Arnaitz Gorriti

Karanbola bati esker, Gernika Bizkaiak bizirik dirau eta Eurocupeko kanporaketan izango da

H multzoko hirugarren postuan amaitu dute gernikarrek eta average ona dutenari eskerrak, 32 onenen artean sailkatu dira. Turkiako CBK Mersin Yenisehir Bld taldea –Çukurova Basketbol– izango du aurkari. Joaneko partida hilaren 15an Malosten jokatuko du eta itzulerakoa Turkiaren, hilaren 22 edo 23an.

Ia ezustean izan bada ere, Lointek Gernika Bizkaiak bizirik dirau Europan. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Ia ezustean izan bada ere, Lointek Gernika Bizkaiak bizirik dirau Europan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Ea zortea behingoan gure alde erortzen den», erregutzen zuen Roso Buch Lointek Gernika Bizkaiako antolatzaileak Flammes Caroloren aurka 56-58 galdu ostean. Hasiera baten zorteak ere bizkarra eman zion talde gernikarrari, Virtus Boloniak 63-67 irabazi baitzion artean garaiezina zirudien La Roche Vendee multzoko liderrari. Bada, H multzoko laugarren eta azken postuan sailkatu zela ustean, Lointek Gernika Bizkaiaren Europako ibilbidea etentzat jo genuen guztiok. Baita klub bizkaitarrean ere.

Alabaina, FIBAk 2021/22 denboraldiko Emakumeen Eurocupeko orrialdeko sailkapenetan Lointek Gernika Bizkaia hirugarren postuan agertzen zen, Virtus Boloniarekin berdinduta. Nola ordea? Bizkaitarrek Italian 60-65 irabazi zuten H multzoaren aurreneko jardunaldian, eta laugarrenean 62-67 galdu. Ustez, averagea berdindurik dagoen horietan garaipenean puntu gehien sartzen zuenak omen zuen lehentasuna, eta irizpide hori errespetatu izan balitz, italiarrek aurretik beharko zuketen.

Ez ordea. Lointek Gernika Bizkaiako prentsa arduradunak berak FIBAko ordezkariei kontsulta egin behar izan zien sailkapena zuzen ote zegoen galdetzeko, eta berandu izanda ere, jaso zuen erantzuna: sailkapena zuzen zegoen.

«Bi talde edo gehiagoren arteko averagea berdinduta balego, taldeek orotara sartu eta jaso dituzten puntu kopurua hobesten da desenpatea burutzeko», zioen erantzun hark. Hala, Lointek Gernika Bizkaiak sei partida jokatu ostean, 388 puntu pilatu zituen alde eta 408 jaso; hau da -20ko balantzea. Virtus Boloniak, berriz, 366 puntu alde eta 432 kontra; alegia, -66. Biak bina garaipenekin berdindu zutenez gero, eta bien arteko averagea ere berdinduta zegoenez, desenpate horretan gernikarrak garaile.

Belen Arrojoren saskiratzea

Aurrera jarraitu baino lehen, Virtus Boloniaren aurka porrotera itzuli behar da. Average partikularra ere galdutzat jotzen bazen ere, ez zen hala izan, Belen Arrojok partida galduta zela sartu zuen saskiratze bati esker. Partida 60-67 zihoan eta Granadako hegalekoak partida hartan gauzatu zituen bi puntu soilak azken segundoetan lortu zituen.

Alperrik egindako lana zirudien, baina hegaleko andaluziarrak teorian onartu baina praktikara ia sekula eramaten ez diren lan bat burutu zuen: azken segundora arte lanean jarraitzea, puntu bakoitzak garrantzia izan dezakeelako. Granadakoak ezustean Gernikaren aldeko karanbola bideratu zuen, eta Roso Buchek eskatu zuen moduan, zortea aldeko zuen talde bizkaitarrak, hirugarren amaitu baitzuen.

Hala, osteguneko jardunaldiaren zain, bizirik jarraitzen zuen talde bizkaitarrak Emakumeen Eurocuopean, izan ere, aurrera egiteko multzo bakoitzeko aurreneko biak sailkatzen ziren –24 talde–, gehi 12 multzoetatik hirugarren postuan amaitzen zuten 8 talderik onenak. Orotara, 32 talde.

Osteguneko jardunaldiari so, ia egintzat jotzen zen Lointek Gernika Bizkaia 32 onenen artean sailkatuko zela, baina azken ordura arte ez zen ezagutu. Azkenean, 32tik 29.ena izan zen Lointek Gernika Bizkaia eta, bada, multzoen fasean hirugarren lanik onena egin duen aurkaria egokitu zaio.

C multzoko nagusia

Talde hau ez da besterik Turkiako CBK Mersin Yenisehir Bld –Çukurova Basketbol izenaz ezaguna– baino, C mutzoko txapeldun eta nagusia: sei garaipen beste haibeste partida eta gero, 507 puntu alde –partidako 84,5– eta 368 kontra –61,3 batez beste–. Bourges eta Valentzia Basketen atzetik, multzoen faserik onena egin du talde turkiarrak.

Sailkapena eskuan, multzoko faseko azken jardunaldian bakarrik irabazi du 10 puntu baino gutxiagoko aldeaz. Azken aldian Quanitra Hollingsworth edo Temi Fagbenle jokalariak galdu baditu ere, oso jokalari indartsuak ditu oraindik. Tiffany Hayes estatubatuarrak 18,7 puntu lortu ditu batez beste aurtengo Eurocupean, eta bera da taldeko erasoko erreferente nagusiena.

Berarekin batera, Shavonte Zellous Kroaziako hiritartasuna lortu duen hegalekoa, –15,7 puntu–, Yvonne Turner hungariarra –12.7 puntu eta lau asistentzia– eta Kristine Anigwe pibot ingelesa –14 puntu eta 13 errebote– dira Çukurova Basketbol honetako izarrak.

Kanporaketa honetan puntu diferentziak erabaiko du aurrera zeinek jotzen duen. Hala, hilaren 15an Malosten jokatuko den joaneko neurketan direnak eta ez direnak jo beharko ditu talde bizkaitarrak. Itzuliko partida astebetera, hilaren 22 edo 23an, oraindik erabakitzeke baitago, izango da, Turkian.

«Eurocupeko talderik gogorrenetakoa da, ziur asko, eta hori jokalari zenbait galdu dituela. Talde oso indartsua da, WNBAko jokalariz betea. Oso talde ona da, oso lehiakorra, baina partida bakarrean zernahi gertatu liteke. Garbi izan behar dugu nolako aukera bistaratu zaigun, eta orain aukera hau baliatu behar dugu», iritsi zio Itziar Ariztimuño antolatzaileak.

Bistan da kanporaketa honetan aurrera egiteko gorriak eta beltzak ikusi beharko ditu Lointek Gernika Bizkaiak, baina behintzat bizirik dirau, eta hori asteazken gauean inork gutxik espero zuen.