Asier Aiestaran

Ezkurdiak eta Mariezkurrenak Caixabank Mastersa irabazita itxi dute uda bikaina (22-15)

Beste batzuetan baino pilota gehiago galdu arren, Berriozarreko atzelariak mendean hartu du Ander Imaz eta Joseba Ezkurdiak ongi asmatu du une erabakigarrian. Finala ez da bete-betekoa izan baina pilotazaleek asko gozatu dute Nafarroa Arena ikusgarrian.

Ezkurdia eta Mariezkurrena, txapelak jantzita Nafarroa Arenan.
Ezkurdia eta Mariezkurrena, txapelak jantzita Nafarroa Arenan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Joseba Ezkurdiak eta Jon Mariezkurrenak amaiera ezinhobea eman diote aurten egin duten uda bikainari, Caixabank Masterseko finalean Jokin Altuna eta Ander Imaz 22-15 menderatuta. Ez da bete-beteko finala izan, baina Nafarroa Arenan giro paregabearekin itxi da udako torneoen atala.

Gaur ere Jon Mariezkurrena izan da une askotan partidaren nondik norakoa erabaki duena. Berriozarreko atzelariak sekulako pilotakadak jo ditu –zortzi tanto egin ditu guztira atzean–, baina beste batzuetan baino pilota gehiago galduz (6).

Aurrean, errespetu handia nabaritu da Ezkurdia eta Altunaren artean. Arbizuarrak bazekien abantaila atzean ateratzea errazagoa zela, eta amezketarrak, gaur ere oso behartuta, ez du gehiegi asmatu errematean.

Neurketa asko gogortu da, eta azkenean Joseba Ezkurdiaren inspirazioak apurtu du finala. Horregatik eman diote seguru asko pilotari onenaren saria arbizuarrari.

Pilota bizia hasieran

Finalaren lehen tantoak ez dira oso ikusgarriak izan. Lau protagonistak pilotalekuari neurria hartu nahian bezala irten dira, errespetu handiz, eta huts batzuk izan dira: Altunak bi txapa, Mariezkurrenak pilota bat gora, Ezkurdiak beste bat behera...

Baina apur bat berotutakoan, Mariezkurrena izan da markagailuan lehen zuloa ireki duena. Gorriek pilota bizi bat atera dute eta atzelari nafarrak sekulako triskantza egin du atzean: hiru tanto egin ditu segidan, errebotera bi pilota bidaliz. Nafarrak 8-4 aurreratu dira eta neurketa apurtzeko arriskua ikusten zen.

Ez da hala gertatu, ordea. Ander Imazek 8-5ekoa aurrean egin du, dejada bat harrapatu eta zabalean pilota ederki irekiz, eta pilota aldaketarekin indarrak asko parekatu dira. Mariezkurrenaren huts batzuk tarteko, urdinek 9-9 berdindu dute markagailua.

Hala ere, gipuzkoarrek ez dute aurrea hartzea lortu. Finaleko tanto gogorrenetako batean (34 pilotakada), Ezkurdia izan da pilota atzera jota 10-9koa egin duena, eta hortik aurrera beti markagailuan agintzen egon dira gorriak.

Ezkurdiaren azken txanpa

Gorrien pilota bizia jada gastatu egin da neurketa erdirako, eta horri nekearen lanak gehituta, finala gogorra eta fisikoa bilakatu da bigarren zatian. Gorriak 15-11 aurreratu dira une batez, baina urdinek lanean jarraitu dute eta 15-13 nahiz 17-15 hurbildu dira.

Mariezkurrena izan da atzean 18-15ekoa egin duena, eta atsedenetik bueltan, Joseba Ezkurdiak inspirazioa aurkitu eta hiru tanto egin ditu jarraian, oso minutu gutxian neurketa erabakita utziz. Azkena, nola ez, Mariezkurrenak egin du atzean, bere zortzigarrena, 22-15ekoa sinatuz.

«Partida oso gogorra izan da, frontoi hau oso exigentea da. Uste dut une batzuetan apur bat azeleratuta jokatu dugula, gauzak azkar egin nahian bezala, baina oso pozik gaude garaipenarekin, uda amaitzeko modu ezinhobea da», onartu du Joseba Ezkurdiak neurketa amaieran.

«Emaitzak onak izan dira, baina horrez gain jokoz ere 2022 honetan nire unerik onenean ote nagoen sentitzen dut, eta horregatik oso pozik nago», esan du arbizuarrak, Mariezkurrenarekin jokatzea «gozada» bat dela gehituz. «Eskuinarekin sekulako mina egiten du eta ezkerrarekin asko ikasten ari da».

Berriozarrekoa ere oso pozik agertu da: «Udako azken txapelak ziren eta pozgarria da irabaztea. Uda borobildu dugula esan daiteke».

Pilotakadak: 619. Partidaren iraupena: 64 minutu eta 5 segundo. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 3-2, 3-3, 5-3, 5-4, 8-4, 8-6, 9-6, 9-9, 12-9, 12-11, 15-11, 15-13, 16-13, 16-14, 17-14, 17-15 eta 22-15. Sakez: 1 Ezkurdiak eta 1 Altuna III.ak. Jokoan eginak: 8 Ezkurdiak, 8 Mariezkurrenak, 4 Altuna III.ak eta 1 Ander Imazek. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak, 6 Mariezkurrenak, 4 Altuna III.ak eta 1 Ander Imazek. Gertaerak: Sarrera ona Nafarroa Arenako pilotalekuan. Lehen sakea gorri. Ohorezko sakea Asier Martinez atleta nafarrak egin zuen, Europako Txapelketan urrezko domina irabazi ostean.