Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Paula Garcia Locay
Zuazo taldeko jokalaria

«Liga oso polita izango da eta edonondik atera beharko ditugu puntuak, gaurtik hasita»

Ohorezko Mailan jokatzeko «ametsa» errealitate egiten dabil Paula Garcia Locay (Muskiz, 1996) jokalaria. 2017an egin zuen debuta baina ondoren, esperientzia bila abiatu zen Zilarrezko Mailara. Minutu onak batu ostean, Zuazon garrantzitsua izan nahi du, gorengo mailako jokalari gisa sendotu nahi du.

Paula Garcia, Lasesarre kanpoaldean. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Paula Garcia, Lasesarre kanpoaldean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

«Sentsazioa gazi gozoa izan zen ze ondo jokatu genuen, talde bezala ondo aritu ginen. Gero, ez dakit oxigeno faltagatik edo, ez ginen gai izan izan azken bost minutuetan geneukan errenta mantentzeko». Zuazok 33-31 galdu zuen denboraldiko lehen neurketa Porriñon, arerio zuzen baten aurka, baina Paula Garciak uste du indartuta atera direla norgehiagoka hartatik. Muskizeko jokalaria protagonista izateko itzuli da «etxera», Zilarrezko Mailan –Errioxako Sporting taldean– bi denboraldi on egin eta Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzailearen deia jaso ostean.

Elx, Superkopako garailea, izango dute arerio larunbat honetan Lasesarren (19.00etan) eta neurketako giltzarriak, denboraldiko aurreikuspenak, sentsazioez eta abar mintzatu da lehen lerroko jokalaria. 

Porrot honek eragin gehiegirik ez edukitzea espero duzue? 

Uste dut denboraldiko lehen partida izateak ere eragina izan zuela, urduritasuna zegoen, talde oso gaztea daukagu. Dena dela, moralki indartuta atera ginela uste dut eta hurrengo partidetarako baliagarri izango zaigu. Ondo jokatu genuen, taktikoki zein teknikoki.

Denboraldi-aurrean zenbait neurketa jokatu zenituzten, tartean bi Bera Beraren aurka, eta ikusten da taldea aldatu egin dela. 

Bai, uste dut aldaketak egon direla nabaritu dela denboraldi-aurrea hasi zenetik. Egia da, dinamika antzerakoa dela jokoa berdina izaten jarraitzen baitu, baina aspektu berri batzuk sartu ditugu. Uste dut denboraldia aurrera doan heinean hobetzen joango garela eta berriak garenok egokitzen joango gara, agian Porriñon falta izan zitzaigun soltura hartzen joango gara gutxika-gutxika. 

Aurreko denboraldietan taldeak aldaketa gutxi batzuk jasan izan ditu, muina mantendu izan du, aurten ez. Bost jokalari berri iritsi zarete. Nola ikusten duzu taldea? 

Taldearen muina osatzen zuten hiru jokalari joan dira –Ainhoa Hernandez, June Loidi eta Maddi Aalla–, txapelketako jokalari onenen artean daude. Bost jokalari berri iritsi gara, guztiak gertukoak, bakoitza bere ezaugarriekin eta talde moduan indartsuak garela uste dut. Talde bat gara kantxan eta kantxatik kanpo eta horrek neurketa batzuk irabazteko balioko digulakoan nago.  

Zein izango da zure egitekoa? Taldea zuzentzea?

Bai, tira… Hasiera batean egokitzea apur bat kostatu zait ze Errioxako Sporting taldearen jokoa ezberdina zen. Nire egitekoa izango da ahal bezain laster egokitzea eta taldeak behar duen horretan laguntzea. Oso eroso sentitzen naiz taldea zuzentzen, asko gustatzen zait taldea zuzentzea, baina horretarako gehiago egokitu behar naiz, nire taldekideak gehiago ezagutu behar ditut. Nolanahi ere, lehen lerroko postu guztietan jokatuko dut eta entrenatzaileak hegalean behar baldin banau ere, gustora jokatuko dut. 

