NAIZ

Ane Esnalek IDK Euskotren utziko du behin-behinean, arrazoi pertsonalak direla-eta

Ane Esnal saskibaloi jokalari donostiarrak, arrazoi pertsonalak direla-eta, behin-behinean IDK Euskotren uzteko erabakia hartu du. 2020an itzuli zen Donostiara, urtebetez Estatu Batuetako unibertsitate ligan jokatu ostean. Aurten, zortzi partida jokatu ditu, 81 minutu orotara, 19 puntu saskiratuz.

Ane Esnal, erdian, Azu Muguruza teknikariarekin (ezkerrean) eta Carmen Muguruza presidentearekin (eskuinean).
Ane Esnal, erdian, Azu Muguruza teknikariarekin (ezkerrean) eta Carmen Muguruza presidentearekin (eskuinean). (Andoni CANELLADA | FOKU)

IDK Euskotrenek asteazken honetan jakinarazi du Ane Esnal jokalari donostiarrak taldea uzteko erabakia hartu duela, behin-behinean, arrazoi pertsonalak direla-eta. Klub gipuzkoarrak komunikatu xehe-xehe baten bitartez eman du aditzera albistea.

Esnal ez zen egon pasa den larunbatean donostiarrek Casademont Zaragozaren aurka jokaturiko partidan; bai, ordea, egun batzuk lehenago Gascan jokatu zen European Cupeko partidan, Asvel Lyonen aurka.

IDK Euskotreneko jokalariak atseden daukate asteazken honetan eta, bihar, osteguna, jarraituko dute hurrengo partida prestatzen, Ensinoren aurkakoa, abenduaren 1ean jokatuko dena, orain selekzioen partidengatik atseden hartu baitu ligak.

Ane Esnalek zortzi partidetan jokatu du eta orotara, 81 minutu egon da kantxan (19 puntu saskiratuta), maila ona erakutsiz. Hain txukun aritu da, Azu Muguruzaren konfiantza irabazi zuela eta Nikki Cardaño baseak baino parte-hartze handiagoa izan duela.

Donostiarra 2020-2021 denboraldian itzuli zen etxera, urtebetez Estatu Batuetako unibertsitate ligan aritu ostean –Eastern Wyoming College taldea, erizaintza ikasketekin uztartuta–. Lehenago ere Ibaeta klubaren dinamikaren barnean jokatutakoa da, bi urtez Nazional mailako Bera Berarekin aritu baitzen.

Beraz, bi denboraldi oso eman ditu IDK Euskotrenen donostiarrak eta orain, behin-behinean bada ere, bideak banandu dituzte.