Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Balio erantzia’ aforismo liburuarekin plazaratu da idazle gisa Ekaitz Goikoetxea

Bere izenarekin, ekaitz handi batekin konparatu du Ekaitz Goikoetxeak aforismoa. Lehenbizi tximista dator, arreta erakartzen dizuna, eta gero trumoiaren leherketa. Ikasleekin gertatzen zaio hori, arbelean esaldi labur hauek idazten dizkienean. Isiltasunak esatekoak elikatzen dituela aldarrikatu du.

Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena, ‘Balio erantzia’ bere lehen liburua aurkezten, Donostian.
Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena, ‘Balio erantzia’ bere lehen liburua aurkezten, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenaren liburuaren izenburua, ‘Balio erantzia’, barruan datorrenaren isla da, idazleak munduari begiratzeko duen modu bereziaren definizioa. Bere ustez, erantsia erantzian dago, bizitzaren soiltasunean, biluzian eta hizkuntzan bertan. «Askotan ez dugu zer askoren beharrik gure burua eta ingurua edertasunez janzteko», adierazi du asteazken honetan, Donostian, Balea Zuria argitaletxearekin egin duen aurkezpenean.

Jorratu dituen gaiak unibertsalak dira: denboraren joatea, izatea, hitza eta isiltasuna. «Isiltasunaren garrantzia, hitzaren ahala, itzala. Umorea ere badago. Pentsamendua ez ezik umorea ere erdigunean jartzen saiatu naiz. Nahiko nuke liburuak bere bidea egitea gizartean, hausnarketa eragitea, idazleak eta irakurleak denbora bat partekatzea, hobeto bizitzeko, sentitzeko», agertu du bertsolari beasaindarrak.

Bertsotatik dator idazlea, txikitatik dabil bere magian. Beti erakarri izan du hitz egokiena bilatu nahiak, ariketa horrek xarmatu eta liluratu izan du. «Bat-batean zailagoa da, baina bertso jarriak asko idatzi izan ditut, nire obsesioetako bat izan da bertsoaren muga horien barruan gutxirekin asko esatea, geruza ezberdinak eskaintzea, hitzek esaten zutenaz harago beste zerbait iradokitzea».

Eta hala iritsi da «egun berezi» honetara. Lehendabiziko liburua du eta poz handia sentitzen du aforismoena izateagatik, noiz eta zenbait argitaletxek aforismoak argitaratzeari utzi diotenean. Horregatik eskertzen dio hainbertze Balea Zuriari apustua, bizi garen toki eta garaian aforismoek erabilgarritasun handia izan dezaketela konbentzituta dagoelako. «Pentsamendua, filosofia oso garrantzitsuak dira; geratzea, gero garatzeko. Pentsatzen duguna esatea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da esaten duguna eta esaten dugunaz pentsatzea».

Isiltasuna

«Izaeraz beti izan naiz isila, asko hausnartzekoa, erreparatzekoa. Nire txikitako denborapasa gustukoenetako bat helduen solasaldiak entzutea zen. Nire baitan ahots gora kantatzen, ingurukoa aztertzen, begiratzen ibiltzen nintzen. Isiltasunarekin asko disfrutatu izan dut eta disfrutatzen dut», kontatu du Goikoetxeak.

Gaur egun, inguruari begira jartzean, bere ikasleei eta ikasle ez direnei, jendartean oro har isiltasunari beldurra diogula ikusten du. Ezohikoak dira minutu erdi bat baino luzeagoko isiluneak, deserosoak; berarentzat, ordea, ez dago plazer handiagorik, bakarrik edo konpainia onean, mendian edo irakurtzen. Isiltasuna partekatzea maite du. Isiltasunari esatekoak elikatzen uztea.

«22 urtera arte asko idatzia naiz, bertso jarriak batez ere. Agorraldi moduko bat sentitu nuen hor. Garbi sentitu nuen isiltzeko momentua zela. 13 bat urtean niretzat zeozer idatzi bai baina publikatu gabe egon nintzen, baina asko pentsatzen, inguruan gertatzen zenari begia iltzatzen».

