NAIZ

Lankide batek Eibarren emakume bat bortxatu duela salatu dute

Joan den larunbatean gizon batek bere lankidea den emakume bat bortxatu zuela salatu dute Eibarren; atzo kalea moztu zuten talde feministek. Ostiral honetan, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, eraso guztien kontrako elkarretaratzea egingo dute.

Bortxaketa salatzeko atzo Eibarren egin zuten kale mozketa.
Bortxaketa salatzeko atzo Eibarren egin zuten kale mozketa. (NALUA)

Larunbata goizaldean gizon batek bere lankidea bortxatxu zutela salatzeko mobilizazioa egin zuten atzo Eibarren kalea moztuta, Nalua eta Matraka taldeek jakitera eman dutenez.

«Ez da lehenengo aldia eta ez da azkena izango; sistema heteropatriarkal bortitz batean bizi gara, eta horrek emakumeonganako etenegabeko zapalkuntza eta biolentzia eragiten ditu. Biolentzia hori gainera gehiegitan lankide, lagun, aita, irakasle edo gertukoen aurpegia da», nabarmendu dute.

«Erasotzaileek gehiegitan gertutasun horrek ematen dien aukera erabiltzen dute emakumeak erasotu eta bortxatzeko. Asko dira gainera, gerturasun horretan oinarrituta erabiltzen diren erasotzeko bideak: lagun, lankide edota gertuko emakumeak mozkortu eta aukeratzeko gaitasuna gutxitzeko, insistentzia, erasoak txantxa gisa ikusarazi nahi, nahi baino gehiago hurbiltzea, emakumearen ezetza ikusi eta ulertu nahi ez izatea, gorputza eta ahotsa isilarazi nahia, berriz ere insistentzia, ukituak, gehiegizko hurbiltasuna,...», gaineratu dute.

Eibarren erasotutako emakumearen ausardia nabarmendu dute Nalua eta Matrakako kideek. «Eskerrik asko borroka feministan jarritako konfidantzagatik. Jakin hemen egongo garela gaur eta beti, behar beste laguntza eta babes emateko», adierazi dute.

Ostiral honetan Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela gogoratu dute, «askotan zalantzen jartzen den arren», eta Eibarren jazotakoa horrelako egunak beharrezkoak direla erakusten dutela gaineratu dute.

Gauzak horrela, 19.00etan elkarretaratzea deitu dute eraso guztiak salatzeko. «Nolanahi ere, markatutako egunez haratago, feministok behar den guztietan hartuko ditugu kaleak. Ez gaude prest erasoak oharkabean pasatzeko; egunerokoak ezin du berdin jarraitu bortizki erasotzen gaituzten bitartean», erantsi dute.