Manex Altuna

Alarma piztu da Bilbao Athleticen eta Bingen Arostegi entrenatzailea kargutik kendu dute

Zuri-gorrien bigarren taldea sailkapenaren zuloan dago eta, iaz bezala, zuzendaritzak neurriak hartu behar izan ditu. Emaitza kaskarrak pilatzeaz gain, itxura eskasa eman du Bilbao Athleticek lehen hamabi jardunaldietan.

Bingen Arostegi ordezkatzeko erabakia hartu du zuzendaritzak.
Bingen Arostegi ordezkatzeko erabakia hartu du zuzendaritzak. (@AthleticClub)

Jon Uriarteren zuzendaritza batzak legegintzaldiko lehen krisia kudeatu behar izan du eta Bilbao Athleticeko entrenatzailea ordezkatzea erabaki du. Hamabi jardunaldiren ostean, amaitutzat eman du Bingen Arostegiren aroa. Bermeoko entrenatzaileak uztailean hartu zuen bigarren taldea, azken urteetan Zigandaren laguntzaile bezala aritu ondoren Athleticen eta Oviedon. Lezaman ere ibilbide oparoa egindakoa zen 52 urteko teknikari bizkaitarra gazteen mailan.

Hiru garaipen, hiru berdinketa eta sei porrot jaso ditu Bilbao Athleticek liga hasiera honetan. 12 punturekin sailkapenaren azken postura erori dira Bartzelonaren kontra galdu ondoren azken jardunaldian. Berdintasuna da nagusi Lehen Maila Federazioan, hamargarren postua esaterako hiru puntutara bakarrik dago. Ez dago tarte handirik sailkapenean, baina kezkatzeko arrazoi ugari zeuden. Taldearen jokoa eskasa izan da eta gola egiteko zailtasun handiak zituen. Sei bakarrik egin ditu hamabi partidatan eta hamabost jaso ditu.

Defentsan arazo larriak izan ditu taldeak, batez ere ezker hegalean. Chasco eta Oier lesionaturik egon dira eta proba ezberdinak egin behar izan ditu. Unai Gomez erdilariak adibidez postu hortan jokatu behar izan du eta baita Lorente erdiko atzelariak. Zelai erdian ere ez du aurkitu joko antolatzaile finkorik eta erdiko aurrelaririk gabe jokatu du partida gehienetan. Tamalez, Ewan Urainek ez du lortzen hamaikakoetan sartzea eta ez du golik egin. 2025erarte dauka kontratua 1,92 metro dituen 22 urteko aurrelariak.

Datozen orduetan emango du klubak ordezkoaren berri. Basconia zuzentzen ari den Carlos Gurpegi igotzea izan daiteke aukeretako bat. Andosillakoak emaitza onak lortu ditu hirugarren taldearekin. Iaz igoera fasea jokatzeko sailkatu zuen eta aurten ere goiko postuetan daude. Gurpegi Bilbao Athleticen bigarren entrenatzailea izan zen Imanol de la Sotarekin. Arostegirekin gertatu den moduan, kaleratua izan zen emaitza txarren ondorioz eta Basconian zegoen Patxi Salinasek ordezkatu zuen. Maila mantentzea lortu zuen jokalari ohi bilbotarrak, baina Portugaletera joatea erabaki zuen hauteskunde kanpainan jarraitzeko eskaintzarik jaso ez zuelako.

David Movillaren izena ere atera zen uda sasoian Bilbao Athleticen entrenatzailea izateko aukeren artean. Leioa taldea erregionaletik Bigarren B mailara eraman zuen eta Barakaldon eta Zamoran ere aritutakoa da. Talderik gabe dagoen beste teknikari bat Iñaki Alonso durangarra da. Alavesen eta Eibarren harrobian aritutakoa da eta Athleticen kirol batzordeko kide den Mikel Gonzalezek berarekin lan egin du. Maila ondo ezagutzen duen Jabi Luaces busturiarra edo jokalari zuri-gorria izandako Oskar Vales ere libre daude une honetan.

