Asier Aiestaran

Elezkano eta Zabaletaren garaipenak finalean sartu ditu Altuna eta Martija (22-16)

Elezkanok eta Zabaletak birizirik diraute Binakako Txapelketan, 22-16 menderatu baitituzte jada finalean egoteko aukerarik gabe geratu diren Irribarria eta Rezusta. Altuna-Martija sailkatuta geratzen dira, eta Laso-Imazek 16 tanto egin behar dituzte igandean finalean egoteko.

Irribarria burumakur, Elezkano eta Zabaleta elkar besarkatzen diren bitartean
Irribarria burumakur, Elezkano eta Zabaleta elkar besarkatzen diren bitartean (Jon URBE | FOKU)

Jokin Altuna eta Julen Martija dira 2022ko Binakako Txapelketaren lehen finalistak. Horixe da Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak gaur Labriten lortutako garaipenak (22-16) utzi duen ondorio aipagarriena. Aldiz, Iker Irribarria eta Beñat Rezusta aukerarik gabe geratu dira gaurko porrotaren ondorioz. Eta finaleko bigarren txartela igandeko azken neurketan erabakiko da: Unai Lasok eta Ander Imazek 16 tanto edo gehiago egiten badituzte, finalean izango dira; bestela Elezkano eta Zabaleta izango dira txartela eskuratuko dutenak.

Emaitza jakin baten arabera jokatzen diren partidak arraro samarrak izaten dira, eta gaurkoa ere halakoa izan da. Bai ala bai irabazi beharra zeukaten Irribarria eta Rezusta lotuta ikusi ditugu une askotan, eta Elezkano-Zabaleta tarteka asko asmatzen eta tarteka zalantza gehiagorekin.

Hasieran gorriak izan dira abantaila politak lortu dituztenak. Zabaleta oso indartsu sartu da neurketan hasieratik eta Danel Elezkanok ongi baliatu ditu bere aukerak. 3-0 eta 6-2 aurreratu dira markagailuan erritmoa hartu ezinik irten diren urdinen kaltetan.

Baina apurka-apurka Irribarria eta Rezusta deman sartzen joan dira, ohi duten legez pilota asko atzeratzen, eta partidaren itxura erabat aldatu da. Aurreko jardunaldietan egin bezala, Rezustak fresko mugitu du pilota eta Irribarriak asko asmatu du aurreko koadroetan. Sei tanto jarraian eginda 6-8 aurreratu dira.

Parekotasun handia

Norgehiagoka bete-betea geratu da une horretan: parekotasuna markagailuan, jokoan eta ikuskizunean. Bi bikoteek egin dituzte tanto ederrak eta berdinketak izan dira 8-8an, 9-9an, 11-11an, 12-12an eta 13-13an. Albiste ona zen Irribarria-Rezustarentzat, baita gozatzen ari ziren ikusleentzat ere, baina ez horrenbeste alde handiarekin irabaztea komeni zitzaien Elezkano-Zabaletarentzat.

Baina gorriek ez dute etsi, eta une erabakigarrian markagailuan tartea irekitzea lortu dute. Zabaletak berera jarraitu du, pilota bikain mugitzen, eta une horretan Danel Elezkano izan da jokoan gehiago sartuz min handia egin duena. Partida 13-13tik 20-14kora eraman duen 7-1eko partzialean Zaratamoko aurrelariak lau tanto egin ditu eta bikotearen aukerek bizi-bizirik jarraitzen zuten azken txanpara helduta.

Emozio handiko uneak izan dira eta, azkenean, Zabaletak txokoan egindako dejada batek –aurrez egina zuen beste bat zabalean– 22-16koa itxi du.

«Ligaxkako partidarik onena egin dugu eta horixe zen gure helburua, gure maila emanez amaitzea ligaxka hau. Guk gure lana egin dugu eta orain gerta dadila gertatu beharrekoa. Finaletik kanpo geratzen bagara bertan egotea ez genuelako merezi izango da», aitortu du amaieran Danel Elezkanok.

Beñat Rezustak, aldiz, gakoa aurreko asteko porrotean egon zela adierazi du. «Gaur ia beti atzetik joan gara, eta orokorrean gu baino gehiago izan direla uste dut. Gakoa aurreko astean egon zen, orduan gertuago izan genuen finala. Txapelketa ona egin dugula uste dut baina pena da finaletik kanpo geratzea, ilusio handia geneukan».

Pilotakadak: 588. Partidaren iraupena: 63 minutu eta 7 segundo. Markagailua: 4-0, 4-2, 6-2, 6-8, 8-8, 8-9, 11-9, 11-12, 13-12, 13-13, 16-13, 16-14, 20-14, 20-16 eta 22-16. Sakez: 1 Irribarriak. Jokoan eginak: 12 Elezkano II.ak, 4 Zabaletak, 9 Irribarriak eta 1 Rezustak. Galdutakoak: 3 Elezkano II.ak, 3 Zabaletak, 3 Irribarriak eta 2 Rezustak. Gertaerak: Labrit pilotalekua beteta. Lehen sakea, gorri.