Jon Ormazabal

Julen Martijak hazten jarraitzen du eta Altuna sailkapenaren puntara lagundu du

Amezketarrak lehen postuan egin dute lo euren etorkizuna asko belztu zaien Urrutikoetxea-Arangureni Gernikan 22-14 gailenduta.

Julen Martijak oso partida konpletoa egin du.
Julen Martijak oso partida konpletoa egin du. (Jon URBE/FOKU)

Lehen postu hori ordu batzuetako kontua izan badaiteke ere, Jokin Altunak eta Julen Martijak sailkapenaren puntaren puntan egin dute lo bart Gernikan Urrutikoetxeari 22-14 irabazita. Apenas pasa da hilabete eta erdi Baikokoek Urdulizen 22-4 irabazi zietenetik, baina batzuen eta besteen egoerak goitik beherako aldaketa bat izan du eta orain Zaratamokoa eta aginarra dira arazo latzetan daudenak, azken bi postuei ihes egitea gero eta gehiago zaildu baitzaie, jokatutako azken bost partidak galduta.

Eta egia da Jokin Altuna ere ez dela txapelketa osoan oraintxe dagoen sasoi puntuan egon, baina bereziki Julen Martijak azken asteetan izandako hobekuntzan egon da bikote honen hazkundearen giltza. Hasierako zalantzak ahaztuta, Etxeberrikoa bere mailarik onenetik gertu dabil berriz ere eta bere eginkizuna inoiz baino garrantzitsuagoa zen partidan berretsi du. Izan ere, azken asteetan jotzaile handien aurka jokatuta eustea nahikoa izan bazitekeen ere, Gernikakoa bezalako pilotaleku batean, lur azkar eta frontis motelekoa, are gehiago Mikel Urrutikoetxea horren arriskutsu egonda, piloteoan agintzeak berebiziko garrantzia zuen eta atzelari nafarrak ez du hutsik egin. Apenas tantorik oparitu gabe, Zaratamokoari ez dio ia aukerako pilotarik utzi, Aranguren oso deseroso sentiarazi du partida guztian zehar eta Jokin Altunari asko erraztu dizkio gauzak. Eta txapeldunak gaurkoan ere ez du barkatu. Gauzak artez eta zehatz eginda, finalerako kiniela guztietan leku bat izatea merezimenduz lortu dute. Momentuz, ligaxkako lehen bi postuetan egoteko bidean ondo kokatuta daude.

Altunari jokoan sartzen eragotziz, partida hasiera oso ona izan dute Baikokoek, 0-4 aurreratuta. Lehen itzulian gertatutakoaren ostean, bazirudien Urrutikoetxea-Arangurenek neurria hartuta dietela amezketarrari eta Martijari, baina azken hauek, urduri jartzetik urrun, euren lanean jarraitu dute eta berehala orekatu dute markagailua.

Pixkanaka, Etxeberriko atzelaria jokoan sartzen joan da, pilota ondo baztertu du, baita tarteka luze jo ere, eta Jokin Altunak protagonismoa hartu bezain pronto partidaren norabidea erabat aldatu da. Gaurko Altuna-Martijak ez dute batere zerikusirik Urdulizen kantxaratu zirenekin, biak jokoan daude eta partida seina berdindu ostean, lehen aldeak ere lortu dituzte (13-7).

Partida eta tantoak luzatzen eta gogortzen joan diren eran gorrien nagusitasuna gero eta handiagoa izaten joan da eta Martijak inolako aukerarik eman ez dionez, saiatu da Mikel Urrutikoetxea arriskuren bat hartuz erasora pasatzen, baina Baikokoak desesperatzen joan dira.

Azken aldera, Urrutikoetxeak sakea hartu duenean, markagailua zertxobait txukuntzea lortu dute (19-14), momenturen batean Jokin Altunak ezkerra gordetzen zuenaren itxura ere eman du, nahiz eta amezketarrak berak partida amaituta ondo amaitu duela esan, baina Aspekoen garaipena ez da sekula arriskuan egon.

Salaberria-Erostarbe, finalerdietan

Promozio txapelketan, Salaberria eta Erostarbek finalerdietan egongo direla ziurtatu dute Alberdi-Uriondori 11-22 irabazita. Garaipen argia izan da Aspekoena eta partida hasiera-hasieratik apurtu dute, 11-0eko partzial batekin. Aurrean zein atzean Goiuzetakoa eta urretxuarra oso nagusi izan dira eta Baikokoek ez dute inolako aukerarik izan.

 

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Martija: 22

Urrutikoetxea-Aranguren: 14

Markagaillua: 0-4, 3-4, 3-6, 7-6, 7-7, 13-7, 13-9, 19-9, 19-14, 22-14. Sakeak: 2 Altuna III.ak. Tantoak: 9 Altuna III.ak, 3 Martijak, 7 Urrutikoetxeak eta 4 Arangurenek. Hutsak: 1 Altuna III.ak, 2 Martijak, 5 Urrutikoetxeak eta 3 Arangurenek. Gorabeherak: Gernikakao Santanape pilotalekuan jokatutako partida, sarrera politarekin, 500 lagun inguru.