zaharreko ipuina’ ikusgarri bilakatu du, eta Bernadette Luroren laguntzaz kontatu die bertaratutako ehundik gorako ikusleei. Doinua ere jarri diote musikarien laguntzarekin, eta herriko hiru eskoletako eta Kaskarotenea ikastolako ikasleen ahotsekin.

Gurasoekin batera, euskaltzaleak ere hurbildu dira haurrak eta helduak elkartzen dituen obra ikustera, baina frantsesa nagusi den gunean, euskara ulertzen ez duten pertsonak ere han izan dira. Ikusten ari ziren bi emakumeren arteko elkarrizketak arnasgunearen beharra aditzera eman du, batak besteari euskara zer zen ari baitzitzaion azaltzen, eta haurrak kantuz ikusita hizkuntza hori eskoletan ere ikas daitekeela gaineratzen.  

Eguerdi aldera ‘Zirriborroka’ desafioan aritu dira marrazkilari eta bertsolariak. Maddi Ane Txoperena eta Odei Barroso bertsolariak, Dani Fano eta Asisko Urmeneta marrazkilariekin batera inprobisazio lanetan ibili dira.

Egunari bukaera musikatua emateko, Aguxtin Alkhat eta Julien Labatek kontzertua eskaini dute plazaratu duten ‘Hutsaren hatsa’ diskoa aurkezteko.