Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

30 orduko lan astea eta 60 urterekin erretiroa hartzea proposatu du LABek

Lan Kode eta Gizarte Segurantzako lege propiorako egitasmoa aurkeztu du LABek Gasteizeko Legebiltzarrean, eta ondoren Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko erakundeetara eramango du. 30 orduko lana astea eta erretiroa 60 urterekin hartzea proposatu du, beste neurri batzuen artean.

LABek Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egindako agerraldia, bere proposamenak aurkezteko. (Raul BOGAJO/FOKU)
LABek Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egindako agerraldia, bere proposamenak aurkezteko. (Raul BOGAJO/FOKU)

LABeko idazkari nagusia den Garbiñe Aranburuk bi lege proposamen erroldatu ditu ostegun honetan Gasteizko Legebiltzarrean: Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako Legea. Sindikatuak diseinatutako Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako euskal esparrua eraikitzeko proposamenaren parte dira, eta Euskal Bide-Orri bat eraikitzea dute helburu: «Euskal Bide-Orria burujabetzan aurrera egiteko eta egungo eskuduntzekin langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko».

Komunikabideen aurrean Aranburuk azaldu duenez, lan guztiak aitortu, banatu eta duintzeko, sexu generoaren araberako lan banaketarekin amaitu eta diskriminazio egoerak gainditzeko proposamenak jasotzen dira Lan Kodean. «Zaintza, enplegua eta ondasuna banatzeko proposamenak, hain zuzen ere», adierazi du. Eta Gizarte Segurantzako Legean pentsio eta babes sozial duina ziurtatzeko neurriak jasotzen direla iragarri du.

Hala, LABek gehienezko lanaldia asteko 30 ordukoa izatea proposatu du. Dioenez, lanaldiaren murrizketa nabarmena gertatuko da. Horren bidez, enplegua sortu eta banatuko da eta «Lan Kodearen oinarrizkoa den enplegu bermatuaren eskubidea bermatuko da». Eta, «logika berari jarraiki, aparteko orduak debekatuko dira». Gainera, lan astea bost egunetan antolatuko da gehienez. «Neurri horren helburua da enplegatuaren bizitza eta osasuna erdigunean kokatzea, beharrezko atsedena, deskonexioa eta bizitza laboral eta pertsonala uztartzeko aukera bermatzeko».

Egutegi propio eta laikoa babestu du LABek eta zenbait aldaketa proposatu ditu soldatari dagokionez. «Soldatak doakoak ez diren ondasun eta zerbitzuak eskuratzea ahalbidetuko dizkigun errenta izaera izango du. Pertsona bakoitzak egiten duen enpleguaren soldata gisa jasoko badu ere, enplegu izaerarik gabeko zaintza lanen ordaina ere izango da. Beraz, lan produktiboak zein erreproduktiboak egitearen ordaina izango da soldata bidez jasoko dugun errenta», dio lege proposamenak.

Jardunaldi osoan Euskal Herriko batezbesteko soldataren %60a izango da gutxieneko soldata, eta lanaldi partzialetan lan orduko %20 gehiago jasoko da. «Negoziazio kolektiboaren bidez ordainsaria hobetu ahal izango da, inolaz ere ez murriztu; eta gehieneko soldata mugatu egingo dugu. Soldatarik altuena gutxieneko soldata hiru aldiz izango da».

Erretiroa, 60 urte betetzean

Erretiroari dagokionez, sindikatuak ohiko erretiroa modu mailakatuan egitea proposatzen du. «58 urte betetzean txanadakako kontratua egingo zaie langile guztiei, eta erretiro osoa hartuko dute 60 urte betetzean. Tarteko bi urte horien helburua izango da langile berriei lanpostuari dagokion jakintza helaraztea. Lehenengo urtean %60ko erretiroa hartuko du langileak eta bigarrenean %80koa».

Halaber, erretiro pentsioa jasotzeko zenbait baldintza proposatzen ditu. Testuan azaltzen denez, ez da gutxieneko kotizazio aldirik eskatuko; eta kotizazioen arabera kalkulatuko da pentsioa, eta lan bizitzan osorik langilearentzat onuragarrienak diren bost urteak hartuko dira kalkulu hori egiteko. Gutxieneko eta gehienezko pentsioei dagokienez, gutxienekoa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata halakoa izango dela dio LABek. Gehienezko pentsioa gehienezko soldataren adinakoa izango da, hau da, gutxieneko pentsioaren hirukoitza.

Zaintzarako funts publikoa

Zaintzarako funts publikoa ere aldarrikatzen du LABek erroldatu duen testuan. «Zaintzarako funts publiko solidario bat sortuko dugu. Horretarako, enplegatu eta lantegi guztiek ekarpen bat egin beharko dute funts horretara eta zaintzara dedikatzen diren langileek funts horretatik jasoko dute beren soldata», azpimarratzen du, eta haurdun dauden emakumeentzat prestazio ekonomikoa soldata errealaren %100 izatea proposatzen du.

«Haurdunek ezintasun iragankorra hartu behar izaten dute erditu aurretik, haurdunaldiko azken asteetan haurdunaldiak eskatzen duen atsedena hartu eta fetua eta euren burua zaintzeko. Haurduna gaixotzat jotzen da, beraz. Haurduna ez dagoela gaixo aldarrikatzen dugu guk eta beraz, haurdunaldiak eskatzen duen prestazio espezifiko bat sortzea proposatzen dugu», dio.

Erditzea eta gurasotasunari begira ere neurri berriak jasotzen ditu testuak. Erditu duen pertsonak 6 asteko baimen ordaindua izango du, erditu duen unetik hasita. Erditze konplikatuen eta zesareen kasuan 12 astera arte luzatu ahal izango da baimena. Gurasotasunari dagokionez, jaiotza, adopzio zein harrera bidez guraso izan diren pertsona guztiek 20 asteko baimena izango dute seme-alabak zaintzeko, gurasotasuna gertatzen den unetik.

«Erditzen duten pertsonen kasuan izan ezik, jaiotza, adopzioa edo harrera gertatzen den unea hartuko da erreferentziatzat. Erditzeen kasuan, erditze prestazioa bukatu ondoren hasiko da baimena. Haurraren guraso biek hartu beharko dute baimena, eta pertsonala eta besterenezina izango da. Guraso bakarren kasuan baimena 40 astera arte luzatuko da».

Premiazko neurriak

Neurri hauek Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamenetan azaltzen dira. Dena den, Aranburuk adierazi duenez, egungo eskumenetatik abiatuta, premiazko izaeraz, langileen bizi baldintzak hobetzeko neurriak har daitezke. Horregatik Gobernua osatzen duten alderdiei eskatu die neurriak patronalak Akordio Interprofesional batean adostu dezan. «Akordio Interprofesional bat, 1.400 euroko gutxieneko soldata bermatzeko; ezarritako soldata arrakalari eta lanaldi partzialei amaiera emateko; 30 orduko lanaldia ezartzeko; edo behin-behinekotasunari amaiera emateko eta enplegua duintzeko».

Gainera, neurriak eskatu dizkie alderdiei pentsioak 1.080 euroan osatzeko eta pentsioen arrakalarekin amaitzeko, laneko osasuna bermatzeko, zerbitzu publikoak indartzeko eta negoziazio kolektiborako esparru propioa defendatzeko. Eta neurri hauek aurrera eramateko erreforma fiskala ezinbestekoa dela ohartarazi du, «kapital errentak eta enpresa irabaziak gehiago zergapetzeko».