Maite Ubiria

Irakasleek greba iragarri ostean protokoloa arinduko dute Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan

Heldu den ostegunerako greba deitu dute hezkuntza alorreko hainbat sindikatuk. Deialdi horren atarian covid-19aren aurkako protokoloa arintzeko urratsa eman du frantses Gobernuak. Autotesta egin eta emaitza negatiboa bada gurasoek sinaturiko agiria eskuetan klasera itzuliko da haurra.

Baionako Brana ikastetxeko haur eta gurasoak, urtarrilaren 10ean.
Baionako Brana ikastetxeko haur eta gurasoak, urtarrilaren 10ean. (Bob EDME)

Jean Castex lehen ministroak zuzendu du Michel Blanquer Hezkuntza ministroak agindutako osasun protokoloa.

Beraz, aste bat baizik ez dute iraun guraso, irakasle eta ikasleen kurtso sartzea zeharo baldintzatu duten osasun neurriek.

Lehen ministroak jakitera eman duenez, kasu positibo baten kontaktuek ez dute gehiago PCR edo antigenoen proba egin beharko famazietan.

Autotesta etxean egin eta emaitza negatiboa bada gurasoek ziurtagiria sinatuko dute emaitzaren berri emanez. Agiri hori eskuetan klasera itzuli ahalko da haurra. 

Urtarrilaren 3az geroztik positibo zen ikasle edo irakasle baten kontaktuek PCR edo antigenoen testa egin behar zuten eta horren osagarriz bigarren eta laugarren egunean autotestak egin.

Protokoloa betetzea sekulako buruhauste bilakatu zen familientzat. Kutsatze tasa oso altua izanik -azkeneko zazpi egunetan 100.000 biztanlengan 2.590 kasu neurtu ziren Pirinio Atlantikoen departamenduan- farmaziek nekez ahal zuten testak egiteko galdera parrastari erantzun.

Horretaz gain familiek zailtasun handiak zituzten une batetik bestera haurraren bila eskolara joateko. 10.000 klase inguru itxira daude egun Hexagonoan.

Castexek azaldutakoaren arabera, hemendik aurrera gurasoek ez dute positibo bat gelan azaldu bezain pronto haien seme-alaben bila eskolara joan beharko. Normaltasunez arratsaldean klasean amaituta bueltatuko dira haurrak etxera.

Bestalde, PCR eta antigenoen probaren ordez hiru autotest egin beharko dituzte positibo batekin kontaktuan izandako lagunek. Lehen autotesta kasua ezagutu den egunean egin beharko dute eta beste biak bigarren eta laugaren egunean.

Agiria sinatu «ohorean gainean»

Beraz, familiek beraiek kudeatuko dute testatze prozesu osoa. Bistan da froga negatiboa den bitartean ikasleak klasera joaten segituko duela. Horrendako, gaur indarrean sartu den protokolo berriaren arabera, eskolek banatuko duten agiria beharko dute bete gurasoek haien alaba edo semea negatiboa dela baieztatuz.

Jakin behar da txertoa jarrita duten herritarrek ez dituztela autotestak ordaintzen Ipar Euskal Herrian. Txertatu ez diren herritarrek 2 eta 5 uro artean ordaindu behar dituzte farmazietan edo saltoki handietan saltzen diren autotestak erosteko orduan.

Ikasleen kasuan autotestak farmazietan jasotzea aurreikusi du Gobernuak. Hala osasun bulegoaren aurrean jakinarazitako kontaktu bakoitzak doan jasoko ditu egi beharreko testak, beti ere osasun txartela erakutsi ondoren.

Hendaiako farmazietan testak noiz iritsiko diren zain

Familien beharrak asetzeko xede 11 milioi test helduko direla aste honetan farmazietara iragarri zuen bart Castex telebista aurrean.

Izan ere, gaur goizean NAIZek Hendaiako hainbat farmazietatik bira egin du eta hainbat kasutan testa gehiago noiz iritsiko ziren zain ziren. «

Espero dugu eguerditik aurrera test berriak jasotzea», aitortu digu Phamacie Centraleko langile batek. La Rocade botika-dendan, ordea, testak bazituzten.

Banakako kutxa 3,9 eurotan eta 5 testen kaxa 16 eurotan eskeintzen zituzten.

Gipuzkoatik «etengabe bezeroak heltzen direla» hiri erdian, udaletxeko plazatik gertu, kokatuta dagoen farmaziara nabarmendu digu lerroa egiten ari zen emazte batek.

Osasun langileak kalean gaur, irakasleak, berriz, ostegunean

Ikastetxetara itzulita, lehen ministroaren adirazpenak ez du inondik inora giroa baretu hezkuntza komunitatean.

Hala, hezkuntza alorreko sindikatuek salatu dutenez «noraezean dabil Gobernua».

Kurtso hasiera ez dela behar bezala prestatu salatzeko greba deialdia egin dute heldu den ostegunerako. Guraso elkarte nagusiek babestu dute deialdia.

Besteak beste, omikronek eragindako kutsatze azkarraren ondorioz baja hartu behar izan duten irakasleen postuak betetzeko konpromisoa galdegin dute sindikatuek.

Hitz gogorrak izan dituzte kurtso hasieran bizi izan den anabasari buruz.

«Urtarrileko sartzeaz geroztik ikastetxeetan indarrean dagoen osasun protokoloaren zentzugabekeriak hezkuntza komunitate osoaren nekea eta asperdura» eragin duela salatu du LAB sindikatuak ohar baten bidez.

«Egoera kaotiko horren aurrean» sindikatu abertzaleak FSU 64, SE-UNSA 64, FNEC-FP-FO 64 hezkuntza sindikatekin batera, iraskasleak eta ikastetxeetako langileak grebara deitu ditu urtarrilaren 13rako. Gurasoen federazio nagusiek bat egin dute deialdi horrekin eta ostegunean seme-alabak ikastetxetara ez bidaltzeko galdegin diete Ipar Euskal Herriko gurasoei.

Urtarrilaren 13an, goizeko 11.00tan, elkarretaratzea eginen dute hezkuntza eragileek Suprefeturaren egoitzaren aurrean, Baionan.

Gaur goizean, ordea, ehunka osasun langile mobilizatu dira Baionan pandemia garaiak areagotu duen osasun sistemak bizi duen krisiaren aurrean neurri eraginkorrak eskatzeko.