‘El Correo’ egunkariak emandako informazioaren arabera, Ruben de la Barrera eta Aritz Lopez Garai izango lirateke klubean aztertzen ari diren aukerak. De la Barrera bigarren entrenatzaile bezala egon zen Asier Garitanorekin Realean eta gaztetatik talde ezberdinak zuzentzen aritu da. 1985ean jaiotakoa da Galizian eta Albacete eta Deportivo moduko taldeak entrenatu ditu. Baita ere Valladoliden bigarren taldea.

Aritz Lopez Garai bizkaitarra jokalaria izandakoa da Bigarren mailan. Lezamako harrobian hazia, talde ezberdinetan izan da entrenatzaile gaztea izan arren. 1980an jaiotakoa da eta Reus, Numancia, Tenerife eta Albacete taldeak zuzendu ditu dagoeneko.

Entrenatzaile berria Osasunaren bigarren taldearen kontrako derbian estreinatuko da datorren igandean. Nafarrak sailkapenaren goiko postuetan kokatuta daude 18 punturekin, nahiz eta igo berriak izan.

Quicala Bari, neguko fitxaketa

Quicala Bari, Portugalete taldeko jokalaria. (@QuicalaJr)
Quicala Bari, Portugalete taldeko jokalaria. (@QuicalaJr)

Joan den denboraldian antzeko egoera batetik ateratzea lortu zuen Bilbao Athleticek. Patxi Salinasek hartu zuen taldea eta Basconiako hainbat jokalari igo zituen. Horien artean zeuden Luis Bilbao, Malcom Adu Ares eta Gerenabarrena. Hirurek lehen taldearekin entrenatu zuten udan eta Malcomek ofizialki debutatzeko aukera izan zuen. Denboraldi honetan Alex Padilla atezaina eta Hugo Rincon eskumako atzelaria gehitu zaizkie, beste hainbatekin batera.

Aldi berean, Athleticek fitxaketak egin zituen neguko merkatuan taldea indartzeko. Aritz Pascual aurrelaria fitxatu zuen Sestao Riverretik eta Unai Rementeria erdilaria utzita etorri zen Mirandesetik. Klub zuri-gorriak berdina egingo du oraingoan. Dagoeneko zabaldu da Quicala Bari hegaleko jokalaria fitxatu behar duela. Abiadura bizia dauka eta ezkerretik jokatzen du. Guinea-Bissaun jaiotako mutilak 20 urte ditu eta Portugalete taldean aritu da denboraldi hasieran. Iaz Derion jokatu zuen Bizkaiko Ohorezko Mailan eta baita ere Gasteizko San Ignacio taldean eta Barakaldo eta Santutxuko harrobietan aritutakoa da.

Chivas, Burgos eta aldaketak Fundazioan

Athleticen lehen taldea datorren astelehenean itzuliko da entrenamenduetara. Valverderen asmoa denboraldi-aurre moduko bat egitea da eta adiskidantzazko zenbait partida antolatu dituzte. Abenduaren 11an, Chivas talde mexikarrarekin neurtuko dira San Mamesen eta 15ean Burgosen kontra jokatuko dute. Beste norgehiagokaren bat gehiago egitekoak dira.

Abenduaren 20ean itzuliko dira txapelketak. Sestao Riverren aurka jokatuko dute zuri-gorriek Kopako bigarren kanporaketa. Ezkerraldeko taldeak denboraldiko lehen porrota jaso zuen Las Llanasen azken jardunaldian. Ligako lehen partida, berriz, abenduaren 29an jokatuko da Betisen zelaian.

Beste alde batetik, Athleticen Fundazioko arduradun nagusiek ez dute erakundean jarraituko. Juan Carlos Ercoreca Fundazioko presidente izendatu zuen Aitor Elizegiren zuzendaritza batzak eta Jon Vazquez Eguskiza zuzendari nagusia izan da. Ibaiganen aldaketa eman zen ekainean eta hilabete batzuk beranduago Fundazioko bi arduradun nagusien irteera adostu dute.

Juan Carlos Ercoreca eta Jon Vazquez Eguskiza. (@AthleticClub)
Juan Carlos Ercoreca eta Jon Vazquez Eguskiza. (@AthleticClub)