Jon Ormazabal

Jon Ander Albisuk ikusi du argien Masterseko finalerdietarako bidea Zestoan

Ataundarraren partida borobil batekin, goierritarrak merezita nagusitu dira eta partida txarra jokatuta, Erik Jaka eta eskuin eskutik larri aritu de Zabaleta pozik egon daitezke 17 tanto lortuta.

Lekeition ez bezala, partida borobila jokatu du Albisuk Zestoan.
Lekeition ez bezala, partida borobila jokatu du Albisuk Zestoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Autopista hartu ezean, Zestoarako errepidea ez da batere erosoa, baina bertan erabakitzen zen  Masterseko finalerdietarako lehen txartela eta bertan Jon Ander Albisu izan da bidea argien izan duena. Azken bi partidetan itxura tristea eman ostean, fresko agertu da ataundarra, pilota guztiak gozatu ditu eta alerik galdu gabe, garaipen garrantzitsua lortu du argi-ilunak izan dituen Iker Irribarriak lagunduta. Aramarrak ere Lekeition izan ez duen txispa agertu du, lanerako borondatea ere nabaritu zaio, baina galdu ere, nahi baino pilota gehiago galdu ditu. Bestaldean, galduta, Erik Jakak eta eskuin eskua minberatua zuela zirudiela aritu den Jose Javier Zabaletak ez dute pozik egoteko arrazoi askorik, baina jokatu duten partidarako, 17 tanto lortu izana ere ez da gutxi, play off bitxi honetan galtzaileen artean tantorik gehien egiten dituen bikote galtzaileak aurrera gingo duela jakinda.

Aurreko astean partida txarrak jokatuta zetozen bi bikoteak eta partida hasiera trakets xamarra izan da bi aldeetatik, deseroso aritu dira kantxan. Hala ere, lehen pilotakadatik Jon Ander Albisu lauretan orekatua agertu den. Hutsak eta pilotakada ikusgarriren bat tartekatuz, lehia orekatu antzean joan da 8-7kora arte, baina hortik aurrera Irribarria-Albisuk aldea hartu dute markagailuan, alde batetik Albisuk gora egin duen bitartean, Jose Javier Zabaleta gero eta deserosoago aritu delako kantxan, eskuin eskuari etengabe begiratu eta ez eta pilota askotxo galduz.

Aurrean partida ez da ikusgarri horietakoa izan, Jakak ez baitu erasora pasatzeko nahi beste aukerarik izan eta Irribarriak ere nahiago izan duelako atzera jo, nahiz eta tarteka bolea latzak jo. Gauzak horrela, 7-13 eta 8-15 aurreratu dira goierritarrak.

Hortik aurrera Jaka-Zabaletak izan dute susperralditxo bat, Zabaletak berak errebote ikusgarri bat jo du 12-17koan, baina nahiko azkar markagailu txukun bat bilatu beharrean aurkitu dute euren burua, Erik Jakak ere ez baitu batere asmatu erasoan izan dituen pilota egoki urrietan ere.

Eta hein handi batean, bigarren helburu hori lortu dutela esan genezake, igandeko Hondarribiko partidan, Urrutikoetxea-Rezusta 18 tanto egitera behartu baitituzte 22 tantora heldu ezean eta 17 Altuna III.a-Imaz.

 

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Zabaleta: 17

Irribarria-Albisu:22

Pilotakadak: 508. Iraupena: 56,19 minutu. Markagailua: 2-0, 2-4, 3-4, 3-5, 5-5, 5-7, 6-7, 6-8, 7-8, 7-13, 8-13, 8-15, 10-15, 10-17, 12-17, 12-18, 14-18, 14-21, 17-21, 17-22. Sakeak: 2 Jakak eta 1 Irribarriak. Egindakoak: 6 Jakak, 3 Zabaletak, 5 Irribarriak eta 5 Albisuk. Galdutakoak: 4 Jakak, 7 Zabaletak, 6 Irribarriak eta 0 Albisuk. Gorabeherak: 257 lagun Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan.

 

Asteburua geldirik emango du Lasok, froga osagarrien zain

Atzo Unai Lasori egin zioten ekografiaren emaitzak bere lesioaren larritasuna zenbaterainokoa den nahikoak ez direla iritzita, Baikoko medikuek datorren astean zehar beste zenbait froga osagarri egitea beharrezkotzat jo dute eta hori dela eta, asteburu honetan atseden hartzeko agindu diote Bizkarreta-Gerendiangoari.

Gauzak horrela, asteburu honetan jokatzekoak zituen bi partidak bertan behera utzi beharrean izan da Buruz Buruko txapelduna. Bihar Iñaki Artolak ordezkatuko du Vianan eta Dario izango da Baños de Rio Tobian jokatzekoa zen partidan eta ikusteke dago San Mateoko ferian jokatzeko moduan izango ote den. Alde horretatik, irailaren 21era arteko epea izango du Baikoko aurrelariak, lehiaketan sartuko den azken bikotea izango baita berak eta Jon Ander Albisuk osatutakoa.

Gogoratu behar da Unai Lasok asteazken honetan hartu zuela min Ordizian, gainezka zegoen pilotaleku bateko pilotazale bati eroritako edari batean irrist egin ostean. San Mateotako feriaren aurkezpenean aurrelari nafarra kexu agertu zen pilotalekuko arduradunek ez zutelako kantxa behar bezala garbitu Erik Jakak -lizartzakoak, zabalera pilota bat eramatera joanda tupust egin zuen artekari batekin eta honek eragin zuen edalontzia lurrera joatae- eta berak hala eskatu bazioten ere.