Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Kirola, jolas soila baino gehiago politikagintzarako

Emily Ronek AEBetako diplomazia publikoan arituaren ustez, «sedukzioa eraginkorragoa da sobornoa baino» eta, horregatik, kirolak inspiratzen dituen istorio eta balioak diplomaziarekin uztar daitezkeela uste dute adituek. Euskal Herria «urre meatze» bat da.

Stuart Murray Sports Diplomacy Alliance elkartearen sortzailea jardunaldi digitalean, alboan, besteak beste, Emily Ronek eta beste parte-hartzaile batzuk daudela.
Stuart Murray Sports Diplomacy Alliance elkartearen sortzailea jardunaldi digitalean, alboan, besteak beste, Emily Ronek eta beste parte-hartzaile batzuk daudela. (NAIZ)

«Kirola eta politika nahastu ezin diren mamua» badago oraindik ere. Komeni denean erabiltzen da adierazpide hori, gustatzen ez zaizkigun aldarrikapenak egiten direnean, pentsarazteko ekintzak sortzen direnean. Bada, kirol diplomaziaren muina horixe bera da, baina urrunago joanda: kirola politikagintzarako erabiltzea, alegia.

Egongo da hori jada egiten dela dioenik eta ez dabil oker, ez. Joan den astean, ordea, Donostia Kulturak eta Sports Diplomacy Alliance elkarteek antolatutako ekimenean, are lanabes indartsuagoa bilaka daitekeela ziurtatu zuten, are gehiago estaturik gabeko nazioetan, Euskal Herrian kasu.

Stuart Murray eskoziarra Sports Diplomacy Alliance elkartearen sorkuntzan lanean jardun zen –sortzez, ekimen australiarra da baina mundu mailara begirakoa–. Horrelako ekimen baten beharra ikusten zuten «inor ez zebilelako horretan lanean» eta, kirolaren bitartez, «jendeak nola ikusten gaituen baldintzatu daitekeelako». Lanabes egokia da. Eneko Goia Donostiako alkatearen esanetan ere, «kirola erreminta onuragarria da mundu hobe bat eraikitzeko». «Kirolean tradizio handiko» herria izanik, ordea, kirol diplomazian ezer gutxi egin da gurean eta, Gavin Price galestarraren ustetan, Euskal Herriak ezaugarri aproposak ditu hor indarra egiteko.

«Ipar Mazedoniak Italia garaitu du Mundialerako sailkatzeko partidan eta jokalari horiek herrialdearen enbaxadore bilakatu dira»

Kirol diplomazia “soft power” (botere leuna) delakoa delako baina, horrez gain, hizkuntza propio bat daukalako –euskara–, goi mailako kirolariak dituelako, paisaia liluragarriak dituelako, eta abar. «Urre meatze bat da», baieztatu du Stuart Murrayk zalantzarik egin gabe. 2014an Euskal Herria bisitatu zuen eta itzultzeko gogotsu azaldu zen joan den osteguneko jardunaldi digitalean.

Eskoziarrekin eta galestarrekin zenbait kontuk batzen dute Euskal Herria eta horregatik, hain zuzen ere, horiek azaldutakoa gurean aplika daitekeen itxaropena zabaldu zen. Gavin Pricen esanetan, nazio txikiek edo subiranoak ez direnek beraien hizkuntza mugarritzat hartu behar dute eta elkarren arteko «elkarlana» sustatu behar da: «Nazio txikietan ‘hard power’ delakoak interes gutxiago dauka»; eraginkortasun gutxiago ikusten diote armada militarrari, esaterako. Erakargarriago ikusten da, hain zuzen ere, hemen hain ezaguna den auzolana. «Kirol diplomazia arrisku gutxiko erreminta da atzerri politikan, kostu txikia dauka eta izugarrizko indarra dauka», zehaztu zuen Murrayk.

