NAIZ
Gasteiz

Arabako Bertsolari Txapelketa udaberrira atzeratzea erabaki dute

Pandemiaren bilakaerak eta horri aurre egiteko ezarritako neurriek Arabako Bertsolari Txapelketa behar bezala egitea ahalbidetzen ez dutenez, udaberrira atzeratzea erabaki du Arabako Bertsozale Elkarteak. 

2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala. (Endika PORTILLO/FOKU)
2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala. (Endika PORTILLO/FOKU)

Lakuak azaroaren 17ko agindua eta abenduaren 14ko dekretuan ezarritako araudia aztertu ondoren, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa udaberrira atzeratzea erabaki du Arabako Bertsozale Elkarteak.

Izan ere, antolatzaileek ohar baten bitartez azaldu dutenaren arabera, egungo pandemiaren bilakaerak ez du ahalbidetzen txapelketa behar bezala burutzea, eta araudiarekin eta pandemiaren egoera honetan txapelketaren helburuetako batzuk betetzea zaila da. Data berriak aurrerago jakinaraziko dira.

Araban bertsolaritzaren erakusleiho izateko, bertsolaritza aktibatzeko eta zabaltzeko, bertsozaleak kohesionatzeko eta berriak sortzeko helburuarekin egiten da txapelketa, besteak beste, eta eragile guztien arteko elkarlana eta ilusioa bultzatzea ditu helburu.

«Arabak txapelketa bezalako euskarazko kultur ekitaldiak behar beharrezkoak ditu, eta lanean jarraituko dugu, modu arduratsuan, ahalik eta baldintza duinenetan, bertsozale guztientzat posible izan daitezen», adierazi du Arabako Bertsozale Elkarteak.