Arnaitz Gorriti

Malosteko euskal derbiak Top 8an iltzatuko du garailea eta arazotan sartu galtzailea

Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik 5-4 balantzea berdintzen dute, eta Kopan sartzeko aurrerapauso itzela emango du garaipen hau pilatzen duenak. IDK Euskotrenek, berriz, Benbibreren aurka jakingo du beherantz ala gorantz, nora begiratu behar duen.

Mendizorrotzan zein Malosten, derbi oso estuak jokatu dituzte gasteiztarrek eta gernikarrek. (Endika PORTILLO / FOKU)
Mendizorrotzan zein Malosten, derbi oso estuak jokatu dituzte gasteiztarrek eta gernikarrek. (Endika PORTILLO / FOKU)

Endesa Ligako aurreneko itzulia bere azken txanpan sartzera doa, larunbat honetan hamargarren jardunaldia jokatuko baita. Euskal taldeen neurketarik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, 18.30etan Malosten Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik jokatuko duten euskal derbia izango da. Derbi batek berez dakarren ohiko emozioaz gain, Top 8an sartzeko borroka bizian daude biak ala biak, 5-4 balantzearekin berdinduta, eta nahiz eta uneotan biek duten lekua Ligako zortzi aurrenekoen artean, galtzaile suertatzen denak lanak izango ditu aurreneko itzulia amaitzeko faltako diren bost neurketetan.

Asteazkenean La Roche Vendeeren aurka egurra jasotzetik dator Lointek Gernika Bizkaia, eta bere aldetik, joan zen igandean 44-92 galdu zuen Kutxabank Araskik Perfumerias Avenidaren aurka. Alegia, biek ala biek aho zapore garratza laga dien neurketa atzean lagatzeko itxaropena dute.

Ez dira, itxura baten, kikilduta aterako azkenengo neurketa okerra izanagatik. Kutxabank Araskiko Maria Asurmendi antolatzaileak –orkatila bihurritu bat jasan eta azken bi neurketetan jokatu ezinik aritu eta gero– hedabide honi emandako elkarrizketan esandakoaren harira, «Gernika edo gu geu bezalako talde lehiakorrek motibazio handiagoz jokatzen dute hurrengo partida porrot mingarri bat jasan eta gero». Bada, antolatzaile iruindarraren esanari so ginez gero, Malosteko derbia talde biek motibazioz gainezka jokatuko dute.

Esan bezala, Kutxabank Araskik Maria Asurmendi berreskuratuko du Malosteko derbian eta halakoren batean taldea osorik izango du Madelen Urietak. Bestalde, Eurocupean ezin erabili dituelako, eskertuko du Lointek Gernika Bizkaiak Margaret Roundtree eta Lashann Higgs berriz ere kantxara itzuli ahal izatea.

Talde hauek biek azken aldiz Euskal Kopan ikusi zuten elkar, eta orduko hartan gernikarrak 77-62 nagusitu ziren, baina hura denboraldi aurrea besterik ez zen.

Martxa berriro hartu nahian

Bestalde, IDK Euskotrenek Benbibreren aurka jokatuko du Gasca kiroldegian larunbatean, 18.00etatik aurrera. Kutxabank Araskiren aurkako derbian eta Gironan galdu eta gero, 3-6ko balantzearekin geratu dira Azu Muguruzarenak. Uneotan zortzigarren postua bi garaipenetara dute donostiarrek, eta beste bost talderekin berdinduta daude gainera.

Tartean, Benbibre berarekin, hain zuzen. Gipuzkoarrak uneotan sailkapen nagusiko hamaikagarrenak dira, eta hamalaugarrenak Bierzokoak. Etxean jokatzen dutelako, Azu Muguruzarenek beharko lukete faboritoak, are gehiago asteon Lena Niang pibot senegaldarra fitxatu eta gero. Irabaziz gero, berriz ere martxa hartu eta gorantz begira jartzeko aukera izango lukete donostiarrek.