Maite Ubiria

Baionako suprefeturan desobedientzia ekintza, gatazkaren ondorioetarako konponbide eske

Bakegileek deituta, hamarka lagun desobedientzia zibileko ekintza bat egiten ari dira Baionako suprefeturan gatazkaren ondorioei konponbide integral bat eman behar zaiela aldarrikatu eta bide horretan presioa egiteko. Abiapuntua da, urtarriletik iragarri duten bezala.

Baionako suprefektura aurrean egiten ari diren protesta.
Baionako suprefektura aurrean egiten ari diren protesta. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iragan urtarrilaren 8an Baionan eginiko martxaren bukaeran iragarri zuten bezala, otsailaren 18 honetan euskal presoen auzian konponbidea eskatzeko ekimen «azkar eta determinatuen» faseari ekin diote bakegileek.

16.00ak aldera, jende talde handi bat elkartu da bertan. Haietako batzuk kateatu egin dira eta beste batzuek teilatura igotzea lortu dute. Poliziaren presentzia nabarmena da goizean goizetik Baionako hainbat eraikinen artean, auzitegia edo suprefetura bera kasu.

Bakegileak suprefeturan
Hainbat lagun Baionako suprefeturaren hesira kateatu dira. (Bob EDME)
Bakegileak suprefeturan
«Orain presoak» banderola handia zabaldu dute bidearen erdian. (Bob EDME)
Bakegileak suprefeturan
Bi ekintzaile hesiaren gainean, poliziak oztopatu nahi izan duen ekintzan. (Bob EDME)
Bakegileak suprefeturan
Bi bakegile hesian kateaturik, Aurore Martin ekintzailea aitzinean dutela. (Bob EDME)
Bakegileak suprefeturan
Eñaut Aramendi (LAB), Maryse Cachenaut (Lurzaindia) eta Txetx Etcheverry (Bakegilea), beste hainbat ekintzaileren artean izan dira. (Bob EDME)
Bakegileak suprefeturan
Besteak beste, Michel Larralde (CFDT), Xebax Christy (Alda) eta Peio Ospital kantaria ere bertaratu dira. (Bob EDME)
Bakegileak suprefeturan
Jean Claude Iriart Baionako hautetsi ohi abertzalea suprefeturan izan da ere. (Bob EDME)
Bakegileak suprefeturan
Ion eta Unai Parot eta Jakes Esnalen askatasuna aldarrikatu dute Baionan. (Bob EDME)
Bakegileak suprefeturan
Poliziak dispositibo azkarra ezarri du bakegileek ekintzari ekin bezain laster. (Bob EDME)
Bakegileak suprefeturan
Jean-Daniel Elichiry frantziar polizia batekin hizketan, giroa lasaitzeko asmotan. (Bob EDME)
Bakegileak suprefeturan
Ekintzaileak suprefeturaren aitzinean. (Bob EDME)

Hain zuzen, Estatuaren ordezkaritzan burutu dute ekintza. Berrehun bat lagun batu dira ekinenera. Kamiseta urdinak jarri eta ‘Orain presoak’ leloa zuen banderola erraldoia jarri dute errepide gainean. 31 urte kartzelan daramateb Jakes Esnal eta Ion Kepa eta Unai Paroten egoera oroitu dute ekitaldian zehar. Preso beterano horiek askatzea lehenbailehen baita gaur bakegileek martxan eman duten dinamika berriaren xede nagusia.

Ohiko manifestazioak eta elkarretaratzea ez direla nahikoa ikusita, gaurko ekintzaren bidez azeleragailua sakon zapaltzeko prest dagoela erakutsi du, beste behin ere, Ipar Euskal Heriko gizarte zibil antolatuak. «Gaurko posible da urtetako lan eta engaiamenduaren bidez sortu den indar eta konfiantza harremanari esker», azaldu digu Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko presidenteak. Bazen adierazpen hori irudikatzen zuen irudia: Mikel Hiribarreen, Itsasuko auzapez abertzale eta Jean Michel Veunac zentrista, Biarritzeko auzapez ohia, bata bestearen ondoan lurraldean eserita atzeman ditugu, desobedientzia ekimenean parte hartuz.

