NAIZ

Sagarduik «mozorroa» kendu duela eta eredu aldaketa inbertsio faltaren ondorio dela dio LABek

Garbiñe Aranburu LABeko idazkariaren ustez, Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuak «mozorroa kendu du, baina orain esan nahi zuenaren inguruan pixka bat disimulatu nahi duela dirudi».

Garbiñe Aranburu etxeko langileen ondoan, artxiboko irudian.
Garbiñe Aranburu etxeko langileen ondoan, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuak «mozorroa» kendu duela adierazi du eta osasun zerbitzuan, egitan, «eredu aldaketa» ematen ari dela nabarmendu du, «urteetako inbertsio faltaren ostean».

Cadena Ser irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Aranburuk egindako adierazpenak jaso ditu Europa Pressek.

Sindikatu abertzaleko idazkari nagusiaren esanetan, eredu hori familia-medikuen faltaren emaitza da, eta horren ondorioz, datozen urteetan, herritarrek ohikoak ez diren zentroetara joan beharko dute arreta jasotzeko.

LABeko buruaren ustez, Gotzone Sagarduik «mozorroa kendu du, baina orain esan nahi zuenaren inguruan pixka bat disimulatu nahi duela dirudi». «Argi dago eredu aldaketa bat dagoela osasunean, urteetako inbertsio faltaren ondoren. Horrek eta pribatizazio eta hitzarmen politikak osasun pribatua indartu dute», salatu du.

Testuinguru horretan, Europako bataz bestekora iristeko EAEk osasun publikoan «1.600 milioi euro gehiago inbertitu» beharko lituzkeela adierazi du Aranburuk. Aipatu duenez, «Grezia, Estonia eta Portugal bezalako herrialdeen atzetik gaude».

Bere ustez, «apustu falta» hori agerian geratzen ari da «lehen mailako arretan, baina Osakidetza osoari eragiten dio». «Horregatik, sindikatuok bat egin dugu Sagarduiren dimisioa eskatzeko eta mobilizazioak deitzeko», gogoratu du.

LABek kainaren 16an eta 17an egingo duen X. Kongresu Nazionala ere izan du hizpide. Zehaztu duenez, eztabaidatuko diren gai nagusien artean, LAB «ezker independentistaren eremuko erreferentziazko sindikatu nagusia» eta  «arrazakeriaren aurkako sindikatu bihurtzea» izango dira, zuzendaritza ereduko aldaketez gain.