NAIZ

Maltak laguntza ukatu eta bere uretatik urruntzeko esan diola salatu du Aita Marik

Bost egun dira 105 lagun erreskatatu zituztenetik, eta Aita Marik salatu duenez, Maltak SAR eremuko betebeharrak saihestu eta lehorreratzeko laguntzari uko egiteaz gain, «bere uretatik urruntzeko» esan dio, «olatu gutxien duen lekua» izan arren.

Aita Mari erreskate ontziak Twitterren partekatu duen irudietako bat. (@maydayterraneo)
Aita Mari erreskate ontziak Twitterren partekatu duen irudietako bat. (@maydayterraneo)

Aita Mari erreskate-ontziak gogor kritikatu du larunbat honetan Maltako agintariek euren uretatik urruntzeko eskatu izana, orain Mediterraneo itsasoko olatuetatik babestuta dagoen leku bakanetakoa izan arren.

«Maltak SAR (Bilaketa eta Erreskatea, ingelesezko sigletan) eremuko betebeharrak saihesteaz gain, uko egiten dio lehorreratzearen koordinazioan laguntzeari», adierazi dute.

«Bere uretatik urruntzeko deitzen digu, olatu gutxien dituen leku bakarra. 105 pertsona torturatu dituzte Libian, bosgarren egunez Europar Batasunaren, Italiaren eta Maltaren erantzun humanitarioaren zain daude!», esan dute itsasontzitik sare sozialetan.

Joan den urriaren 18an, Aita Mari ontziak Mediterraneoan, Maltako SAR eremuan, jitoan zegoen egurrezko txalupa batean zeuden 105 migratzaileri lagundu zien. Salbatutakoen artean gaixorik dauden lagunak eta zortzi adingabe daude.

Urriaren 15ean, Aita Marik amarrak askatu zituen Burrianako portutik (Castello) Mediterraneo erdialdera bidean, edukiera 120 lagunetik 150era handitzeko eraberritze bat egin ondoren.

Aita Mari ontziko aktibistek erreskatatutako pertsonek gorputzean dituzten markak erakutsi dituzte sare sozialetan, eta ohartarazi dute haietako batzuk torturen biktimak izan direla.