Ekintza abiatu denetik eta ordubetera hautetsien talde bat bertaratu da suprefeturara.

Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, Eneko Aldana Ziburuko auzapeza, Joseba Erremundeguy Baionako hautetsia, Lucien Betbeder Hautetsien Biltzarreko buru, Emilie Dutoya Akitania Berriko eskualde kontseilari sozialista estatuaren egoitza aurrean herritarrek martxan emandako protesta babestera heldu dira.

Adin eta jatorri ezberdinetako lagunak bildu dira ekintzan. Sindikalistak, artistak, hautetsiak, laborariak. Eta behin kateatu ondoren denbora hobeki igarotzeko musean aritu den gazte laukotea. Ondo prestatuak ziren. Euriak zarra zarra bota hasi denean... oihal dendan babestu dira partidarekin jarraitu ahal izateko.

Aurore Martinek ere parte hartu du protestan. Urte batzuk lehenago honelako desobedientzia ekintza baten bidez ere oztopatua izan zen bere atxiloketa.

Hiru orduz luzatu da protesta eta ondoren beren kabuz jaitsi dira suprefekturaren teilatuan zeudenak, ekintzari amaiera emanez. 

Gaurko ekimenak indarra ematen duela aitortu du Jean Daniel Elichiryk bakegileen bozeramaileak eta baieztatu du apirilaren 1 eta 2an beste hitzordu bat izanen dela.

Fase berriaren aurrekariak

Urtarrilaren 8an ‘Le Temps presse. Ion, Jakes eta Unai gurekin’ manifestazioa egin zuten Baionan Bake Bidea elkarteak eta Bakegileek deituta. Martxaren bukaeran, Parisko Gobernua mugiarazteko xede, desobedientzia zibileraino joan daitezkeen ekimenak martxan emateko erabakia baieztatu zuten antolatzaileek.

Oholtzatik gaurko lehen hitzordua eman zuten bakegileek. Haien ondoan «ekintza azkar eta determinatuz» osaturiko fase berriarekin engaiatzeko prest ziren hamarnaka lagun azaldu ziren. Geroztik bertze ehunka herritar maila ezberdinetako engaiamendua hartzeko prest azaldu dira 31 urte kartzelan pasa duten lapurtarren askatasuna fite lortzea xede duen dinamika berriarekin.

Manifestazio horren amaieran kritika bereziki gogorra zuzendu zioten 70 urtetik gora duten preso horien askatasuna behin eta berriro oztopatzen duen terrorismoaren aurkako Fiskaltzari. «Bizi arteko kartzela inposatuz, heriotza zigorrera kondenatzen ditu Fiskaltzak», salatu zuten.

Bost urte lehenago Luhusoko bakegileek ETAren armagabetzeari ezarritako traba altxatzeko hartu zuten engaiamendua hizpide hartuta, fase berriari buruz hainbat xehetasun eman zituzten.

Armagabetze Egunak bakearen erreferentzia bilakatu zuen San Andres plazan bildutako milaka herritarren aitzinean jakitera eman zutenez, «fase hau ekintza azkarragoek, determinatuagoek eta ikusgarriagoek markatuko dute. Mailakatzea desobedientzia zibileraino joan daiteke».

Jarraian zehaztu zutenez «ekintza pertsonalak izango dira, kolektibo baten baitan burutuak, publikoki asumituak, gardenak eta bortizkeriarik gabekoak, norberaren eta demokraziaren errespetuan».

Heldu den apirilean frantses Estatuan iraganen diren bozen atarian Emmanuel Macron jarduneko presidenteari Biarritzen emandako hitza betetzeko agindua helarazi zioten. G7 taldeko goi bilera Lapurdiko kostako hirian egitekoa zelarik Ipar Euskal Herrian konpobidearen alde zabalduriko prozesuari zeharka bada ere babesa eman zion Macronek. Hitzetatik ekintzetara igarotzeko tenorea badela nabarmendu ondoren bere esku dagoela hiru hamarkada giltzapean eman duten presoen egoerari irterbidea ematea adierazi zuten.