«Kirola aitzakia ona da atzerri politiketako eztabaidak hasteko»

Gavin Pricek adibide argigarriak jarri zituen: Galesek, esaterako, UEFAn eta FIFAn indarra egin eta nazioartean ofizialtasuna lortu zuen. Lehentasuna nazioarteko federazioetan presentzia izatea izan zen; urratu beharreko bide guztiak urratzea, alegia. Hori edozein naziorentzat lehentasuna izan beharko litzatekeela esan zuen, zenbait onura ekar dezakeela jakitun. Hori entzunda, Euskal Futbol Federazioaz akordatzea saihetsezina da, helegiteak aurkezteko epea pasatzen utzi baitu. «Ipar Mazedoniak Italiari irabazi dio Mundialerako sailkatzeko partidan eta, era batera edo bestera, jokalari horiek herrialdearen enbaxadore bilakatu dira», adierazi zuen Pricek, nazioartean horrek daukan eraginaz ohartarazte aldera. Zer gertatuko litzateke Ipar Mazedonia izan beharrean Euskal Selekzioa izango balitz?

Marka sortzea

Zeelanda Berria eta kirola lotzean, All Blacks taldea datorkigu burura; mundu osora zabaldu den fenomenoa; beraien “haka” ezaguna baino ezagunagoa da. Marka bat sortu dute horren inguruan eta horixe da, hain zuzen ere, kirol diplomazia. «Kirola aitzakia ona da atzerri politiketako eztabaidak hasteko; badmintonaz hitz egiten hasi, eta, ondoren, arma nuklearren inguruko erabakietan sakondu daiteke», azaldu zuen Emily Ronek estatubatuarrak. AEBetako diplomazia publikoan lanean aritu zen 10 urtez eta bertako eredua azaldu zuen jardunaldian.

Euskal saskibaloi selekzioa. (MARISOL RAMIREZ/FOKU)

Eredu estatubatuarra oso ezberdina da, kirol elkarte guztiak pribatuak direlako –Batzorde Olinpikoa, esaterako– eta Gobernuaz harago doazelako. Hala, Gobernuak atzerri-politiketarako erabiltzen duen aurrekontutik %0,01 soilik bideratzen da kirol diplomaziara baina, nolanahi ere, kirolari estatubatuarren istorioek mundua zeharkatzen dute eta hori ez da kasualitatea. Colin Kaepernick NFLko (Futbol Amerikarreko Liga Nazionala) jokalariaren irudia jarri eta ea nork ezagutzen zuen galdetuz hasi zuen hizketaldia; guztiontzat da ezaguna, nahiz eta NFLko partidarik sekula ikusi ez. Donald Trump presidente zela ligatik kanporatu zuten, ereserki estatubatuarra entzun bitartean belaunikatzearren.

«Kirolaren indarra inoiz baino gehiago behar da XXI. mendean»

«Kirolaren indarra inoiz baino beharrezkoagoa da XXI. mendean», ziurtatu zuen Murrayk; kirolak ere sustatu dezakeela soldata berdintasuna –“equal pay” delakoa AEBetako futbol selekzioak sustatu zuen–, baita aktibismoa ere; Naomi Osaka, esaterako, osasun mentalaren “enbaxadore” bilakatu da. Horrekin jarraituz, badirudi kirol diplomazia gauza berria dela –2011n sortu zen aipatu Sports Dipomacy Alliance; Europar Batasuna 2007an hasi zen kirolean gehiago interesatzen eta 2015ean kirol diplomaziarekin lanean, Caroline Gomez EBko kirol diplomaziako lantaldeko kideak zehaztu zuenez–, baina berez, kontu zaharra da. Nelson Mandela izan daiteke kirol diplomaziaren erreferente –segregazioaren aurka pausoak emateko sekulako lanabesa izan zen kirola– eta Antzinaroko Olinpiar Jokoak, egun ezagutzen ditugun Olinpiar Jokoen aitzindariak, kiroltasunaren esentzia dira. Olinpiar Jokoetan herrialde bakoitzak irabazten duen domina kopuruarekin baloratzen da indartsua edo ahula izatea.

Kirola joko hutsa izatetik nazioartean posizionamendua irabazteko lanabesa izatera igaro da, politikagintzarako garrantzitsua. Ikusi dugu “sportswashing” delakoa ere modan dagoela: Qatarren jokatuko da Munduko Futbol Txapelketa eta nazioartean bere irudia «hobetu» nahiko du. Kirola jolas soila baino gehiago delako.