NAIZ

Ingalaterrako hamar eskualdetan lehorte egoera deklaratu du Gobernu britainiarrak

Gobernu britainiarrak lehorte egoera izendatu du Ingalaterrako hamar eskualdetan. Ondorioz, idorte guneetako bizilagunek mugatuta izango dute uraren kontsumoa.

Kenteko Sevenoakseko parkea, belar lehorrarekin.
Kenteko Sevenoakseko parkea, belar lehorrarekin. (Hollie ADAMS | AFP)

Gobernu britainiarrak Ingalaterrako Devon, Cornualles, Solent, South Downs, Kent, Londres hegoaldea eta iparraldea, Herts, Ekialdeko Anglia, Tamesis eskualdea, Lincolnshire, Northamptonshire eta Ekialdeko Erdiko Lurren eskualdeak lehorte gune izendatu ditu ostiral honetan. Beraz, eskualde hauetako herritarrek uraren kontsumoa mugatua izango dute, bai erabilera komertzialerako bai etxekorako, idortea indarrean egon bitartean.

‘Sky News’ kateak jaso duen Gobernu britainiarraren komunikatuaren arabera, kaltetutako eremuetan bizi diren herritarrei eta negozioei egun eskura dituzten baliabideekiko «oso kontziente» izateko eta ura «zuhurtziaz» kontsumitzeko eskatu zaie.

«Klima lehorreko aldietarako inoiz baino hobeto prestatuta gaude, baina egoera gertutik ikuskatzen jarraituko dugu, nekazarien eta ingurumenaren gaineko inpaktuak barne, eta neurri gehigarriak hartuko ditugu, beharrezkoa den heinean», adierazi du Steven Doublek, Baliabide Hidrikoen ministroak.

Ildo honetatik, Yorkshire Water Services enpresak, zeinak 5,4 milioi erabiltzaile eta 140.000 enpresa urez hornitzen dituen, baratzeak ureztatzeko eta autoak garbitzeko debekua ezarri du ostiral honetan.

Europan, antzera

Lehorteak ez dio Britainia Handiari soilik eragin, ostiral honetan 35 gradutik gorako tenperaturak erregistratu baitira Europan.

«Uztailaren amaierako datuen esanetan, Europar Batasuneko herrialdeen %47k lehorteaz ohartarazteko baldintzei egin behar diete aurre, eta %17 alerta-mailan daude», ohartarazi du Lehortearen Europako Behatokiak.

Bestetik, frantziar Estatua bere historia osoko idorte gogorrena eta hirugarren bero bolada zeharkatzen ari den bitartean, suteak ugaritu egin dira. Era berean, Alemaniako zerbitzu meteorologiko estatalak (DWL) abisatu du gune batzuetan baso suteak pizteko «arrisku handia» dagoela.