Arnaitz Gorriti

Angie Bjorklund jaurtitzaile estatubatuarrak beste urtebete egingo du Lointek Gernikan

Bigarren denboraldia beteko du Washingtongo jokalariak talde bizkaitarrean, bere estraineko aldian 11,8 puntu, 2,4 errebote eta 1,9 asistentzia lortu ostean. Gernikarekin kontratua berritu duen seigarren jokalaria da Bjorklund, Roso Buch, Arrojo, Ginzo, Rountree eta Ariztimuñoren ondoren.

Angie Bjorklundek hurrengo denboraldian ere Malosten jokatuko du. (Raul BOGAJO / FOKU)
Angie Bjorklundek hurrengo denboraldian ere Malosten jokatuko du. (Raul BOGAJO / FOKU)

Angela Deanne Bjorklundek, Angie Bjorklund izenaz ezagunago den jokalariak, beste urtebetez Lointek Gernika Bizkaian jokatuko du, talde bizkaitarrak ostegun honetan konfirmatu ondotik. Washingtongo Spokane Valleyn duela ia 32 urte sortutako hegalekoak bigarren denboraldia beteko du Mario Lopezen aginduetara.

Jokalari estatubatuarra ezer baldin bada, jaurtitzailea da. Iaz batez beste 11,8 puntu, 2,4 errebote eta 1,9 asistentzia erdietsi zituen partida bakoitzean jokatzen zituen 27 minutuetan, eta hiruko jaurtiketetan %43 sartu zuen.

Lointek Gernika Bizkaiari egin dizkion adierazpenetan, «pozarren» azaldu da Bjorklund. «Iaz Marioren –Lopezen– sistemetara egokitzeko denbora apur bat behar izan banuen ere, gero gauzak oso ongi atera ziren eta aurten nik uste gehiago eta hobeto jokatu dezakedala, dagoeneko taldea eta Marioren sistemak ongi ezagutzen baititut».

Hegalekoaren ustez, «iaz erakutsi genuen bezala, aurten ere oso lehiakor izan gaitezkeela uste dut, hala Emakumeen Ligan nola Eurocupean ere. Oso pozik nago, beraz, eta ziur nago Gernikak denboraldi oso ona burutuko duela».

Iazko denboralditik ona Lointek Gernika Bizkaian jarraituko duen seigarren jokalaria da Angie Bjorklund. Aurrez Roso Buch, Belen Arrojo, Margaret Roundtree, Paula Ginzo eta Itziar Ariztimuñori ere kontratua luzatu baitio talde bizkaitarrak.