NAIZ

Ekaitz Sirvent aske geratu da 13 urte geroago, eta Mont de Marsanen euskal presorik ez dago

Zigorra bururaino agortuta aske gelditu da larunbat honetan Ekaitz Sirvent Auzmendi zarauztarra. Mont de Marsaneko espetxetik atera da eta horrekin han ez da euskal presorik gelditzen une honetan.

Ekaitz Sirvent, gertukoekin, espetxetik atera berritan.
Ekaitz Sirvent, gertukoekin, espetxetik atera berritan. (NAIZ)

Ekaitz Sirvent Auzmendi zarauztarra kalera atera da larunbat honetan, Estatu frantseseko auzitegiek ETAko kide izateagatik ezarri zioten zigorra osorik beteta. Hamahiru urte eman ditu preso guztira, 2009. urtean Parisko Montparnasseko tren geltokian atxilotu zuten eta. Lau urte beranduago epaitu eta kondenatu egin zuten.

Besteak beste, Marseilla, Tarascon eta Reaun espetxeratuta izan da Sirvent. Marseillan zela protesta burutu behar izan zuten berak, Zuhaitz Errastik eta Asier Ezeizak, bizi baldintzak txarrak zirela eta. Bertako kartzela Estatu frantseseko «zulo beltza» zela salatu zuen Etxeratek. Hurbiltze prozesua abiatu zenean, 2018ko apirilean lekualdatu zuten Mont de Marsanera eta geroztik gaur arte bertan egon da, Landetan.

Kaleratze honen ondoren euskal presorik ez da gelditzen Mont de Marsanen, hurbiltze prozesu honen euskarri izan den kartzela poliki-poliki husten joan da eta. Lannemezanen, aldiz, hamahiru lagun daude oraindik, Estatu frantsesean espetxeraturik direnen bi herenak, hain zuzen ere.

Nabarmentzekoa da denbora tarte honetan lan polita utzi duela Ekaitz Sirventek, Antonio Gramsciren ‘Kartzelako gutunak’ liburua euskaratu baitu, Katakrak argitaletxearen eskutik. Aurtengo otsailean aurkeztu zuten.