Zein mezu helarazi dizu Joseba Rodriguez “Haito” entrenatzaileak? 

Sporting La Riojan izan naizen jokalaria izaten jarraitu dezadala. Adierazi dit aldaketa bat eman dela Muskizeko jokalaria nintzen horretatik Logroñon izan naizenera, heldutasun puntu bat hartu dudala. Bide horretan jarraitzeko eta disfrutatzeko esan dit.

Zilarrezko mailan eman dituzun bi denboraldiak hazteko balio izan dizue?

Bai, guztiz. Esperientzia oso aberasgarria izan da. Egia da Muskizetik atera nintzela Haitok esan zidalako esperientzia batzeko ordua zela. Asko eskertu nion, ze hemen geratuz gero, ez nuke minuturik jokatuko. Asko hazi naiz kirolari moduan eta orain hori islatu nahi dut Zuazon. Jokalari bezala sendotu nahi dut.

«Asko hazi naiz. Ez dakit Ohorezko Mailarako guztiz baliagarria naizen, baina uste dut Zuazori zenbait gauza eskain diezaiokedala»

2017an egin zenuen debuta Ohorezko Mailan Zuazorekin. Nola aldatu zara urte hauetan?

Bai, Granollersen aurka egin nuen debuta, hemen etxean. Jokalari gisara oso ezberdina nintzen, oraindik ez nintzen guztiz heldua. Bi urte hauetan Zilarrezko Mailan jokatzeak, igoera fase bat barne, eta Muskizen jaitsiera saihesteko borrokan egote horrek ere beste balore batzuk eman dizkidate, eskubaloia beste modu batera ikusarazi didate. Debuta egin nuenean hegalean jokatu nuen eta orain lehenengo lerroan finkatuta nago; beraz, guztia da ezberdina. Gainera, orain taldeko jokalaria naiz, orduan ez bezala.

Uste duzu erakutsi duzula Ohorezko Mailako jokalaria zarela?

Bai, ez dakit erakutsi izana den hitz egokia, baina izan daiteke, bai, ze Haitok berriro deitu dit. Bi urte kanpoan egon naiz eta itzultzeko deia jaso dut.

Giltzarri izan zara igoeragatik borroka egin duen talde batean. Horrek ere izango zuen eragina, ezta? 

Bai, hori da. Asko hazi naiz eta horretarako lan egin dut. Ez dakit Ohorezko Mailarako guztiz baliagarria naizen, baina uste dut Zuazori zenbait gauza eskain diezaiokedala, defentsan edo erasoan ondo egokitu bainaiteke.

Denboraldiaurrean oso joko bizia erakutsi zenuen. Ez dakit hori den zure ezaugarri nagusia…

Bai, izan daiteke. Gainerako jokalariengandik ezberdintzen naiz jokalari lehergarria naizelako, dinamikoa naizelako. Zuazoren jokoa ere halakoxea da, defentsa oso dinamikoa dauka, esaterako. Bizitasun hori eskain dezaket, baita nerbio apur bat ere (barre).

Taldearen helburua maila ez galtzea izango da. Badirudi urteak pasatu ahala, salbazioa gero eta garestiago dagoela. Aurten lau talde jaitsiko dira. 

Errealistak izanda, salbazioa izango dugu helburu, partidaz partida zentratuz. Behin hori lortuta, beste zerbaitetan ere pentsatzen has gintezke. Uste dut liga oso polita izango dela eta edonondik atera beharko ditugula puntuak, gaurtik hasita.

Denboraldi-aurrean entrenatzaileak zioen jaitsiera hain estu egote hori baliagarri izan daitekeela taldearen onena ateratzeko. Hala uste duzu? 

Bai, adi egotera behartzen zaitu, ze jaitsiera saihesteko borrokan zortzi talde egon gaitezke. Azken momentura arte estu egongo da eta motibagarria izan daiteke, tentsio on bat eskaini diezazuke. Horrekin jokatzen jakin beharko dugu, tentsio hori ona izan dadin. 

