Andoni Arabaolaza

Sokada eslovakiar batek handia egin du Tien Shan mendilerroan

Juraj Svingal eta Marek Radovskyk «Ice Dry Queen» bidea sortu dute Kookshal Too haranean dagoen Zabor mendian (5.080 m). Alpinistok zailtasun tekniko oso gogorrak gainditu behar izan zituzten: M9- eta WI6+.

Juraj Svingal eta Marek Radovsky goi mailako alpinistak direla inork ezin du zalantzan jarri. Ez dira mediatikoak, eta, agian, horregatik eslovakiar hauen izenak ez dira oso ezagunak. Badirudi, aurrerantzean izen horiek kontuan hartu beharko direla, batez ere uda honetan Tien Shan mendilerroan egin duten jardueraren ondoren.

Isil-isilik, zaratarik atera gabe, Kookshal Too haranera (Kirgizistan, Zabor mendira (5.080 m), abiatu ziren. Eslovakiarren asmoen artean bide berri bat zabaltzea zegoen, eta, segurtasun gutxirekin, aukera izan dute marra ikaragarri gogor bat zabaltzeko: “Ice Dry Queen”. Zuzena zein estetikoa, baina horren guztiaren gainetik gainditu behar izan zituzten zailtasun tekniko gogorrek lehentasuna hartu zuten. Hormatzar horretan igotako 900 metro berrietan, gehienez, M9- eta WI6+ luzeei egin behar izan zieten aurre.

Protagonistek berek onartu dute zaila egiten zaiela zentzuzko hausnarketa bat egitea: «Lehenik eta behin, esan behar dugu jardun dugun haran horrek ez duela bisita askorik izaten. Horrek, jakina, esploratzeko eta eskalada berriak egiteko aukera ematen du. Makina bat mendi eta horma luze daude, eta guk Zabor mendiaren aldeko apustu sendoa egin genuen. Marra hori zabaltzera sartu ginenean, ez genuen batere ziurtasunik. Eta erabat harritu gaitu egindako lanak. Gogorra baino gogorragoa da baina, horrez gain, zailtasunean oso iraunkorra da. Metro berri horietan maila samurrena WI5 izan zen».

Oso beldurgarria

Eslovakiarrek hamahiru egun behar izan zituzten igoera hori ondo planifikatzeko eta aurrera eramateko. Ekinaldi bat soilik egin zuten. Abuztuaren 14an  egin zituzten lehenengo urratsak, eta 23 ordu beranduago kanpaleku nagusira heldu ziren.

Nahiz eta M9- eta WI6+ luzeak eskalatu zituzten, igoera guztian ez zuten paraboltik erabili. Hortaz, izaera alpinoa duen jarduera horrek konpromiso handia eskatu zien: «Biok onartu behar dugu arrisku handikoa dela; are gehiago esango genuke, beldurgarria da. Bidearen giltza WI6+ mailakoa da. Oso tenteak diren sekzioak (eroria ere bazuten) ditu, zailtasun iraunkorra ere bai, eta atseden hartzeko lekurik ez. Hori gutxi ez balitz bezala, izotzaren baldintzak oso kaskarrak ziren».

Bide batez, alpinistok azpimarra egin nahi izan diote “Dry Ice Queen”-en edertasunari: «Mistoko zein izotzezko tarte oso politak igo genituen; pena bakarra da izotza ez zela kalitate onekoa. Goialdean baldintza horiek okertu egin ziren. Mendiaren ekialdeko isurialdean geunden, eta eguzkiak izotz asko urtu zuen. Hala eta guztiz ere, 900 metro horietan oso kontzentratuta egon ginen, eta lortutako emaitzak bete egin gaitu».

“Dry Ice Queen”-en zailtasunaren inguruko proposamenari dagokionez, esan behar da garaiera horretan egin den gogorrenetarikoa dela. Eta, gainera, arrisku handia du. Svingal eta Radovsky eslovakiarrek azken iritzi bat plazaratu nahi izan dute: «Bidea hasi aurretik, paretaren oinarrian geundela, ez genekien gai izango ote ginen bidearen zati zailenak igotzeko. Baina ausartu ginen ‘buru-hausgarri’ horretan sartzen, eta pieza guztiak lehen ekinaldian ondo kokatzea lortu genuen. Eta hori ez zen batere erraza izan».