Maite Ubiria

U23an Ipar Euskal Herria blokeatuko du Bake Bideak: «Tentsioa sortuko dugu, arreta erakartzeko»

Ion Paroten askatasun auzian Fiskaltzak aurkezturiko helegitearen berri izan ondoren, bake ekintzaileek uztailaren 23an Ipar Euskal Herria blokeatzeko parioa finkatu zuten. Ekintza horretan parte hartzeko izen-ematea zabalik delarik ekintzari buruz xehetasunak emanen dituzte ostegun honetan Luhuson.

Barrikada itxuran girotu dute Bake Bideako kideek Luhusoko plaza.
Barrikada itxuran girotu dute Bake Bideako kideek Luhusoko plaza. (Guillaume FAUVEAU)

Barrikada gisa –‘Orain presoak’, adreiluzko murruan idatzita, bidoiak– itxuratu dute Bake Bideako bozeramaileek Luhusoko plaza, uztailaren 23rako prestatu duten mobilizazio egunaren berri emateko. Tresna horietaz baliatuko dira egun horretan «Ipar Euskal Herri osoa» blokeatzeko, hain zuzen, Gobernu frantsesari euskal presoen auzia desblokeatu dezan exijitzeko helburuarekin: «Prozesuaren blokeo judizial eta politikoari blokeo geografiko batekin erantzunen diogu».

«Tentsioa sortuko dugu, arreta erakartzeko», aurreratu du ostegun honetako prentsaurrekoan Jean-Daniel Elichiryk. Ekintza hau «erabakigarria» izango dela nabarmendu du: «Erabakigarria, izango duen hedadura eta egun osoko iraupenagatik eta lurralde osoan izanagatik».

Ipar Euskal Herriaren «komunikazio-bide oro geldiaraziko dira», zehaztu du bozeramaileak. «Informazio oro jarriko dugu herritarren eskura egun horretan komunikazio-bideetako zirkulazio guztia ekiditeko», esan du.

Aurreratu dute, halaber, jadanik «ehunka pertsonak» eman dutela izena uztailak23juillet@gmail.com helbidean edo lotura honetan ekimen masiboan parte hartzeko.

Pertsona horientzat, hamar hitzordu finkatu ditu Bake Bideak, blokeoa ahalik eta antolatuen gauzatzeko: Baionako Herriko Etxean 10.00etan; Baionako Marouette aparkalekuan 10.00etan; Biarritzen geltokian 10:30ean; Bidarten Uhabia hondartzako aparkalekuan 10.00etan; Ziburun pilota plazan 10.30ean; Pausun Xaia ondoko aparkalekuan 10.00etan; Azkainen pilota plazan 10:30ean; Ezpeletan merkatu estalian 10.00etan; Donibane Garazin Jai alain 10.00etan eta Maulen geltokian 10.00etan.

«Bake prozesuaren etapa saihestezina eta banaezina den presoen askapenaren inguruan iritzi publikoa, komunikabideak eta Frantzia mailako botere politikoa mobilizatzeko, uztailaren 23an ipar Euskal Herri osoa blokeatzea erabaki dugu», berretsi du Bake Bideak.

Parot eta Esnal

Gobernu frantsesaren blokeoa Ion Parot eta Jakes Esnal presoen kasuetan gorpuzten da Bake Bideako kideen iritziz. «Ion Parotek eta Jakes Esnalek askatasuna berreskuratzea posible izango zen, ekainaren 9an lehenaren kasuan, eta ekainaren 15ean bigarrenaren kasuan. Horren ordez, emaitza positibo baten ziurgabetasunak bere horretan dirau, eta hori ministerio publikoaren ezezkoarengatik, eta Zigorrak Aplikatzeko Ganberako magistratuen onarpenarekin», hartu dute gogoan.

Estatuari «itsutasuna» leporatu diote, ez duelako kontuan hartzen Euskal Herriko testuinguruaren «bilakaera positiboa». Preso hauek «epe laburrera askatzeko aukera guztiak baztertzeko borondate horrek justiziatik biziki urrun diren motibazioak erakusten ditu, Estatuaren mendekuarenak», salatu dute.

Ostera, zuzen mintzatu zaio Elichiry Emmanuel Macron Frantziako presidenteari: «Macron jauna, jabetu zaitez Euskal Herriko herritarrek zure kontsiderazio falta sentitzen dutela, zure immobilismoa egiazko umiliazio gisa bizi dutela. Umiliazio hori belaunaldiz belaunaldi transmiti daiteke, benetan prest al zira arrisku hori kontzienteki hartzeko?». Are, Euskal Herriko bake prozesuaren aitzinatze edo blokatzearen ardura Macronek duela berretsi dute prentsaurrean.

Presondegian segitzera behartuta

Ekainaren 16an jakinarazi zuen Bake Bideak Ion Kepa Parot presoak aurkezturiko eskaerari buruzko erantzuna.

Pariseko Zigor Aplikaziorako Auzitegiak euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaera onartu bazuen ere, ohikoa duen blokeo jarrera hartuta, Fiskaltza Antiterroristak (PNAT) helegitea ezarri zuen.

Ondorioz, epaileak harturiko erabakia ez zen gauzatu eta 32 urte espetxean daramatzan lapurtarrak Mureteko presondegian segitu beharko du gutxienez bere defentsak aurkezturiko helegitea aztertu eta Dei Auzitegiaren erabakia jakin bitartean.

Deliberoa ezagutu bezperan, Baionako Suprefeturaren aurrean elkarretaratzea egin zuen Bake Bideak. Ipar Euskal Herria blokeatzeko aukera aitzinetik aipatua izan bazen ere, orduan iragarri zuten bake eragileek uztailaren 23an desobedientzia ekimen handia egiteko erabakia.

Bestalde, Bake Bideak jakinarazi du uztailaren 21ean egingo dela Ion Paroten dei audientzia, Jakes Esnalen egun berdinean.

Azken hilabeteetan sustaturiko desobedientzia ekintzak

Otsailean 18an Suprefeturaren aurrean eginiko blokeoarekin abiatu zuten bake eragileek joan zen urtarrilaren 8ko manifestazioaren amaieran Baionan iragarri zuten «ekintza indartsu eta determinatuagoz» osaturiko etapa berria.

Biarritzeko Zerga Etxean eta A63 autobidean eginiko ekintzak heldu ziren horren ondotik.

Finean, iragan maiatzaren 22an Baionako Auzitegia blokeatu zuten bakegileek Fiskaltza Antiterroristak atxikitzen duen jarrera hetsia salatzeko asmoz.

Fiskaltzaren jarrera aldatu ezean uztailaren 23an jauzi berria eman nahi dute bake ekintzaileek lurralde mailako blokeoa martxan jarriz.

Erronka berri horrek «bolondres guztien engaiamendua eskatuko duela» oroitarazi dute. «Ehunka ekintzaile» ezinbestekoak izanen direla gehitu dute blokeatze ekimenerako hilabete bat falta denean.