Determinatuagoa izanen den fasean parte hartzeko deia luzatu dute Bakegileek bukaerako hitz hartzeetan.
Determinatuagoa izanen den fasean parte hartzeko deia luzatu dute Bakegileek bukaerako hitz hartzeetan. (© Patxi BELTZAIZ)
Mobilizazioa hiru toki ezberdinetatik abiatu da, Lauga kiroldegitik, Reduit plazatik eta Euskaldunen plazatik, hain zuzen.
Mobilizazioa hiru toki ezberdinetatik abiatu da, Lauga kiroldegitik, Reduit plazatik eta Euskaldunen plazatik, hain zuzen. (© Patxi BELTZAIZ)
Zutabeetan antolaturik, herritarrek frantziar Gobernuaren «inertzia» salatu eta gatazkaren konponbidea aldarrikatu dute Baionako karriketan.
Zutabeetan antolaturik, herritarrek frantziar Gobernuaren «inertzia» salatu eta gatazkaren konponbidea aldarrikatu dute Baionako karriketan. (© Patxi BELTZAIZ)
Baionan antolatutako mobilizazioarekin, fase berri baten abiapuntua irudikatu dute manifestariek.
Ipar Euskal Herriko eragile kultural, politiko eta sindikalek mobilizazioan parte hartu dute. (© Patxi BELTZAIZ)
Orotara, 2.000 lagun bildu dira urtarrilaren 8an Bakegileek eta Bake Bideak Baionan antolatutako mobilizazioan.
Orotara, 2.000 lagun bildu dira urtarrilaren 8an Bakegileek eta Bake Bideak Baionan antolatutako mobilizazioan. (© Patxi Beltzaiz)
Baionan antolatutako mobilizazioarekin, fase berri baten abiapuntua irudikatu dute manifestariek.
Baionan antolatutako mobilizazioarekin, fase berri baten abiapuntua irudikatu dute manifestariek. (© Patxi BELTZAIZ)
Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Baionan.
Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Baionan. (Patxi BELTZAIZ)
Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak ere mobilizazioan parte hartu du.
Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak ere mobilizazioan parte hartu du. (© Patxi BELTZAIZ)
Desobedientzia zibileko ekintzak izanen dituen fase berrian parte hartzeko izena eman dute herritar zein eragileetako ordezkariek.
Desobedientzia zibileko ekintzak izanen dituen fase berrian parte hartzeko izena eman dute herritar zein eragileetako ordezkariek. (© Patxi BELTZAIZ)
Donostian egin duten mobilizazioaren irudia.
Donostian egin duten mobilizazioaren irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)
Manifestazioa Gasteizen.
Manifestazioa Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)
Bilboko manifestazioa, Kale Nagusian.
Bilboko manifestazioa, Kale Nagusian. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Barañainen ere atera dira kalera presoen eskubideen alde.
Barañainen ere atera dira kalera presoen eskubideen alde. (Iñigo URIZ | FOKU)
Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Premiak behartuta desobedientziarekin ere engaiatu dira Baionan presoen alde

Bi mila lagun elkartu dira Baionan Bakegileek eta Bake Bideak deituriko manifestazioan. Ez da mobilizazio bat gehiago izan, fase berri bat abiaraztea baitu helburu Estatu frantsesean gaia berriro mugiarazteko, zirt edo zart.

Berriro ere astinaldia emateko prest. Bi mila lagun elkartu dira larunbat honetan Baionan ‘Le temps presse; Ion, Jakes eta Unai gurekin’ lelopean, hiru preso horien askatasuna eta, oro har, presoak kaleratzeko bidea azkartzeko gogoz; Paris mugiarazteko asmoarekin, herri indarrez eta baita desobedientzia zibilaren bidez ere.

Hori erraztea izan da mobilizazioaren arrazoietako bat, bertaratukoek aukera izan baitute izena emateko datozen aste eta hilabeteetan izango diren ekimenetan, apirilean izango diren hauteskunde presidentzialen testuinguruan. Otsailaren 18an izango da lehenengo hitzordua.

Luhusoren ikasgaia

2016ko abenduan frantses Polizia Beatrice Molle kazetariaren etxea sartu zen Luhuson, ETAren kontrako operazio batean, hala aurkeztu nahi izan zuten hasieran behintzat. Azkenean, bakearekin engaiatutako bost lagun atxilotu zituzten, gizarte zibilaren bost ordezkari, ETAren armagabetzeari ekiteko konpromisoa egia bilakatzen ari zirenak. Armagabetzearen lehen urratsa izan zen, konponbide prozesuaren geldialdiari eta estatuen itxikeriari aurre egiteko.

Ez zen, haatik, ekintza isolatu bat izan zen, eta gerora armagabetze osoa lortu zuen herri mugimendua sortu zuen, gizarte zibila eta hautetsiak bat eginik. Beste helburu batzuk jarri zuena: nagusiki euskal presoen aferari aterabidea ematea.

Hark denak ekarri zituen lehen mugimenduak presoen sakabanaketaren amaiera bidean jartzeko. Urte askotan blokeatua zegoen egoeran lehen urratsak egin ziren, gerora Estatu espainolean ere eman direnak.

Halere, aspaldi da Parisen berriro ere galga dela nagusi, eta larunbat honetan Baionan, duela bost urte Luhuson bezala, herritarrek engaiatzeko hitza eman dute, egiteko eta ekiteko, presoen eskubideen alde, gatazkaren konponbide osoaren alde.

