Arnaitz Gorriti

Kopa helburu, urratsak ematen jarraitu behar dute Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek

Leganes igo berria izango da donostiarren aurkaria Josean Gascan eta bizkaitarrek, berriz, Bembibre talde ahula jasoko dute Malosten. Garaipenak lortuz gero, Emakumeen Ligako Top 8an sendotuko lirateke biak ala biak, domekan Araskik Zaragozan zer egiten duen zain.

Azken bi garaipenekin Top 8an sartu da IDK Euskotren. (Jon URBE / FOKU)
Azken bi garaipenekin Top 8an sartu da IDK Euskotren. (Jon URBE / FOKU)

Ez dago beti berdina zertan esan, baina Endesa Ligako aurreneko azken neurketa guztiak Kopara begira egiten dira. Valentzia Basket etxeko taldeaz gain Perfumerias Avenidak ere matematikoki sailkapena eskuan dauka, eta Girona Cadi La Seu eta Lointek Gernika Bizkaiak ere berandu baino lehen bermatzeko moduan izango dute txartela. Ohikoa den moduan, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren postuak finkatzeko sasoian egundoko muturrekoak izango dira falta diren lau jardunaldietan.

IDK euskotren prest dago aurkariekin mutur-joka aritzeko baldin eta Top 8an sailkatzen bada. Jokatu dituen azken bi neurketak irabazi egin ditu Azu Muguruzaren taldeak eta zortzigarren posturaino igo da 5-6 balantzearekin. Alabaina, beste lau taldek –tartean igandean Zaragozan jokatu behar duen Kutxabank Araskik– ere balantze berbera dute eta ez dago Top 8an denentzat lekurik.

Donostiarren aurkaria Innova Leganes talde igo berria da, eta hau ere Kopan aritzeko nahian dabil, bere 5-6 balantzea aldean daramala. Madrildarrek beren azkenengo hiru neurketak irabazi dituzte eta, average orokorraren erruz, oraingoz Top 8tik kanpo badaude ere, ez dago esan beharrik Josean Gasca kiroldegian irabaziko balute egundoko urratsa emango luketela. Neurketa 18.00etan hasiko da.

«Leganesen trantsizioa geratu behar dugu», azpimarratu du partida bezperan Azu Muguruzak. «Gure erasoaren eta defentsaren arteko oreka bilatu behar dugu; 40 minututan bilatu ere, ez 10 edo 15 minutuz bakarrik. Gure erasoko jokoan konfidantza badugu eta Leganesen trantsizioa geratzeko kapaz bagara, aukerak izango ditugu», adierazi du.

Maria Jespersen, Ami Okonwo eta iaz arte Donostian jokatu zuen Laura Garcia dira talde madrildarraren jokalaririk behinenak. Aurkari zuzena dute aurrez aurre donostiarrek, bada, ezin dute kale egin.

Etxea gotortu nahian

Eurocuopean orain arte ez du Malosten irabazi, baina Lointek Gernika Bizkaiak etxeko partidak gotorleku bilakatu nahi ditu Endesa Ligan. Datorren asteazkenean Çukurova talde turkiarraren aurka jokatu aurretik, larunbat honetan 18.30etan Bembibre ahula jasoko du talde bizkaitarrak Malosten, eta ez dio hanka egiten laga gura abagune honi.

Izan ere, joan zen domekan Gironaren kantxan irabazi zuen talde gernikarrak eta halako balentriak ez dira egunero gertatzen. Ondorioz, Ligako bosgarren postuan finkatu da Lointek Gernika Bizkaia, 7-4 balantzearekin, azken lau partidak jarraian irabazi eta gero.

Albiste on gehiago daude Mario Lopezen taldearentzat. Carolo Basketen aurka meniskoan min hartu zuen Roselis Silvak eta orduz geroztik jokatu gabe zegoen. Bada, larunbat arratsaldean jokatzeko prest izango du Mario Lopezek.

Faborito argia da Lointek Gernika Bizkaia, Bembibre Endesa Ligako azkenaurrekoa baita, 3-8 balantzea aldean duela. Zortzi garaipenekin jarriko balitz, Gernikak ia poltsikoan izango luke Kopako txartela eta serieburu izateko borrokan bete-betean murgilsuko litzateke gainera.