NAIZ

Adineko gizon bat hil da zuhaitzen kimatze lanetan ari zenean Bastidan

70 urte inguruko artisau bat zendu da astearte honen arratsaldean Nafarroa Behereko Bastida herrian zuhaitz baten kimatze lanetan ari zelarik lurrera erori ondoren.

70 urte inguru zuen gizonezko bat hil da gaur asteartean arratsaldean Nafarroa Behereko Bastida herrian. Artisaua zuhaitz batean altueran kimatze lanak egiten ari zelarik gertatu da istripua.

Ezbeharra arratsaldeko 16.00ak aldera gertatu da Bastidako erdigunetik pare bat kilometrora.

‘Sud-Ouest’ kazetak argitaratu duen albistearen arabera herrian oso ezagun zen gizona lur eremu batean zuhaitz baten kimatze lanetan ari zen.

Artisaua alturan ari zen lana, gondola batean, eta handik erorita hil da.

Lehenengo aztarnen arabera pizu handiko adar batek jo omen du gizona eta horren ondorioz jaso du ezbeharra.

Pessarou auzoan gertatu da lan istripua. Ezbeharra gertatu ondoren Hazparneko sorospen zerbitzuek berehala artatu dute gizona. Handik gutxira helikopteroz Baionako erietxetxetik Samur zerbitzuko kideak heldu dira baitaere.

Gizonaren bizia salbatzeko xedez istripua gertatu den tokian bertan hura berpizteko lehenengo maniobrak egin dizkiote. Izan ere, alferrik izan da, adineko behargina eroriaren ondorioz zendu baita.