Andoni Arabaolaza

Janja Garnbret-en erakustaldiak urrezko domina historikoan isla izan du

Eskalatzaile esloveniarra bosgarren izan da abiaduran, baina boulderrean zein zailtasunean irabazi du. Miho Nonaka eta Akiyo Noguchi japoniarrak zilarrarekin eta brontzearekin egin dira, hurrenez hurren.

Atzoko gizonezkoen kategoriak ez bezala, emakumezkoek gaur jokatutako finalek ez dute ezustekorik utzi. Janja Garnbret esloveniarrak, oro har, erabateko nagusitasuna erakutsi du, eta, horri esker, lehen urre olinpikoarekin egin da. 

Inolako zalantzarik gabe, Garnbret faborito nagusia zen, eta, esan dugun bezala, ez du hutsik egin. Oso sasoiko iritsi da Olinpiar Jokoetara, eta lehiatzeko manerak bikaintasunetik gertu ibili dira. Oso indartsu da, bai, baina magia du ere. Eta  boulderrean zein zailtasunean eskalatzen ikusteak merezi du.

Finaletako lehen hitzordua abiadurako proba izan da. Sorpresarik ez da egon, eta Aleksandra Miroslaw poloniarra aise gailendu da. Irabazteaz gain, munduko errekor berria ezarri du. 15 metroko murruan 6,84 denbora egin du; aurrekoa (6,94) Iulia Kaplina errusiarrak zuen. Bigarren sailkatua beste espezialista handi bat izan da: Anouck Jaubert frantziarra. Bi espezialista hauek, gainera, proba horretako finalean nor baino nor aritu dira. Miho Nonaka japoniarra hirugarrena izan da. Garnbret-ek, berriz, goi mailako bosgarren postua sinatu du. Sailkapenetako postua hobetu du; izan ere, zazpigarrena izan zen.

Master class

Era horretan definitu behar dugu esloveniarrak boulderreko hitzorduan egin duen jarduna. Hots, erabateko nagusitasuna erakutsi du. Eta berriro diogu, magian oinarrituta. Gogoratu behar dugu Garnbert egungo munduko txapelduna dela, eta Munduko Koparen azken bi ekitaldiak irabazi dituela. Kurrikulum horrekin zaila zen norbait gerturatzea. 

Hitz gutxian esanda, Olinpiar Jokoetako erreginak lehiakide guztiak txikitu ditu; adibidez, bi espezialista japoniarrak, Nonaka eta Akiyo Noguchi, oso atzean utzi ditu. Hiru blokeri edo korapilori egin behar izan dizkiote aurre, eta Garnbret-ek bi askatu ditu. Hori egiten bakarra izan da. Gainerako lehiakideek ez dute bloke bat bera ere igo. Lehen blokean oso ondo lehiatu eta top-era heldu da. Bigarrena oso-oso erraz gainditu du. Hirugarrenak, aldiz, buruhauste handiak eman dizkio, eta ezin izan du askatu.

Beraz, esloveniarra lehena izan da boulderreko proban, Brooke Raboutou estatubatuarra bigarrena eta Nonaka hirugarrena.

Egunaren azken argi izpiekin zailtasuneko proba iritsi da. Zortzi finalistak prest ziren besoetan (eta buruan) zituzten azken indar apurrei eragiteko. Behin-behineko sailkapenean Garnbret buru zegoen, eta urrezko domina etxera eramateko aukera erabat aprobetxatu du. Nonaka zen ohore hori kentzeko lehiakide bakarra, baina esloveniarra iritsi den puntura baino askoz ere beherago erori da. Berri hori jaso bezain laster, esloveniarra emozionatu eta negarrez hasi da. Proposatutako bidean esloveniarrak ez du top egin, baina onena izan da. Bigarren sailkatuari, Chaehyun Seo korearrari bi helduleku atera dizkio. Jessica Pilz austriarra hirugarren postuan sailkatu da.

Puntu guztiak batu ondoren, argi geratu da Garnbret jokatu diren hiru disziplinetan erregularrarena izan dela. Esloveniarra urrearekin egin da, Nonaka zilarrarekin eta Noguchi brontzearekin. Azken japoniar horrek, berez, Miroslaw-ekin puntuetan berdindu du, baina, sailkapenetan postu hobeagoa lortu duenez, podiumaren hirugarren kutxara igo da.