Iraitz Mateo

Alaia Martinek irabazi du bigarren faseko lehen saioa, Elizondon 729,5 punturekin

Elizondon egin da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalerdia eta Alaia Martin gailendu da 729,5 punturekin. Bigarren Joanes Illarregik egin du, 711 punturekin. Baztan Pilotalekua lepo bete dute bertsozaleek.

Alaia Martin Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalerdian.
Alaia Martin Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalerdian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Alaia Martin izan da Elizondoko finalaurreko saioko irabazlea 729,5 punturekin, eta Amurrioko saioan kantatzeko zuzeneko txartela lortu du, beraz. Bigarren Joanes Illarregik egin du 711 punturekin. Eta beraiekin batera seikotea osatu dute Agin Laburuk, Unai Agirrek, Onintza Enbeitak eta Iñaki Apalategik, sailkapenaren hurrenkeran.

Baztan pilotalekua goraino bete da, eta aurreko saioetan bezalatsu bertsozalea bertso gosez iritsi da Baztanera. Saioak aurrera egin ahala frontoiko giroa ere berotzen joan da, eta bertsoaldiren batean lehertzea ere lortu dute bertsolariek.

Finalaurrekoetako lehen faseko aurreneko saioa izan da gaurkoa, eta ondorioz, ariketak ere aldatu dira. Hamarreko txikiaren eta puntu-erantzunen ordez, bi bertsolarien arteko puntukako saio eta seiko motza izan dituzte.

Hurrengo saioa Donibane Garaziko Jai Alai pilotalekuan izango da azaroaren 29an, datorren larunbatean, arratsaldeko 17:00etan. Eta kantuan Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.

Puntuazio orokorra:

729,5 Alaia Martin Etxebeste
711 Joanes Illarregi Marzol
677 Agin Laburu Rezola
652,5 Unai Agirre Goia
639,5 Onintza Enbeita Maguregi
623 Iñaki Apalategi Astigarraga