NAIZ
Donostia

Robot batek dantzan ipini du Belodromoa, Zinemaldiaren haurrentzako saioen inaugurazioan

2.200 haur inguruk parte hartu dute Zinemaldiaren Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren lehen saioan, non EHUko robotikako RSAIT ikerketa taldeak ‘Terra Willy: planeta ezezaguna’ aurkeztuko baitu egunero, Pepper robot sozialaren lankidetza bereziarekin.

Zinemaldiaren Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren lehen saioa.
Zinemaldiaren Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren lehen saioa. (Jon URBE | FOKU)

6 eta 11 urte bitarteko 2.200 ikasle inguru izan dira ostiral honetan Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren lehen saioan. Bertan, Pepper robot soziala izan da protagonista, eta ikus-entzule guztiak dantzan ere ipini ditu, ‘Terra Willy: planeta ezezaguna’ filma proiektatu baino lehen.

«Donostia, zinema hiria, zientzia hiria» leloarekin, Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute ekimen hau 2019tik, eta haren helburua da, batetik, «zientziari buruzko irudi erakargarria transmititzea», eta, bestetik, «Donostiak ikerketa zientifikoarekin duen lotura sendoa bistaratzea».

Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, ekimen hau handikiro itzuli da ikastetxeetatik Belodromora, eta bere benetako jai espiritua berreskuratzen duen proposamen bat ekarri du. Aurtengo edizioan, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Robotika eta Sistema Autonomoak (RSAIT) ikerketa taldearen lankidetza eta inplikazioa izan dira. Elena Lazkano da talde horren burua, eta Igor Rodriguez eta Unai Zabala informatikariak eta ikertzaileak ere izan dira.

Ikerketa taldeak Pepper robot sozialarekin lan egiten du eta agertokira agertu denean, harri eta zur utzi ditu Belodromora joan diren haurrak. Hala, aurrez aurre egiaztatu dituzte Pepperren trebetasun guztiak, eta ikusi dute gizaki bat bezalaxe mintzatzen eta mugitzen dela, eta badakiela pil-pilean dauden abestiekin dantza egiten ere.

Robotika taldearekin batera, inaugurazio saioan izan dira DIPCeko zuzendari Ricardo Diez Muiño, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandez eta Donostia Zinemaldiko zuzendariorde Lucia Olaciregui.

Datorren astean, astelehenetik ostiralera (hilaren 19tik 23ra), Belodromora joaten diren eskola umeek bertatik bertara ezagutuko dute Pepper, eta, horretaz gainera, euskarara bikoiztutako ‘Terra Willy: Planeta ezezaguna’ filma ikusiko dute. Eric Tostik zuzendutako animaziozko film horrek haur baten kontakizuna egiten du: istripu espazial bat izan ostean, planeta ezezagun batean iraun beharko du, eta, horretarako, robot baten eta estralurtar baten laguntza izango ditu.