Hiru zutabe

Hiru zutabe izan ditu mobilizazioak, hurrenez hurren, Lauga kiroldegitik, Euskaldunen plazatik eta Reduit plazatik irten direnak arratsaldeko 15.00ak pasata zirenean. Hiru zutabeak kale ezberdinetatik sartu dira Paul Bert plazara. Ibilbide laburrak izan dituzte hirurek, segurtasun neurriak gordez pandemia egoera dela-eta. Hiru lerrotan joan dira manifestariak zutabe bakoitzean. Covidak, hain zuzen, eragin handia izan du antolaketan eta parte-hartzean, azken hau handia izan den arren. Adibide bat: zutabe bakoitzaren aurretik joaldunak joatea espero zen, baina ez zegoen nahikorik eta soilik bi zutabek izan dute halakorik.

Reduit plazatik abiatu den zutabean hautetsiak eta beste ordezkari batzuk bildu dira. Bertan zen Jean-Rene Etchegaray lehendakaria, baita, beste hainbaten artean, Frederique Espagnac PSko senataria eta Kotte Ecenarro Hendaiako alkatea. Urruñako eta Ziburuko auzapez abertzale berriak ere bertan izan dira, Filipe Aramendi eta Eneko Aldana, hurrenez hurren.

Nahiko gauza adierazgarria esan du Etchegarayk martxa hasi aurretik: «Ez balira euskal auzi politikoagatik giltzapetuak izan, aspaldi lirateke aske».

Baiona Ttipitik barrena aritu dira manifestariak, aldarriak oihukatuz. Zutabeek ez dute ohi bezala hasierako pankartarik izan, baina koloretsua izan dira, buruan joan direnak manifestazioaren leloa eta ikurra jasotzen duten tisertak eraman dituzte soinean. Horiek igo dira taulara azkeneko ekitaldia, dinamika berri baten ekintzaile gisa bere burua aurkeztu duten lehenengoak izan dira. Hirurogei bat ziren.

Beste hainbat manifestarik beste mobilizazio batzuetan erabilitako eta bakegileen eskua jasotzen duten petoak eraman dituzte. Hiru presoen argazkiak eta manifestazioaren lema eta ‘Orain presoak’ edo ‘Euskal presoak Euskal Herriara’ leloak jasotzen dituzten banderek ere atondu dituzte hiru zutabeak.

Hiru zutabeak iritsi ostean, azken ekitaldia hasi da. Anaiz Funosas Bake Bidearen lehendakariak eta Jean-Daniel Elichiry Atherbea elkartearen ordezkariak hartu dute hitza, batak euskaraz eta besteak frantsesez, abiarazten den fase berriaren ezaugarriak zehazteko.

Estatuaren maila gorenean entzunak izatea dute helburu

Lehen-lehenik presoen gaiari dagokionez Estatu frantsesean egoera blokeatuta dagoela egiaztatu dute, eta bake iraunkor batek beste gauza asko behar dituela gaineratu dute: presoen eta iheslarien egoera konpontzea, biktima guztien aitortza eta egia osoa biltzea, gatazkaren oinarriak «identifikatzea» eta gazteentzat etorkizun bat eskaintzeko iraganaren kontakizun egokia egitea.

Estatu frantsesak Jon Parot eta Jakes Esnal presoekin duen jarrera salatu dute. 70 urtetik gora dituzte, horietatik 31 kartzelan pasa dituzte, eta, halere, Fiskaltzak askatasunaren ateak itxi nahi dizkiela gogoratu dute. «Bizi arteko kartzela inposatuz, heriotza zigorrera kondenatzen ditu Fiskaltzak», salatu dute.

Larunbat honetako mobilizazioarekin iragarri duten fase berriak bi horien askatasuna, Unai Parot ahaztu gabe, lehenbailehen lortzea du helburu. «Fase hau ekintza azkarragoek, determinatuagoek eta ikusgarriagoek markatuko dute. Mailakatzea desobedientzia zibileraino joan daiteke», jakinarazi dute, jarraian ondorengoa zehazteko: «Ekintza pertsonalak izango dira, kolektibo baten baitan burutuak, publikoki asumituak, gardenak eta bortizkeriarik gabekoak, norberaren eta demokraziaren errespetuan».

Hauteskundeen atarian, Estatuaren maila gorenean entzunak izatea dute helburu.

Emmanuel Macron presidente frantsesari ere mezua igorri diote. Duela hiru urte Biarritzen konponbidearen alde egindako adierazpenen ostean izan duen isiltasuna salatu dute. «Bake prozesuaren aldeko keinu baikorrik egin ez izanak erakusten digu gure ohiko manifestaldiak eta elkarretaratzeak ez direla nahiko dosierra zureganatu behar duzula konbentzitzeko. Zure ardura da keinu bat egitea», adierazi diote.

Oholtza gainera igotakoek hartu dute konpromisoa. Hiru herrialdeetakoak egon dira, hiru belaunalditakoak, ogibide eta eremu ezberdinetakoak. Michel Veunac Biarrizko auzapez ohia egon da bertan. Plazan mahaiak jarri dituzte, eta han hasi dira izena ematen manifestazioan parte hartu duen hainbatek. Esan bezala, gaurko manifestazioa fase berri baten hasiera izan da.