Hori kudeatzen jakin egin behar da. 

Hori da. Tentsio hori, presio hori kakotx artean, motibagarri bilakatu behar dugu. Energia atera behar dugu, adi egon gaitezen. Ezustekoz beteriko txapelketa izango da, edonor garaitzeko gai gara eta edonork irabaz diezaioke edonori. 

«Tentsio hori, presio hori kakotx artean, motibagarri bilakatu behar dugu. Energia atera behar dugu, adi egon gaitezen»

Elx taldeari, Superkopako txapeldunari, baita ere?

Bai. Granollersen aurka berdintzetik dator, Granollers ere talde ona da baina, zergatik ez? Aste honetan ondo prestatu dugu partida. Etxeko lehen neurketa da. Espero dugu jendea lagun izatea.  Guk guztia emango dugu ikuskizun on bat eskaintzeko. 

Zein izango da Elx geratzeko giltzarria?

Joaquin Rocamorak –Elx taldeko entrenatzaileak– asko daki, egia esan. Aulkian gerra ederra egongo da (barrezka). Azken denboraldietan Elx-i ez zaio guztiz ondo eman Lasesarre, gaizki pasatu izan du. Defentsako erdiko lerro sendoa daukate, baina gure eraso dinamikoak, Alba Sanchez eta Madaren aurrez aurrekoekin, min egin diezaiekeelakoan nago. Beraien erasoa gehienbat distantzia luzeko jaurtiketetan oinarritzen da; oso onak dira horretan. Gure defentsa bakoitia, hala ere, deserosoa izan daiteke beraientzat. Dena dela, ez dut sekretu gehiago kontatuko, Rocamora adi egongo baita (barrez).

Hondartza-eskubaloian ere jokatzen duzu. Zer dela eta hasi zinen?

Nik beti nahi izan dut gehiago, anbizio handikoa naiz. Euskadin hondartza-eskubaloian jokatzen genuen eta errezeloarekin ikusten nituen txapelketa estatalak. Duela hiru urte lagun bat Murtziako talde batekin jarri zen harremanetan, Mal Menor deitzen da taldea, eta fitxatu egin ninduten. Biak uztartzen saiatzen naiz. Udaran, ekaina eta uztaila bitartean "Arena Handball Tour" egoten da, zirkuito estatal bat da, eta abuztuan Espainiako txapelketa jokatzen dugu. 

Hau da, ez duzu atsedenik hartzen, ezta?

Ez. Pistako denboraldia amaitu eta ondorengo bi asteetan ez dut ezer egiten, surf pixka bat, gimnasioa, kardio-ariketak… Eta ondoren hasten naiz hondartza-eskubaloiarekin.

«Hondartza-eskubaloiak asko laguntzen dit. Energiaz beteta iristen naiz pistako denboraldira, maila mantentzea ahalbidetzen dit»

Eta zer ematen dizu hondartza-eskubaloiak ondoren pistan jokatzeko? Hondarretik pista gogorrera pasatzea ez al zaizu arraroa iruditzen?

Ez, mundu guztiak esaten dit baina guztiz alderantziz da. Asko laguntzen dit. Energiaz beteta iristen naiz pistako denboraldira, maila mantentzea ahalbidetzen dit. Egia da kontraesankorra izan daitekeela, ez baitut deskantsatzen, baina ez dut gehiegirik behar. Ez dut ikusten kalte egiten didanik. Ikusiko banu kalte egiten didala Ohorezko Mailan jokatzeko, nire ametsa dela, ba ez nuke egingo. 

Ametsa betetzen zabiltza, orduan?

Bai, Muskizen hasi nintzenetik izan da nire ametsa. 16 urterekin surf eta eskubaloiaren artean aukeratzera behartuta egon nintzen eta eskubaloia aukeratu nuen. Ahal bezain gehien disfrutatu nahi dut.