NAIZ

Bidasoak bizi duen osasun egoera dela-eta, Huescaren aurkako partida ere atzeratu egin da

Astearte honetan Polonian jokatu beharreko partida ere atzeratu egin da, larunbatean egindako PCR probetan covid-19 positibo gehiago antzeman ostean. Dagoeneko, larunbatekoarekin, lau partida atzeratu behar izan ditu talde bidasotarrak. Lehendabiziko biek jada badute data berria. 

Kauldi Odriozola Toulouse taldearen aurka Artalekun jokaturiko partidan. (Jon URBE/FOKU)
Kauldi Odriozola Toulouse taldearen aurka Artalekun jokaturiko partidan. (Jon URBE/FOKU)

Koronabirusa ez dago atsedenik ematen Bidasoa Irun taldeari. Duela astebete taldean zenbait kasu positibo antzeman zituzten –klubak ez zuen zehaztu kopurua– eta hala, EHF European Leagueko partida eta asteburu horretako Asobal ligakoa atzeratzeko erabakia hartu zen. Bazirudien aste amaieran egoerak hobera egingo zuela baina larunbatean eginiko PCR probetan, kasu positibo gehiago antzeman zituzten. 

Horren ondorioz, Orlen Wisła Płock taldearen aurkako partida –astearte honetan jokatzekoa zena– atzeratzeko eskakizuna luzatu zion EHF-ri. Baimena eman zion Europako Federazioak eskakizuna onartu zion.

Bada, astearte honetan klubak iragarri du «oraindik ere taldeak bizi duen osasuna egoera dela-eta», asteburuan jokatzekoa zen Bada Huescaren aurkako ligako partida ere atzeratu egingo dela. Hala, Bidasoa-Irunek eskerrak eman nahi izan die Asobal eta Espainiako Federazioari, egoera kontuan hartu eta eskakizuna onartzearren. 

Data berrien bila

Orain data berri bat bilatu beharko dute bidasotarrek, bai Orlen Wisła Płock aurkako demarako zein Bada Huescaren aurkako partidarako. 

Pasa den astean atzeratuak izan ziren bi partidek baduta jada data berria: Pfadi Winterthur talde suitzarraren aurka abenduaren 14an jokatuko da (18.45etan, AXA Arena pabiloian) eta Atletico Valladoliden aurkako ligako partida abenduaren 18ra lekualdatu dute (17.00etan, Huerta del Rey pabiloian).