NAIZ

AHTaren lanetan bero boladaren debekua bete den ala ez jakin nahi du EH Bilduk

Tafalla inguruko AHTaren lanetan bero bolada dela eta ezarri diren debekuak bete diren ala ez jakin nahi du EH Bilduk. Sustraik egin duen salaketaren ondoren, Adolfo Araizek galdera egin du Nafarroako Parlamentuan.

Tafallako Plano mendiaren inguruan AHTaren lanak, artxiboko irudi batean. (AHT Gelditu)
Tafallako Plano mendiaren inguruan AHTaren lanak, artxiboko irudi batean. (AHT Gelditu)

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanetan bero bolada dela eta makineria astuna ez erabiltzeko debekua bete den ala ez jakiteko galdera aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan Adolfo Araiz EH Bilduren eledunak. Zehazki, nekazaritza sektoreari makineria astuna erabiltzeko ezarritako murrizketak aplikatzen ari diren, eta aplikatzen ari ez badira, hori ez egiteko arrazoiak, erabakia nork hartu zuen, eta nekazariei ezartzen zaizkien zehapen berberak aplikatzen ari ote diren galdetu du EH Bilduk.

Sustraik salatu zuenez, AHTren Tafalla inguruko lanetan ez da debekua bete. Izan ere, lan istripu bat ere izan zen.

Araizek bere idazkian gogora ekarri du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 1eko Foru Aginduak baso-suteak prebenitzeko lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzen duela. Agindu horretan (10. artikuluko 5. idatz-zatia) segurtasun neurriak zehazten dira (itzaltzeko bi motxila, gutxienez 15 litroko edukiera dutenak), honako hauei eska dakizkiekeenak: bulldozerra, atzerako hondeamakinak, motonibelagailuak, skidderra, basoko prozesadoreak eta autokargagailuak, sasi-garbitzeko makinak, uztatzeko makinak, paketatzeko makinak eta xehatzeko makinak. 8. artikuluaren arabera, ordea, meteoalerta egoeretan debekatuta dago deskribatutako makineria astuna erabiltzea (muturreko gehieneko tenperaturak) (abisu-mailak; laranja edo gorria).

Horren aurrean, eta lanak gelditu ez direlakoan, EH Bilduko bozeramaileak galdetu du, lehenik eta behin, ea Foruzaingoak edo Ingurumeneko Basozainek eskatu dieten AHTren Tafallaldeko obren enpresa esleipendunei geldiarazteko makineria astunaren erabilerarekin lotutako jarduera oro. Bigarrenik, erantzuna ezezkoa bada, ezarritako debekuak bete ez dituzten nekazarien aurka hartutako neurrien antzekorik ez hartzeko arrazoiaz galdetu du. Azkenik, galdetu du ea nork edo zein kargu politikok erabaki duen Nafarroako Gobernuan debekuak ez zaizkiela aplikagarriak izango Tafallaldean egiten diren AHTren obrei.