Ikusten nuen bazetorkiola zer errana, batez ere bizitzaz, denboraren joateaz eta izateaz. 2015-2016an bertso sorta bat idatzi zuen ikasle bat bizitzen ari zen egoerari buruz. Bere familia etxegabetu zuten. «Bertso haiek bazuten aurreko alditik ezberdina zen zerbait, aforistikoak ziren, bazuten bere itxian balio erantsi bat, beste geruza batzuk. Aldi berean, nire irakurketetan aforismoak sartzen hasi ziren».

Ikasleei jartzen dizkie, arbelean

Handik gutxira, 2016-2017an Oihenart aforismo lehiaketaren berri izan zuen. Aurkeztu eta saria irabazi zuen eta horrek animatu zuen jarraitzera eta sinestera gustagarri, eraginkor izan zitekeela. «Idazteaz gain, egunerokoan ere erabiltzen nituelako aforismoak; arbelean idazten nizkien ikasleei nireak zein besterenak. Konturatzen nintzen eragiten ziela».

«Oso eroso» ari zen idazten, ikuste zuen bazuela munduari begiratzeko modu berezi bat, gustagarri zitzaion berari eta bertzeei ere hala gertatzen ahal zitzaiela sentitzen zuen.

Hitzak dantzan jartzen ditu

Felipe Juaristiren hitzaurrea darama liburuak eta irakurtzea merezi duela adierazi du Goikoetxeak, aforismoak hobeki ulertzeko. «Hitz jokoak baino hitza jartzen dut jokoan, ahalegin berezi bat badagoelako hitz bakoitza ondo aukeratzen. Hitz jokoak hitz joko huts izan ez daitezen saiatu naiz». Gozatu du, euskara ikaragarri maite duelako. «Benetan gustura geratu izan naizenetan pozak ikaragarriak izan dira».

Juaristi izan du lagun aurkezpenean beasaindarrak. Aforismoa tradizio luzeko literatura mota dela oroitu du Balea Zuriko editoreak, laburra baina sakona, injenioz betea. Garai batean jakitura zabaltzeko modu bat zen, ahozko literaturan oso erabilia, errazagoa baita oroimenean gordetzen testu luzeak baino. «Greziarrek asmatu eta zabaldu zuten. Sokrates bera oso aforismo zalea zen. Gero, literatura idatzia hasten denean, aforismoa ahozkoan gelditzen da. Euskal Herrian aforismo egile onak dauzkagu, Karlos Linazasoro eta Juan Kruz Igerabide kasu».

Goikoetxearen liburu hau bertsolari artista baten lana dela erran du. Pentsamendu baten isla. «Pentsalariak mundua dantzan jartzen duen bezala, eta poetak dardaraz, bertsolariak hitzak jartzen ditu dantzan».

Aurrekoak eta ondorengoak eskertu

Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenak eskerrak eman dizkie gurasoei, «askatasunean hezitzeagatik, batez ere aitari, txikitatik beti sinestu duelako bere seme-alaben gaitasunetan, irakatsi digulako bizitzaz maitemintzen, gurea den hizkuntzaz». Ondoko belaunaldiari, ilobari, ere esker ona erakutsi dio. Erran duenez, bere jaiotza eta berriz idazten hastea nahiko bat etorri ziren. «Iruditzen zitzaidan nire ekarpena merezi zuela ondoen egiten dakidanetik. Haurrei askotan aforismoak berez etortzen zaizkie eta ilobak 3-4 urte zituela esandako batzuk daude liburuan, oso ederrak, adierazkorrak».

Horietako bat irakurri du prentsaurrekoan: «Hankak luzatu zaizkit, orain beheraino iristen naiz». Azaldu duenez, gu bila eta bila aritu arren aurkituko ez genituenak berari natural etortzen zitzaizkion. Handitu ahala gutxitzen joaten da etorri hori eta horrek zer pentsatua eta kezka eragiten dizkio idazleari.

Curriculum berriak hizpide ditugun honetan, ederra litzateke berarentzat aforismoei ikasketetan leku bat egitea, patxada bat eskaintzea ikasleei sortzeko, pentsatzeko esateko dugunaz. Gurasoen etxe azpian, ikasi zuen eskolako paretan bere aforismo bat dago. Adierazi duenez, ez dago sari handiagorik norberak idatzitako esaldi bat pareta batean irakurtzea baino. Bere bertze esaldi batzuk eskeletan ikusi ditu, eta sare sozialetako ‘egoeretan’. Irakurleak erraten duen horrekin identifikatzeak pozten du.