NAIZ

Farmaziek positiboak zuzenean Osakidetzaren sarean erregistratzea proposatu du EH Bilduk

EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean EAEko farmaziek autodiagnostikorako probetako positiboak zuzenean Osakidetzaren sarean erregistratzeko. Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogoratu duenez,hala egiten da dagoeneko Nafarroan, Katalunian eta Kantabrian.

Antigeno testak Bilboko botika batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Antigeno testak Bilboko botika batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Farmazietan egiten diren test azkarren emaitzak, positibo emanez gero, farmaziek beraiek zuzenean Osakidetzaren sarean erregistratu ditzatela proposatu du EH Bilduk. «Ikusirik kutsatzeen kopuru altuaren ondorioz Lehen Arreta kolapsaturik dagoela eta positiboen kontaktuen identifikazioa gehiegi atzeratzen ari dela aztarnariak gainezka daudelako», taldeak ekimen bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean «pandemiaren kudeaketa hobetzeko, osasun sistemaren gainkarga arinduz eta eraginkortasuna irabaziz».

Rebeka Ubera legebiltzarkideak nabarmendu duenez, «proposamena farmazeutikoekin kontrastatu dugu eta begi onez ikusten dute; Osakidetzak eta farmaziek sare bat partekatzen dute jada errezetak kudeatzeko. Zergatik ez elkarlanean sakondu farmaziek positiboak komunikatu eta pandemiaren kudeaketan laguntzeko? Neurri horrek Osakidetzak une honetan duen zama arindu, arakatzaileen lana erraztu eta, finean, kudeaketa eraginkorrago bat ekarriko luke».

Gogoratu duenez, sistema hori martxan dago dagoeneko Nafarroan, Katalunian eta Kantabrian, eta «interesgarria litzateke EAEn ere farmaziak eta Osakidetza eskutik aritzea birusaren diagnostikoan eta kudeaketan pandemiak iraun bitartean».

Izan ere, «momentu honetan Osakidetzan Osasun Publikoa, arakatzaileak eta Lehen Arreta ezinean dabiltza, gainditurik, proba diagnostikoak egin eta datuak kudeatzeko orduan; ezin diete behar bezala erantzun erregistraturik dauden positiboei eta egon daitezkeen kutsatu posible guztiei. Horregatik, sekulako laguntza litzateke farmaziak Osakidetzaren sarean sartzea eta, autodiagnostikorako testak bertan egiteaz gain, farmaziek beraiek erregistratzea emaitza positiboak Osakidetzaren sarean».